Egungo demokrazia ereduek jardun politikotik aldendu dituzte herritarrak. Diagnosi berbera egin dute Australiako Canberrako Unibertsitatean egindako ikerketetan, Erresuma Batuko Londresko Unibertsitatean eta Euskal Herrian Arantzazulab-ek egindako ikerketetan. «Hori ez da kasualitatea», Nicole Curato Canberrako Unibertsitateko ikerlariak atzo azaldu zuenez. Erresistentzia eta gune berriak eratzea proposatu zuen, lankidetzazko gobernantzaren bidez demokrazia deliberatiboetan sakontzeko. Utopia bat ere izan litekeela esan zuen, «baina aspirazio politiko erreala da».
Anbizioa eta helduleku berriak arakatu eta esperimentatzeko grina arnasten zen atzo, Bilboko Euskalduna jauregian, Arantzazulab-ek antolatutako jardunaldietan. Demokraziaren berrikuntza izenburupean, bihar arte gogoetan sakontzen segituko dute, eta laborategiak azken lau urteetan egindako ikerkuntzak nazioarteko hainbat aditurekin partekatuko dituzte.
Ez dela kasualitatea zioen Curatok, eta eremu publikoaren muturreko pribatizazioaren argazkia egin zuen, Ellon Musken eta plataforma digitaletako beste hainbat bururen irudiak erakutsiz. Giannis Varufakis Greziako ekonomia ministro ohiak gaur egungo egoera definitzeko erabiltzen duen terminoarekin bat egin zuen. Teknofeudalismoan gaudelakoan dago. Haren arabera, plataforma digitaletako buruek ezer ekoitzi gabe poltsikoratzen dute errenta, jauntxo feudalek egiten zuten bezalaxe. Eta guztiokin egiten dute hori, baita plataformetan gauzak saltzen dituzten kapitalistekin ere. Datu bat eman zuen: Canberrako Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, Australian emakumeen %72k saihestu egiten dituzte albistegiak, eta ez dute eztabaida politikoetan parte hartu nahi. «Beraz, emakumeak politikatik bota egiten dira, eta gero ez dira islatzen emakumeen beharrak politiketan». Arantzulab-ek egindako beste ikerketa bat aipatu zuen: %88ek uste dute demokrazia sistema ona dela, baina %67ek uste dute ez dutela parte hartzeko aukerarik.
«Arriskua ikusten dut demokrazia deliberatiboen prozesua Europan geratzeko, eta eskatu nahi nuke Europatik kanpoko egoerak ere aintzat hartzeko diseinuan»
NICOLE CURATOCanberrako Unibertsitateko ikerlaria
«Ez da giro!»
Herritarrek, horrenbestez, galdu egiten dute gobernuen eta politikaren inguruko interesa; «hori ez da kasualitatea», erantsi zuen, propio sortu duten giro baten ondorio baizik. Debate publikoa dagoen bezala egonda, «ez da giro!», esan zuen, ulerbera agertuz desafekzioarekin. Baina propositibo ere agertu zen. Uste du demokrazia deliberatiboak ematen dituela aukerak herritarrengana iristeko. Bi proposamen egin zituen: «teknofeudalismoak» herritarren deshumanizazioan sakondu duela uste du, eta horri aurre egitera deitu zuen. «Erresistentzia erakutsi behar zaio deshumanizazioari». Eta lehenarekin lotuta, bigarren proposamena: espazioak sortu behar dira. Baina ez edonola. Dekolonitatearen ideia garatu zuen, eta, emaitza inklusiboetarako, parte hartze prozesuetara iristen ez direnen ahotsak bermatzeko moduak jorratzeko eskatu zuen. Horretarako modu bat izan liteke ausaz hautatutako herritarren batzarrak antolatzea. Helburua da botere harremanek sortzen dituzten arrakalak saihestea, zeren kezka bat badu: «Arriskua ikusten dut demokrazia deliberatiboen prozesua Europan geratzeko, eta halako prozesuak diseinatzen dituztenei eskatu nahi nieke Europatik kanpoko egoerak ere aintzat hartzeko diseinuan. Euskal Herriarentzat ona dena Kongorako ere ona al da?».
Halako prozesuak diseinatzen ibiltzen da Lucy Kimbell Londresko Arte Unibertsitateko ikerlaria. Eta sakondu egin zuen Curatoren proposamenean. Prozesu deliberatiboak martxan jartzean aintzat hartu beharreko aldagai batzuk aletu zituen, adibide batzuen bidez. Prozesu horiek zuzentzen zaizkion komunitateari begira hizkuntza mota, gune sinbolikoak eta kideen integrazioa bilatuko dituzten diseinuetan emankorragoak izan dira emaitzak, azaldu zuenez.
Ikerketa baten ondorioekin bukatu nahi izan zuen hitzaldia. Pasarte bat aipatu zuen. Hainbat suhiltzaile sute bat itzaltzera joan ziren, tresna pisutsuak soinean hartuta. Suak gaina hartu zien. Tresna pisutsuak utzi eta ihes egin beharrean, tresna pisutsuekin alde egiten saiatu ziren, eta erre egin ziren. Galderekin itxi zuen hitzaldia. «Krisi batean, zerk eramaten gaitu tresna astun horiek uztera?». Erakundeak eta alderdi politikoak «tresna astunen mende» daudelakoan dago. «Zerk eramango gaitu soinean daramatzagun tresna astunak uztera zerbait berria egiteko? Desikastera eta gauza berriak ikastera?».
«Zerk eramango gaitu soinean daramatzagun tresna astunak uztera zerbait berria egiteko?»
LUCY KIMBELLLondresko Arte Unibertsitateko ikerlaria
Arantzazulab bada laborategi bat halakoak esperimentatzeko. Badu bokazio hori, Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiaren esanetan. «Estrategia deliberatiboagoak behar ditugu, eta gogoeta partekatuetarako gune bat eraiki nahi dugu». Giltzarritzat jo zituen jardunaldiak, fundazioarentzat jauzi bat direlako. «Laborategi bat da, demokrazian sakontzeko eta modu berritzaileak esperimentatzeko; hori dena, Euskal Herriko balioekin konektatuta».
«Batu indarrak, herritarren eta erakundeen arteko harremanak berriz pentsatu eta martxan jar ditzagun lankidetzazko gobernuen bidez»
NAIARA GOIAArantzazulab-eko zuzendari nagusia
Jardunaldiaren hasieran izan ziren Markel Olano, EAJko legebiltzarkidea eta Pello Otxandiano EH BIldukoa, besteak beste. Akademiako zenbait ikerlari eta ikasle eta bertan izan ziren. Sarrera hitzaldian, mezu bat utzi nahi izan zuen: «Batu indarrak, herritarren eta erakundeen arteko harremanak berriz pentsatu eta martxan jar ditzagun lankidetzazko gobernuen bidez».