Nola biziberritu euskararen ekosistema, hala ikasgela barruan nola kanpoan

D ereduko ikastetxe publikoen topaketak egin ditu NIZE elkarteak Iruñean. 2025-2026ko ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina aurkeztu dute: 'Argi izan'.

Nafarroako D Ereduko Ikastetxeen I. Topaketak, NIZEk antolatuak. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako D Ereduko Ikastetxeen I. Topaketak, NIZEk antolatuak. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko otsailaren 20a
16:30
Entzun

«Ikasgelatik aterata, erdaraz aritzen dira gazteak», «jolastokian gaztelania aditzen da nagusiki», «kulturako eta aisialdiko euskarazko eskaintza oso murritza da»... Sarritan aditzen dira gisa horretako esaldiak Euskal Herriko hezkuntza komunitateetan. Haur eta gazteen artean euskararen ezagutzak gora egin arren, ikasgelatik kanpoko erabilera apala izateak ezinegona eragiten du. Komunikazio esparru horietan eragiteko xedez, D Ereduko Ikastetxe Publikoen I. Topaketak egin dituzte gaur Iruñeko San Frantzisko eskolan. NIZE Nafarroako D ereduko Ikastetxe Publikoetako Zuzendarien Elkarteak antolatu ditu jardunaldiak, eta zenbait adituk parte hartu dute.

«Ikasleek zergatik ez dute euskaraz gehiago egiten?». Galdera horren inguruan ardaztu du bere hitzaldia Rosa Ramos soziolinguista eta euskara teknikariak, Ikasleen ekosistema komunikatiboan esku hartzeko aukerak izenburupean. «Pipiek jana dugu haur eta gazteen komunikazio ekosistema», laburbildu du. Eskolan euskara —eta euskaraz— ikasteaz gain, Ramosek beharrezkotzat jo du beste faktore batzuk ere lantzea: ahozkotasuna, kultur transmisioa, hizkuntzarekiko atxikimendua, ikasgela babesgune izatea... «Askotan, arazoa identifikatzeko garaian, azalekoari bakarrik begiratzen diogu: ikasleek ez dutela euskara erabiltzen, ez dutela nahikoa ikasten... Falta zaigu apur bat sakonago begiratzea, zergatien geruzari».

Ramosek argi du, auziari «perspektiba apur batekin» begiratuta, balitekeela irakaskuntzaren profesionalek «bertigoa» sentitzea: «Lan handia dugu egiteko, eta horrek itomena sor dezake, baina nik irakasleei beti esaten diet gauza asko egin direla dagoeneko, eta ondo, gainera». Azkenaldian «alarma gorri batzuk» piztu diren arren, uste du ikasgela bera izan daitekeela konponbidearen abiapuntu: «Gauza asko egin litezke ikastetxean, eta horietako bat zera da, orain duen baino askoz garrantzi handiagoa ematea ahozkotasunari». Izan ere, soziolinguistaren irudiko, haurrek nekez erabiliko dute euskara erraz baldin eta aurretik ez badituzte «ahozkotasuna eta hizkuntzaren bat-batekotasuna» garatzen.

Euskal kulturaren transmisioari ere erreparatu dio. Ramosen esanetan, transmisio hori ezin da egin «garaiaren arabera, tokatzen delako soilik: inauterietan, Gabonetan...». Hori egin ordez ikasleen egunerokoari erreparatzea galdegin du, «euskara erredundantea izan ez dadin». Euskararentzako «toki seguru bat» izan behar du ikasgelak, gainera: «Gizartean dauden tentsioak eta euskararen prestigio falta ikasgelaraino iristen dira, eta haurrek nabaritzen dituzte; halakoak prebenitzeko, lanketa bat egin behar da, egin ezazue euskaraz esateaz gain».

Soziolinguistak uste du irakasleek asko egin dezaketela ikasgelaren esparruan ere: «Are gehiago era koordinatuan egiten badu, eskolako beste profesionalekin batera. Adibidez, irakasle guztiek erantzun bateratu bat adostea ikasleak erdaraz hasten direnerako: nola erantzunen diegu? Zer jarrera izanen dugu halakoetan?». Eta NIZEren pareko elkarteen barruan beste hamaika aukera ere badaudela gaineratu du Ramosek: «Plan pilotuak egin litezke, arazoak familiekin landu...».

Normalizazio plana

Lehen hitzaldiaren ostean, Euskara Normalizatzeko Plana aurkeztu du Sortzen elkarteko Iñigo Otxoak. «Autokritikatik abiatuta, elkarlana sustatzeko» deia egin die bertaratuei, eta euskararen erabileraren sustapenean «itsasargi» izateko beharra azpimarratu: «Guk egiten ez badugu, ez du beste inork eginen».

Zizurko gazteen (Nafarroa) hizkuntza ohiturei buruz mintzatu da Alfredo Dufur Euskara teknikaria, oinarritzat hartuta Soziolinguistika Klusterraren ikerketa bat. D ereduko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleen artean egin dute inkesta. Dufurrek esplikatu du, besteak beste, D ereduko ikasleen %56,7rentzat gaztelania dela lehen hizkuntza, gazteen %32,6 gaztelaniaz bezain ongi moldatzen direla euskaraz, eta %8,7k soilik dutela erraztasun handiagoa euskaraz.

DBHko 2. mailan, are nabarmenagoa da gaztelaniaren alderako lerratzea: maila horretako ikasleen %81ek gaztelania dute lehen hizkuntza. Erabilerari buruz ere eman ditu datu batzuk: Zizurko D ereduko ikasleen artean, hamarretik bederatzik egiten dute euskaraz irakaslearekin eskola barruan, baina ehuneko hori %22koa da ikasgelatik kanpo, solaskideak ikaskideak direnean.

'ARGI IZAN', D EREDUAREN ALDEKO KANPAINA

Iruñeko San Frantzisko ikastetxean eginiko topaketen barruan, 2025-2026ko ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina ere aurkeztu du NIZE Nafarroako D ereduko Ikastetxe Publikoetako Zuzendarien Elkarteak. Martxoaren 17an hasi, eta martxoaren 21ean bukatuko da Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan izena emateko epea, eta NIZEk herrialdeko familia guztiei dei egin die, seme-alabak euskarazko eredu publikoan matrikula ditzaten, «berritzailea, denona, publikoa, hurbila eta inklusiboa baita». Iruñeko Hegoalde Ikastola zentro publikoko zuzendari Josu Izalek eta Antsoaingo Ezkaba ikastetxe publikoko zuzendari Jaione Altunak eman dute kanpainaren berri. 

Nafarroako 61 ikastetxek osatzen dute NIZE, eta denen artean, 12.000 ikasletik gora dituzte. Izalen esanetan, D eredu publikoa da «euskaraz hezteko eta euskal kultura txertatzeko aukera herritar guztiei bermatzen dien bakarra». D ereduaren «gertutasuna, kalitatea eta eskaintza zabala» nabarmendu dituzte, gainera. Kanpainaren bideoetan, euskarazko eredu publikoaren aldeko testigantzak bildu dituzte: besteak beste, Saioa Alkaiza bertsolariarena, Jagoba Arrasate futbol entrenatzailearena eta bi gurasorena: Majda Dyian Alimmouch (Elizondo) eta Iñigo Lerga (Mendigorria).

NIZEren aurrematrikulazio kanpainaren aurkezpena
Josu Izal eta Jaione Altuna, gaur, NIZEk antolatutako topaketetan. IÑIGO URIZ / FOKU

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.