Klima aldaketa. Osasun ondorioak

Nola eraiki hiri osasuntsu bat larrialdian

Ingurumenari begira jasangarria den hiri batek onura ekartzen dio gizakiaren osasunari ere. Ondorio horretara heldu dira Patxi Galarraga eta Miren Vives, Projekta Urbes hiri aholkularitza bulegoko kideak.

Miren Vives eta Patxi Galarraga, Zarautzen. GORKA RUBIO / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Kode genetikoa baino askoz garrantzitsuagoa da kode postala, osasunari dagokionez». Horrela hasi du Patxi Galarraga arkitektoak BERRIArekin izan duen solasaldia. «Gure ohiturek asko baldintzatzen dute osasuna, eta ohitura horiek gure ingurunea baldintzatzen dute: ea garraioa daukagun edo ez, berdeguneak dauzkagun...», azaldu du. Miren Vives arkitektoa ere bat dator Galarragarekin; biek egiten dute lan Zarauzko Projekta Urbes hiri aholkularitza bulegoan. Era berean, gure ingurunea geroz eta nabarmenago baldintzatzen du klima larrialdiak, eta alderantziz; gure hirigintza egiteko moduak bultzatu egin dezake klima larrialdia.

Ikusi gehiago:KLIMA LARRIALDIAREN OSASUN LARRITASUNAK

Hiriei gehiago eragingo die larrialdiaren ondorioek herriei baino, bi adituek azaldu dutenez. Hirietan «bero uharteak» sortzen direlako, besteak beste. Hala ere, Vivesek nabarmendu du Euskal Herriko abiapuntua «nahiko ona» dela, hiri gutxi dagoelako, eta herriak ez direlako handiak. Esan duenez, hamabost minutuko hirien kontzeptuaz asko hitz egin da hirigintzaren munduan azken urteetan, osasuna eta jasangarritasuna batzen dituelako: «Hau da, bizitokia, lan lekua, aisialdirako lekua edo ikasketetakoa eskura edukitzea garraio publikoan, oinez edo bizikletan joateko». Euskal Herrian, ordea, kontrako norabidea hartzen ari dela esan du Vivesek: «Gipuzkoan eta Bizkaian, batez ere, herri gehienek betetzen dituzte baldintza horiek, baina azken urteetan hirien eta azpiegitura handien aldeko apustua egin dugu, egitura jasangarriago horren kaltetan».

Ikusi gehiago:«Egiten den politika orotan lehenetsi behar da osasuna»

Hiri eta herrietan erabiltzen den garraio motak ere eragin zuzena dauka planetaren eta gizakiaren osasunean. «Garraiobide osasungarriak sustatu behar dira, eta osasungarriak ez direnei iturria moztu», azaldu du Galarragak. Herbehereetako adibidea jarri du: Amsterdam autoz beteta egon ohi zen, baina 1973an, Petrolioaren krisia deitua hastearekin batera, hirian autoak nabarmen gutxitzeko hautua egin zuten. «Errezetak zaharrak dira, baina borondatea falta da. Autoei trabak jarri behar zaizkie, eta garraio publikoa eta bizikleta sustatu. Eta hori nola egiten da? Bide horiek lehiakorragoak eginez». Hari horri jarraituz, azaldu du garraio jasangarriagoa aukeratzeko «baldintzak» eskaini behar direla: «Zarauztik Bilbora autobus bat badaukat bi euroan, zentroan uzten nauena eta geldialdirik egiten ez duena, ez zait burutik pasatuko autoa hartzea».

Hiriak «zartagin»

Hirien hazteko modua ere gaitzetsi du Vivesek: «Hirien berroneratzea ez denez formularik errazena eta errentagarriena, oraindik ere lurzoru berriak kontsumitzea eta artifizializatzea izaten da joera ohikoena. Baina lurzoru iragazkorrak behar dira beroarekin hiria zartagin bat ez bihurtzeko, eta ura modu natural batean irits dadin lurrera».

Hirigintzan, energiaren kudeaketa ere beste arazo larri bat da, Vivesen aburuz: «Energia aurreztea sustatuko duen plangintza integrala behar da, eraikinetan, garraioan eta jardueretan eragingo duena». Baina neurri horien arlo soziala azaleratu du Galarragak, esaterako beroaren kasuan: «Eragiten dio batez ere etxe txikia daukanari, ondo isolatu gabe daukanari, behar beste errekurtsorik ez daukanari aire girotua jartzeko, edo oporretan joan ezin denari».

Ikusi gehiago:Kezkaren zuztarrak ahantzi gabe

Izan ere, adierazi du klima larrialdiari aurre egin eta osasunean ahalik eta gutxien eragiteko herritarrei «aukerak» bermatu behar zaizkiela: «Urrezko araua da: ohitura osasungarriek errazenak izan behar dute: irisgarriak, eskura daudenak eta merkeak».

Ikusi gehiago:Datorrenari aurrea hartuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.