Nola blindatu hizkuntza eskakizunak administrazioan?

Txillardegi Gogoeta Guneak eta Euskalgintzaren Kontseiluak antolatuta, euskararen aurkako oldarraldiari aurre egiteko proposamenak aletuko dituzte hiru adituk Martin Ugalde kultur parkean. BERRIAk zuzenean emango du.

Ion Orzaiz.
2024ko martxoaren 14a
11:00
Entzun

Zer gertatzen ari da hizkuntza eskakizunen aurkako azken epaiekin? Nola babestu daitezke tokiko edo herrialdeetako administrazioetako euskara plangintzak, epaileek ez ditzaten bertan behera utzi? Zer ari dira egiten beste hizkuntza komunitate batzuetan? Ba al da modurik euskara esparru juridikoan blindatzeko? Galdera horiei guztiei erantzuna emate aldera, «hausnarketa jardunaldia» antolatu dute Txillardegi Gogoeta Guneak eta Euskalgintzaren Kontseiluak, elkarlanean. Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean izanen da (Gipuzkoa), bihar, 10:00etan.

Hiru legelari ariko dira biharko saioan, eta, jardunaldien antolatzaileek ohar batean azaldu dutenez, hirurek ala hirurek proposamenak eginen dituzte «hizkuntza eskakizunen legezkotasuna blindatzeko» eta euskararen erabilera normalizatzeko prozedurei «segurtasun juridikoa emateko». Alde batetik, Katalunian eta Galizian funtzio publikoa arautzen duten legediez solastatuko dira Eva Pons i Perera Bartzelonako Unibertsitateko Zuzenbide doktorea eta Konstituzio Zuzenbideko eta Filosofia Politikoko irakaslea eta Carlos Alberto Amoedo Souto Coruñako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedraduna.

Antolatzaileen esanetan, hizkuntza eskakizunei buruzko epai berriek «agerian utzi dute toki administrazioetako, foru administrazioetako eta autonomia erkidegoetako herri administrazioetako hizkuntza plangintzaren ereduaren oinarri diren arau oinarrien ahultasuna, eta Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen dekretuak ez du arazoa konpontzen». Lehen mahai inguru horren ostean, Iñigo Urrutia Libarona EHUko Administrazio Zuzenbideko irakasle agregatuak hartuko du hitza, eta «EAEn pairatzen ari den higadurari legegintzatik erantzuteko premiazko neurri zehatzak proposatuko ditu eztabaidarako».

Mintegian izena emateko aukera zabalik da oraindik. Horretarako, mezu bat bidali behar da [email protected] helbidera. Edonola ere, BERRIAk streaming bidez emango ditu jardunaldiak, bere Youtube kanalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.