Nola elikatu hizkuntza hautua

Garikoitz Goikoetxeak nabarmendu du motibazioa giltzarri izango dela euskararen etorkizunerako

Garikoitz Goikoetxea eta Haritz Azurmendi, Jakinek eta UEUk Usurbilen (Gipuzkoa) eginiko jardunaldian. JON URBE / FOKU.
Julen Aperribai.
Usurbil
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
«Erderaz hobeto moldatzen den, inguru erdalduna daukan eta ustez euskararik gabe bizi daitekeen euskaldun batek zergatik egingo du euskaraz?». Egun galdera pertinentea dena hemendik bi hamarkadatara ere izango dela uste du Garikoitz Goikoetxea Uemako teknikariak; are, egungo joerak adierazten duen honetan profil horretara hurbiltzen direnen kopurua areagotzen ari dela. Motibazioa «elikatzea» gakotzat dauka, kontuan hartuta etorkizunean ere euskaraz egitea «hautu kontzientea» izango dela. Jakinek eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak atzoko eta gaurko antolatutako EH2040: demografia, lurraldea, zaintza, hizkuntza jardunaldian euskararen eboluzio posibleaz aritu da Goikoetxea.

Hautua egiteko aukera erdigunean jarri bai, baina aukeraketa hori egiteko baldintzak sortu behar direla nabarmendu zuen Goikoetxeak. Horixe da hizkuntza politikak egun duen «zeregin nagusia», haren ustez. Zehatzago ere aritu zen baldintzak sortzeak esan nahi duenaz: «hizkuntza eskubideak bermatzea», «euskara ikasteko aukerak jartzea», «euskara lasai erabiltzeko eremuak sortzea» eta «euskarari prestigioa eta balioa ematea bizitza publikoan», besteak beste.

Egungo joeretatik abiatuta iritsi zen ondoriootara. Hasteko, gogorarazi zuen euskararen biziberritze prozesuan azken urteotako «apustu nagusiena» ezagutza zabaltzea izan dela, eta horrek eman duela emaitzarik. 1991tik 2016ra bitartean %46 hazi zen euskaraz dakitenen kopurua, 751.400 herritar izateraino. Ezagutza eta gaitasuna bereizi egin zituen, hala ere: «Gauza bat da euskaraz jakitea, eta beste bat euskaraz hitz egiteko zer gaitasun daukagun». Iñaki Iurrebaso soziologoaren planteamenduan oinarrituta, euskaraz hitz egiteko duten erraztasun mailaren arabera banatu zituen herritarrak, eta azaldu zuen euskaraz ulertzeko gai direnen zenbatekoa nabarmen hazi dela —15 puntu—, baina, aldiz, euskaraz erdaraz baino errazago moldatzen den populazioa bere horretan mantendu dela 25 urtetan.

Goikoetxeak azpimarratu zuen hori oso aintzat hartzekoa dela: «Erabileraren azpian dauden faktoreen artean garrantzitsuenetakoa erraztasuna da». Ez bakarra, ordea. Inguruak hizkuntza hautuan duen eragina ere baldintzatzailea dela azaldu zuen, eta horretan ere aldaketa nabarmenak gertatzen ari direla. Esaterako, duela 30 urte euskaldun gehienak hirugarren —euskaldunak %50-80— eta laugarren gune soziolinguistikoetako —euskaldunak %80-100— herrietan bizi ziren, baina egun, berriz, lehen —euskaldunak %0-20— eta bigarren guneetan —euskaldunak %20-50— euskaldun gehiago bizi dela. Datu hori «bi aldeko txanpona» dela zehaztu zuen: aspektu positiboa da eremu erdaldunenetan euskaldun geroz eta gehiago dagoela, eta negatiboa, berriz, euskaldun horien ingurua ez dela, ohikoan, euskalduna izaten. Horrenbestez, gaitasuna eta ingurua «elkar gurutzatzen» diren aldagaiak direla azpimarratu zuen.

Euskararekiko jarrerari ere tentuz erreparatu behar zaio, Uemako teknikariaren arabera. Euskaldunen profila aldatzeaz bat, aldekotasuna ere aldatzen dela erakutsi zuen, eta belaunaldi gazteenetan aldekotasuna txikiagoa dela besteetan baino. Euskararekiko interesean, gainera, belaunaldi beraren eta besteen arteko arrakala oraindik handiagoa da. Belaunaldi horrek datozen urte eta hamarkadetan jarreran zer eboluzio egingo duen aztertzeak euskararen erabileran garrantzia izango duela esan zuen.

Egiturazko aldaketarik ez

Joera horiek kontuan hartuta, ez da harritzekoa erabileran «geldialdia» sumatzea, Goikoetxeak ondorioztatu zuenez: «Ulertzekoa da euskararen erabileran aurrerapauso handiagoak ez ematea, dauzkagun egiturazko baldintzek, azkenean, horretara eramaten gaituztelako». Datuek eta joerek ez dute aurreikusten, gainera, ezagutzan igoera esanguratsurik. Eusko Jaurlaritzak 2036rako egindako prospektiban oinarrituta, aurreikuspen bat ere egin zuen: urte horretarako, ezagutza %35en bueltan egongo da, eta erabilera, ondorioz, beherago.

Berea bezperako hitzartzeekin lotuz, joera demografikoak ere aipatu zituen Goikoetxeak, eta hiru nabarmendu zituen: biztanleriaren hazkundearen oinarria migrazioa izango dela, zahartze tasa handiagoa izango dela eta jaiotze tasa «migratzaileen ekarpenari esker» mantenduko dela. Horri guztiari «hizkuntzaren betaurrekoekin» ere erreparatu behar zaiola zehaztu zuen.

Aipatutako joeretan eragiteko, zenbait «lantegi garrantzitsu» nabarmendu zituen Goikoetxeak. Batetik, euskararen transmisioa sarritan «emantzat» jotzen dela esan zuen, baina ohartarazi hiztunen soslaia aldatu ahala horretan ere bariazioak daudela.

Halaber, migrazioaren eragina dagoeneko faktore garrantzitsua dela gogorarazi zuen berriz. Herri euskaldunenetan jaiotzen diren haurren laurdena edo bostena jatorri atzerritarreko familietan jaiotzen dela zehaztu zuen. Alde horretatik, harrerarekin lotuta zer hausnartua badagoela esan zuen. Euskarak aldaketa teknologikoen inpaktua nozituko duela ere iragarri zuen, onerako eta txarrerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.