Nola daude haurrak?

Ikasturtea amaitzear da, eta uste baino hobeto joan dela diote gehienek. COVID-19aren transmisioari begira hala izan dela onartuta ere, haurren bueltan aritzen direnek azaldu dute osasuna modu zabalagoan ulertu behar dela

jarraia199377.jpg
Miren Garate.
2021eko ekainaren 19a
11:39
Entzun

Konfinamenduan, batere aukerarik ez zuten izan etxetik irteteko; ikastetxeetan burbuilak errespetatu behar izan dituzte; 6 urtetik gorakoek maskara erabili behar dute etxetik kanpo ia une oro; etxean ere egoera gogorrak tokatu zaizkie batzuei. COVID-19aren pandemiak bete-betean eragin die haurrei ere, eta guztia hasi zenetik urtebete baino gehiago pasatu den honetan, haurrak nola ikusten dituzten galdetu die Gipuzkoako Hitza-k haien gertukoei.

OIHANA TORREALDEA
Haurrak Ere Bai taldeko kidea

“6 urteko bati eta 40 urteko bati ezin zaizkio neurri berberak jarri”
Haurtzaroaren egoera “nahiko prekarioa” dela iritzita, iazko martxoan sortu zuten Haurrak Ere Bai taldea guraso batzuek. Konfinamendu betean eta whatsappez sortu zuten, baina etorkizunean ere lanean jarraitzeko asmoz. Haurrak edozertara moldatzen diren arren, Oihana Torrealdea Haurrak Ere Baiko kideak uste du haien errealitatea “ahalik eta egokiena izateko ardura” dutela gurasoek. Azaldu du umeak ez dituztela ondo ikusten, eta esan du batez ere 6 urtetik aurrerakoek “tokatzen ez zaizkien ardurak” hartu behar izan dituztela: maskara ondo jarrita izatea, lagunengana asko ez hurbiltzea… “Horrek guztiak antsietate eta estres puntu bat ekarri die, eta tristura ere bai. Umeek beldurra hartu diote harremantzeari”.Ez daude ados azken hilabeteotan hartutako hainbat neurrirekin. Besteak beste, 12 urtera arte maskara derrigorrezkoa ez izatea eskatzen du Haurrak Ere Baik: “6 urteko bati eta 40 urteko bati ezin dizkiegu jarri neurri berberak modu berberean. Ezin zaie gauza bera eskatu; ekitatea behar da, garapenerako behar ezberdinak ditugulako”. Aurtengo ikasturtea ondo joan denik ere ez luke esango: “COVIDaren transmisioari dagokionez ez da hondamendirik izan, baina Haur Hezkuntzan ere ez, eta han maskararik gabe ibili dira. Eta beste guztia, zer? Transmisioa ekiditea da osasuna?”.

Espainiako Pediatra Elkarteak emandako datuak aipatu ditu: elkarteak jakinarazi du, besteak beste, larrialdi psikiatrikoak %50 handitu direla eta elikadura portaeren nahasmenduak bikoiztu egin direla. “Hori da ondo joatea? Osasuna modu integralean ulertzen dugu guk, alde fisikoa, burukoa eta soziala kontuan hartuta”.

Ez diote zentzurik ikusten datorren ikasturteari begira ere aurtengo antzeko planteamenduak egiteari. Irakasle gehienak txertatuta daudela esan du, eta ikusi dela haurrak ez direla hain kutsatzaileak, eta gaixotuz gero ere sintoma arinekin pasatzen dutela gaitza. “Zein da neurri hain zorrotzak mantentzeko arrazoia?”. Bestelako proposamen batzuk jarri ditu mahai gainean Haurrak Ere Baik: besteak beste, ratioak murriztea.

PROTOKOLOA

TXUSMA AZKONA
Oinherriko kidea
“Oso leku gutxitan eman zaie hitza haurrei eta nerabeei”

Haurren artean nekea igartzen dute Oinherri herri hezitzaileen sareko kideek. Txusma Azkonaren esanetan, ikasturte hasierako egoera eta oraingoa ez dira berdinak. “Alaitasun handiz” hasi ziren irailean, hilabeteak zeramatzatelako elkar ikusi gabe, eta jarri zitzaizkien neurriak —maskara, burbuilak eta abar— errazago eramaten lagundu zuen horrek. “Baina luze doaz hilabeteak, eta ez dago aldaketarik. Neurriak batzuetan zorrotzegiak dira, eta nekea, egonezina, lo egiteko arazoak eta beste arazo batzuk ikusten dira”.

Horrekin batera, nabarmendu du haurrei ez zaiela galdetzen nola ikusten duten egoera, zer egingo luketen beste era batera edo beren hitza nola entzutea nahiko luketen: “Urte osoa pasatu da, eta oso leku gutxitan eta oso esperientzia gutxitan eman zaie hitza haurrei eta nerabeei”. Azaldu du ez duela asko balio ume asko elkartu eta galdetegi bat pasatzeak: “Elkarrizketa arrunten bidez, ordea, oso erraz ateratzen dira beren beharrak. Eta, behin hitza entzunda, askoz hobeto kokatzen duzu zeure burua erabakiak hartzeko garaian”.

Gogorarazi du pandemiaren hasieran haurrei kutsatzaile handiak izatea leporatu zitzaiela, eta etxetik ateratzea ere galarazita izan zutela. “Kriminalizatu egin ziren haurrak, eta orain gauza bera egiten ari dira nerabeekin”. Hezkuntza arloan ere uste du “batzuk” eroso sentitu direla gaur egungo egoeran: “Ordutegi zorrotzak, haurrek ezin mugitu alde batetik bestera… Baina norentzat joan da ondo ikasturtea? Haurrentzat ondo joan al da?”. Eskolaz kanpoko jardueretan ere eskolako antzeko joera ikusi dute: “Aisialdia zenbat eta libreagoa izan, orduan eta arrakasta handiagoa izan du, eta zenbat eta zorrotzagoa izan, orduan eta neke handiagoa igarri da”.

Datorren ikasturteari begira, hainbat gauza aldatzeko premia ikusten du Azkonak: “Zentzurik gabeko arau asko ikusi ditugu”. Adibide bat aipatu du: ikastetxe barruan elkarrekin harremantzeko aukerarik ez ematea haurrei, eta eskolako atea zeharkatu bezain pronto elkartzea. Zenbait gertaerak, gainera, aldaketa premia hori areagotu egiten du, aipatu duenez: esate baterako, euskararen erabilerak izan duen atzerakadak eta haurrek pantaila aurrean igarotzen duten denborak. “Gehiago hurbildu behar dugu gure arteko harremanetara, naturara…”. Uste du orain arte datorren ikasturtera begira iragarri diren neurriek “noraeza” erakusten dutela. “Eta izugarria da horrek sortzen duen segurtasun falta”.

HEZKUNTZA

NEKANE ZALBIDE
Marea Urdina elkarteko kidea
“Desgaitasunak dituzten umeekin kontziliazioa oso zaila da pandemian”

Aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioa lortzeko helburua du Marea Urdinak. Nekane Zalbide elkarteko kideak azaldu du pandemiaren eraginez desgaitasunak dituzten haur askok beren terapiak, kirolak eta abar galdu egin dituztela, eta, urtebete pasatu den arren, horietako asko oraindik ez dituztela berreskuratu: “Eta gure umeen oinarri handia dira terapiak. Monumentu bat merezi dute haurrek, asko galdu baitute”.

Osasun fisikoari asko begiratzen zaion arren, uste du arazo psikologiko asko ekarriko dituela koronabirusaren pandemiak. “Gehiago begiratu behar zaio alde horri. Nire sentsazioa da zaintza psikologiko bat behar zutenak bigarren postu batean bezala egon direla”. Geroari begira, kezka bat aipatu du: “Ez dakit ari diren erregistratzen edo idazten zer gertatu den, zer ondorio izan dituen. Galdetu egin behar zaio jendeari, hurrengorako zer ekidin jakiteko”.

Haur askori tokatu zaie ikasturteko uneren batean konfinatuta egon beharra. Ia guraso guztientzat izan da buruhauste bat hori, baina desgaitasunak dituzten haurren gurasoentzat, are gehiago: “Bi gurasoak lanean egonda, ezgaitasunak dituzten umeekin kontziliazioa oso zaila da pandemian. Norekin utzi? Batzuek, agian, izango dute lanera ez joateko aukera, baina beste askok ez”. Esan du pandemiak handitu egin dituela lehen ere hor zeuden hainbat gabezia, eta, datorren ikasturteari begira, batik bat, baliabideak eskatu ditu: “Eskolek badakite zer behar dauden, eta behar horiek aztertu behar dira, ume denek izan ditzaten beharrezko baliabideak”. Hezkuntzan inbertitzeko eskatu die agintariei.

Neurri batean “ahaztuak” sentitu direla esan du Zalbidek; esate baterako, protokoloak eta abar egiten direnean, behar bereziak dituzten pertsonak ez direlako kontuan hartzen. “Horregatik esaten dut oso garrantzitsua dela gauzak erregistratuta izatea, beti gu ibili beharrean borrokan behar bereziak dituzten familien egoera ere kontuan hartzeko”.

ALVARO BEÑARAN
Psikomotrizista eta pedagogoa
“Haurrek errealitatea helduen bidez jasotzen dute neurri handi batean”

Haurren egoera azaltzeko, helduei erreparatzea ere ezinbestekoa dela uste du Alvaro Beñaran psikomotrizista eta pedagogoak. “Konfinamenduak, maskarak, murrizketek eta abarrek, noski, zuzenean eragiten diete, baina haurrek, bereziki txikiak baldin badira, errealitatea helduen bidez jasotzen dute, neurri handi batean”. Horregatik, zaintzen dituzten helduak beldurrez, tentsioan, urduri edo haserre sumatzen badituzte, haurrak ere arriskuan sentitzen dira, azaldu duenez: “Helduok kudeatu behar ditugu gure emozioak, haurrek beraienak kudeatzeko”.

Helduei testuinguru bat sortzea dagokiela dio, eta testuinguru hori nahiko segurua eta atsegina bada, haiei dagokiena egiteko moduan izango direla haurrak. Horri lotuta, konfinamenduaren hasiera ekarri du gogora. Haurrak entretenitzeko proposamenak erruz zabaldu ziren, eta lehen egunetan helduak buru-belarri saiatu ziren horretan. “Gero ikusi zuten noizbehinka entretenitu behar zirela haurrak, baina haur horiek bazutela gauzak egiteko gaitasuna”.

Haurrek egoera “nahiko ondo” eraman dutela uste du, egokitu egin direla. Beñaranen esanetan, “harremanak” dira garrantzitsuena, eta horiek mantentzen badira, ez dira hain gaizki egongo. Alabaina, ikusten du arrisku bat: sozializazioaren aurkako joerak indartzekoa, besteak arriskutsutzat, kutsagarritzat eta abar hartzekoa. “Jendeari entzuten zaio: ‘zer ondo ni nire etxean, nire jendearekin…’. Norbere burbuilan egotea erraza da; kanpoan egoteak, desberdinekin egoteak, ahalegin bat eskatzen du, baina pena litzateke halako joerek indarra hartzea”. Kalean jende asko ikustera ere ohitu egin beharko dugula uste du, asko garelako eta ez delako komeni gizartea gure bizitzan oztopotzat hartzea.

Pantailek eta teknologiak giza harremanak ordezkatzea da Beñaranek ikusten duen beste arriskuetako bat. Azaldu du gurasoek oso txikitatik uzten dituztela haurrak pantailen aurrean, artean horretarako tresna egokirik ez dutenean. Eta gaineratu du pandemiak areagotu egin duela joera hori. “Adinarekin defentsa handiagoak ditugu errealitatea eta pantaila aurrean duguna bereizteko, baina haur txikiek ez dute hainbesteko gaitasunik”.

Modu egokian erabiliz gero, teknologia “onuragarria” izan daitekeela zehaztu du, baina ez zaio komenigarria iruditzen helduen eta haurren arteko harremanak ordezkatzeko erabiltzea. “Pena da helduek bideratzea haurrak pantailetara. Giza harremanak galtzea dakar horrek, komunikazioa galtzea. Helduok saiatu behar dugu haurrak harremanen bidez bideratzen”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.