Bertan dira Eusko Legebiltzarrerako bozak, irailaren 25ean, ostiralean Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak iragarri bezala. Nola daude alderdiak? Nola gera daitezke?
EAJ
EAJ sendo dago instituzionalki eta hauteskunde emaitza aldetik. Ia beti bezala. Gainera, normalez, Eusko Legebiltzarrerakoak dira haren hauteskundeak. Arraroa litzateke hura ez izatea irailean lehen indarra, nahiz eta legealdirako agindutakoak gabeziak dituen. Urkulluk 2012ko kanpainan eta gobernu programan hiru lehentasun finkatu zituen: ekonomia, bakegintza eta bizikidetza, eta EAEko autogobernua. Programako «%90» bete arren—Urkulluk esana—, ardatzetan ez dute aurrerapen handirik egin. Krisi ekonomikoak gogor jarraitzen du —langabezia, murrizketak...—. Legebiltzarrean, Bake Lantaldea ez dute abiatu, eta bizikidetzan, ekinbide batzuk onartuta ere, batik bat gizartean eman da aurrerapausoa. Eta, autogobernuaren atalean, Jaurlaritzak ez dio modu ausartean egin aurre Madrilen judizializazioari eta birzentralizazioari, handik ez du eskumenik lortu, eta agindutako «estatus» politiko berriaren testu artikulaturik ez dago, eta, beraz, galdeketarik ez da izan.
Baina iritzi publikoaren pertzepzioa da hemen Espainian baino hobeto bizi dela jendea, eta hori da EAJren helduleku nagusietakoa. Hala, lau haizeetara zabaldu dute Eustaten azken datua: giza garapenean EAEkoa dela munduan zortzigarren adierazlerik onena. Euskal Herrian prozesu subiranistarik ez egoteak politikagintza ez duenez baldintzatu, Urkulluri bozetarako ondo datozkio EAJk nabarmentzen dituen egonkortasunaren eta konfiantzaren mezuak. Duela lau urte 27 aulki eskuratu zituzten —botoen %34,6—; orain, ziurtzat jotzen dituzte gutxienez 24. Baina asko begiratuko diete PSEren emaitzei eta EH Bildu-Elkarrekin Ahal Dugu baturari.
Duela lau urteko hitzorduaren aldean, bada aldaketa esanguratsu bat orain: orduko hartan, EAJren aldarria izan zen Jaurlaritza berreskuratu beharra zuela, gobernuak ezin zuela egon PSEren eta, zeharka, PPren esku. Mobilizaziorako mezua zen, sentimenduak dantzan jartzeko.
EH BILDU
EH Bilduk Arnaldo Otegi dauka. Espainiako azken bi hauteskundeetako kolpeetatik altxatzen hasteko itxaropena eta indarra eman dio Otegik. Baina unionista batzuek haren hautagaitzaren aurkako helegitea aurkeztuko dute, Bateragune auziko inhabilitazio zigor interpretatiboa baliatuta.
Otegik garrantzi handia ematen dio sinesgarritasunaren balioari, eta koalizioak uste du hark hortik asko duela eta gizarteak ikusten duela hori, batik bat ezker abertzalearen estrategia aldaketa sinbolizatzen duelako. Baina jadanik bost urte pasatu dira ETAk jarduera armatua utzi zuenetik, eta gizartea eta gaitegia aldatuz doaz, azkar gainera, gatazkaren ondorioak oraindik hor diren arren. Euskal presoenari heltzeaz gain, Otegik bi erreskate egin nahi ditu: nazionala —subiranotasuna— eta soziala. Mantaren adibidearekin topa daitezke: bularraldera eramanez gero, hankak airean; eta alderantziz. Oreka topatu behar.
Babes txikiagoa jasota ere, duela lau urte bezala bigarren geratzea ontzat joko luke EH Bildu koalizioak —orduan: botoen %25, 21 aulki—.
PSE-EE
%19,1 eta 16 eserleku lortu zituen 2012an PSE-EEk, Patxi Lopez jarduneko lehendakaria zuela hautagai. Asko jaitsi ziren 2009tik —%30,7, 25 aulki—. Orain, berriro behera egingo dutela dirudi, Ahal Dugu efektuagatik eta. PSE herritarren babesa galtzen ari den arren, EAEko erakunde nagusietan dago, EAJrekin egindako itunari esker. Idoia Mendia aterako du lehendakarigai; euskararen berreskurapenerako diskurtso ulertezin bat erabiltzen ari den euskaldun bat. Espazio erdaldunean arrantza egin nahiko du, eustearren. Baina bozen ostean berriz ere EAJk bota diezaioke esku bat.
PP
Ofizialki oraindik ez du lehendakarigairik. Bihar jakinaraz dezake Alfonso Alonso EAEko PPko presidenteak bera izango dela hautagaia. Beheraka doan beste indar unionista bat da PP: 2001ean 19 aulki, 2005ean 15, 2009an 13, 2012an 10 —%11,7—. Irailean horren azpitik ibiliko da, seguruenik. Baina Patxi Lopezen garaian bezala, erabakigarria izan daiteke inbestidurarako, betiere EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu gehiago badira EAJ eta PSE baino. EBB hor sartzen bada, gauza onik ez estatus politiko berrirako eta gatazkaren ondorioetarako.
ELKARREKIN AHAL DUGU
Ahal Dugu-k bihar iragarriko du zein duen lehendakarigai —Pili Zabala?—, eta ondoren ikusiko beharko da Elkarrekin Ahal Dugu koalizioa osatuko duen Ezker Anitzarekin eta Equorekin; baietz ematen du. Indartsu sartuko da Eusko Legebiltzarrean. Baina zenbat aulkirekin? Espainiako azken bi bozetan %29ko babesa izan du EAEn —abenduan, Ahal Dugu-ren eta IU-UPren emaitzak batuta—; lehen indarra botoetan, eta ekainean, diputatuetan ere bai. Iaz Batzar Nagusietako hauteskundeetan, Irabaziren eta Ahal Dugu-ren batura %16,6koa izan zen. Katalunian, En Comu Podemi hango bozetarako %16,7ko emaitza eman berri dio inkesta batek; hain zuzen, iazko autonomikoetako eta Espainiako azken bi bozetako emaitzetako tarteko kopurua. EAEn ariketa hori eginda, datua %22,8koa litzateke Elkarrekin Ahal Dugu-rentzat; 18-19 aulki. Horrek esan nahiko luke EH Bildu 13-14an legokeela, eta harritzekoa litzateke hain gutxi ateratzea. Logikoagoa izan ahal da biak parekatuago ibiliko direla esatea; batura, 32-33koa izanda. Baina dena dago ikusteko.
BESTERIK
Besteen artean legebiltzarkideren bat lortzekotan, Ciudadanosentzat litzateke hori. Araban du aukera, UPDri lekukoa hartuta. Ez luke Eusko Legebiltzarreko martxa baldintzatuko.
Nola daude indarrak bozen atarian?
Legealdiko lehentasunak bete ez arren, EAJ sendo ageri da. Otegi eta Ahal Dugu efektuak, jokoan; batura, ikusgai. PSE eta PP, beheraka, baina izan dezakete zeresanik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu