Gatazkak eta azal berrituak
MARI LUZ ESTEBAN (Pedrosa de Valdeporres, Espainia, 1959). Antropologoa eta aktibista feminista, irakasle eta ikertzailea da EHUn. Idazlea ere bada: orain arteko azken lana du 'Andrezaharraren manifestua' poema liburua.
Ideia osatuak baino gehiago, galderak ditut nik, munduari begira ezin adiago dagoen neskatila baten gisara. Halere, bi kontu aipatuko ditut.
Batetik, nago krisi honen biharamunak izen asko izango dituela, baina bat greba izango dela. Konfinamenduaren hasierak unibertsitateko garbitzaileen greba bertan behera utzi zuen, eta azken urteetan etxez etxeko eta zahar etxeetako langileen grebak ere izan ditugu. Emakumeak gehiengo diren eremuetako (etxeko langileena, barne) lan-baldintza penagarrien inguruko kontzientzia areagotzen ari da, eta hazi egin daiteke, horrek daramatzan genero, klase eta immigrazioarekin loturiko gatazkekin. Eta kontraesanak sortuko dira, geure burua progresistatzat dugunon artean ere bai. Gatazka eta kontraesan horien lokatzetan sarturik asmatu beharko dugu nondik jarraitu.
Bestetik, egoera honek inposatu digun distantzia fisikoak ere atentzioa ematen dit. Distantzia hori besteon eta norbere babesaren neurria da, eta afektu, intentsitate eta harreman berrituak eragiten ari da. Horien inguruan hausnartzeko lagungarria izan daiteke, apalagoak izan, eta Afrikan (adibidez) izan diren izurrien inguruko esperientziei begiratzea. Gizakiok zentzumenen bitartez eraikitzen dugu bizi-segurtasuna, zentzu zabalean. Komunitate batean ohikoak diren ibilbide, usain, kontaktu, erritmo eta zaraten faltan, irudiz, txaloz, ahotsez, barrez eta musikaz betetzen ari gara gure egunerokoa. Hiperkonexioa: gelditzeak ematen digun bertigoari aurre egiteko modua. Azalberritzeak izango du gozotik eta gazitik, baina ziurtasun eta ziurgabetasun berriak nola, norekin eta noren alde eraiki, hortxe gako nagusietako bat.
Ez dok hamabi!
MIKEL NABARRO (Donostia, 1954) Ekonomia katedraduna da Deustuko Unibertsitatean, eta ikertzailea Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuan. 'Uztaro' eta 'Ekonomiaz' aldizkarien erredakzio kontseiluetan ere parte hartzen du.
Ekonomiarekin nolabaiteko lotura duten gaietara bakarrik mugatuta, honako aldaketa hauek nabarmenduko nituzke. 1) Merkatua ahulduta, Estatuaren esku hartzea sendotzea. 2) Gizarte-erronka handietatik eratorritako shockak ugaltzeari erantzunez, garapen politikak haiei erantzuteko misioen arabera antolatzea, eta ez —orain arte bezala— lehiakortasun hutsagatik. 3) Neurri ekonomiko erradikalak ezin hartu daitezkeen ustea baztertzea. 4) Ongizatearen Estatuaren berreskuratzea —osasun zerbitzuak, enplegu babesa, ahulenei laguntza...— eta diru- eta finantza egonkortasunen arauen erlatibizatzea. 5) Giltzarri eta estrategiko diren sektoreen birkontsiderazioa —foundational economy delakoaren gorakada: elikagaigintza, txikizkako merkataritza, gizarte-zaintza...—. 6) Politikak birzentralizatzeko arriskua (aginte bakarra). 7) Zientzia, ikerketa eta adituen aintzatespena —berrikuntza teknologikoaren mesedegarri—, baina baita gizarte eta gizabanakoen ekimenena ere —berrikuntza sozialetarako funtsezkoa dena—. 8) Digitalizazioa, telelana —bereziki, zerbitzuetan— eta automatizazioa bizkortzea —industrian, batik bat—. 9) Gizarte-erronka handien inguruko nazioarteko lankidetza sendotzea. 10) Globalizazioa eta balio-kate globalak uzkurtzea, eta tokiko ekonomia indartzea. 11) AEBen beheraldia eta Txinaren igoera. 12) Kontsumo eta salerosketen ereduen aldaketa —Interneteko salerosketekin batera, denda txikietarako itzulera—, diru fisikoaren aienatzearekin batera.
Berriak berri
ALBA GARMENDIA CASTAÑOS (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1992) Filosofia doktoretza prestatzen ari da, EHUn. 'Jakin'-eko kolaboratzailea ere bada.
Ez dagokit niri aurreikuspenak egitea, baina eszeptizismoz begiratzen diet iraultza-iragarpenei. Dena aldatzen bada, ezer alda ez dadin izango dela pentsatzen dut, azpiegiturek —denetarikoek— irautera egiten dutelako.
Ez dagokit niri aurreikuspenak egitea, baina pentsatzen dut berri-usteko ezjakintasun hau bukatzeak lehengo ezegonkortasun berberei emango diela bide. Eta berria izanagatik lehengoa izango den krisi ekonomikoaren aitzakiak lotuko gaituela beste salbuespen-egoera batera, oraingoan normaltasun itxura gehixeago izango duena.
Ez dagokit niri aurreikuspenak egitea, baina fikzio bihurtu omen zaigun errealitateak erreal izaten jarraiko duela ere pentsatzen dut. Itxialdiko asperdurari erantzuteko jaso ditugun film-liburu-iritzi-artikulu distopikoei bi aurpegiko arrisku bera ikusten baitiet: amesgaiztotik esnatu ezinda beldurrek otzantzen uztea, bat; bestea, begiak ireki eta egun berriarekin orri zuri ederraren aurrean egongo garela sinestea, paper horren ezaugarriak «oinarrizko» jarduera ekonomiko-politikoak aspaldi definituak dauzkanean.
Baina ez dagokit niri aurreikuspenak egitea, eta oker egoteko irrikan nago.
Elkarren mundu baterantz
DANIEL INNERARITY GRAU (Bilbo, 1959) Filosofia Politikoko katedraduna eta Ikerbasqueko ikertzailea da EHUn, eta Jakiundeko kidea. 'Una teoría de la democracia compleja' (demokrazia konplexuaren teoria bat) liburua argitaratu berri du.
Krisi honek indartu egingo du ondasun komunen mundu bateranzko joera, eta, beraz, araubideei eta instituzioei dagokienez, integratuagoa izango den mundu bateranzko joera. Partekatzen ditugun ondasunei eta mehatxuei buruzko kontzientziak, berriro ere, agerian jarriko du ondasun eta kalte kolektibo horiek estatuen ahalak gainditzen dituztela.
Aldatzen ari da ondasun publikoei buruzko gure ideia; alegia, haiek bermatzeaz arduratuko litzatekeen estatu-subiranotasun bati lotuta egon diren orain arteko ideia. Pixkanaka, konturatzen ari gara Estatuen artean zatitu ezin diren ondasunak direla; horrela gertatzen da ingurumenarekin, segurtasunarekin, egonkortasun ekonomikoarekin, orain osasunarekin... ez dira kudeaketa subirano baten mende jar litezkeen ondasunak, ondorio perbertsoren bat sortu gabe. Munduko krisiek edo arrisku globalek ez diete, soilik, ukitzen dituzten komunitate nazionalei eragiten, baizik eta humanitate osoari, katean dakartzaten ondorioengatik edo eratorritako eraginengatik.
Erabaki funtsezkoak, dagoeneko, ez dira maila nazionalean hartzen; maiz, garrantzirik gabekoei buruz bakarrik erabakitzen da maila horretan. Merkataritza, moneta, zerga eta gizarte gaietan erabakiak elkarren menpekoak bilakatu dira, erabat, eta horrek gobernantza berri bat inauguratzen du, zeinak berarekin baitakar gobernuen arteko koordinazioaren indartzea eta, areago, lurralde nazionalak eta logika subiranoak gaindituko dituen espazioen antolatzea, interesen, eztabaidaren eta debate publikoen mobilizaziorako eta ordezkapenerako.
Teknobirusa
JAVIER ETXEBERRIA EZPONDA (Iruñea, 1948) Filosofiako doktorea eta Matematikako lizentziatua da. EHUren Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultatearen sortzaileetako bat izan zen, eta CSICen Filosofia Institutuaren zuzendari ere bai. Ikerbasqueko, Jakiundeko eta International Academy of the Philosophy of Science elkarteko kide da. Hilabete honetan Lola S. Almendrosekin argitaratuko duen 'Tecnopersonas: cómo las tecnologías nos transforman' (teknopertsonak: nola teknologiek transformatzen gaituzten) liburuaren epilogoaren zati batzuk igorri dizkio BERRIAri, hemen argitaratzeko.
Geneen eta teknogeneen arteko bereizketa aplikatu dakieke beste entitate biologiko batzuei, baita birusei ere. [...] Oso ezohikoak diren era horretako berrikuntza handien adibide on bat da COVID-19a. Sorburuan entitate biologiko bat zena, [...] sistema tekniko, teknologiko eta teknozientifiko ugarik inplementatu eta garatu dute, teknobirus bihurtzeraino. TECNOCOVID 19 deituko diogu.
Koronabirusa hedabideetan albiste izan zenetik, TECNOCOVID 19 entitate informatibo bilakatu zen azkar, infobirus bat. [...] Laburtuz, hasieran entitate biologiko bat zena, hilabete batean, bilakatu da sistema tekno-sozial-sanitario konplexu bat, zeina TECNOCOVID 19 deitzea komeni baita, hain justu ere, argi uzteko mutazio biologiko disruptibo bat izan zena bihurtu dela berrikuntza teknosozial disruptiboen multzo bat, horietako bakoitza gatazkatsua berez. [...] COVID 19 planeta guztian zabaldu da modu masiboan, organismoak kutsatuz eta gaixoaraziz; baina askoz gehiago zabaldu da TECNOCOVID 19, aipatutako inplementazio teknologiko eta teknozientifikoen bidez, zeintzuen protagonistak izan baitira Estatuak, iraganean boterea zuten garaietan bezala. Estatuaren boterea itzuli da, baina zientifikoki gidatutako botere bat da, polizien eta militarren apetak agertu badira ere [...]. Hurrengo urratsetan, COVID-19a teknopertsona bat bilakatzen ari da. [...] Gure garaietako iruditeria sozialean azkar eta sakon kokatu den teknopertsona bat; eta ez da handik joango, ezta pandemia kontrolatu edo desagertzen bada ere. Gure garaiko memoria osatzen du TECNOCOVID 19k.
IKTak erdigunean
IÑAKI ALEGRIA LOINAZ (Donostia, 1957) Informatikako irakaslea izan da EHUn, 1982tik. UEUko zuzendari ohi, eta Ixa Taldearen sortzaileetako bat da. Hizkuntza Teknologien ikertzailea, euskarari lotuta ari da sarri.
Konfinamenduaren lehen asteotan agerian geratu da informazioaren eta komunikazioaren teknologiek (IKT) nolako zentralitatea izan dezaketen gure jendartean eta zein punturaino ditugun beharrezko: ohikoaz gain, telelana, online ikaskuntza, bideokonferentziak, bideobilkurak... Etorkizunean Internet oinarrizko produktuen zerrendan —ura, argindarra eta kalefakzioarekin batera— sartzen joango da gero eta herrialde gehiagotan, eta administrazioak arrakala digitala zuzentzeko neurri garrantzitsuak hartu beharko ditu. Aipatutako bilakaera ikusita, politika industrialetan soft arloak indarra hartuko du. Hezkuntzan online ereduak ere garapen handia izango du, presentziala osatuz.
Bestalde, kontrol sozialaren hazkuntza areagotu egingo da. Polizia eta indar armatuena izan da agerikoena orain arte, baina IKTetan oinarritutakoa da orain datorrena. Dirudienez, libre mugitu ahal izateko telefonoaren datu guztiak, GPSarenak barne, autoritateen eskuetan jartzeko prest egon beharko dugu. Alde batetik, kontrol sozialak zilegitasuna irabaziko du, denon osasunaren aldekoa izango delakoan; bestetik, sofistikatuagoa izango da kontrola, datu masiboagoak eta zehatzagoak bilduko dituztelako. Snowdenek deskribatutakoa oso motz geratuko da.
ANTTON OLARIAGA
Hazkunde komunitarioa, edo munstro guztiei ateak irekitzea
MAITANE ARNOSO MARTINEZ (Donostia, 1981) Zientzia Politikoetan doktorea da, eta irakaslea eta ikerlaria EHUren Psikologia Sozialeko departamenduan. Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteko presidentea ere bada.
Krisiak esnaraz ditzake kohesioaren emozio kolektiboak, baina besteenganako enpatia zapuztu ere egin dezake, eta zigorren aldeko jarrerak, deskonfiantza eta kontrol soziala elikatu —sare solidarioak, versus panoptiko sozialak eta balkoietako poliziak—. Larrialdi global bat da, agerian jarri duena ezberdintasuna eta prekaritate sakonetan oinarritzen dela sistema —batez ere zaintzen sistema—, eta mahaiaren gainean jarri duena deskonektatu egin behar direla lanerako eskubidea eta bizitzeko eskubidea. Hankaz gora jarri ditu meritokrazia eta lanaren etika protestantea. Nahiz eta bat asko saiatu, dena ez dago norbere esku. «Itsasontzi berean», Zigmunt Baumanek esaten zuenez. Baina neoliberalismoaren fanatiko batzuk ere hasi dira merkatu askearen eskaintza eta eskari librearekin ikaratzen.
Aukera leiho bat dugu: jakinaren gainean hausnartzeko espazioak sortzea —berez traumatikoa denaren eta ikasteko posibilitatearen arteko harremana esplikatzen duen prozesu bat—, horrek aukera eman diezagun baldintza postraumatikoetan hazteko, ikuspegi komunitarioarekin, eta jendearen bizitza bermatuko duten oinarri sozial batzuk eraikitzeko. Merkatuak dituen gorabeheren aurreko gure ahultasunaren kontzientzia hartu eta gure egitura publiko eta sozialak indartu. Oinarrizko Errenta Unibertsala. Bai. Orain. Baina ez larrialdiagatik bakarrik. Eta ez diezagutela aldatu, ondoren, osasuna, hezkuntza, pentsioak edo beste pribatizazio batzuk kobratzeko. Ez diezaiotela deitu Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera: Unibertsala eta Baldintzarik gabekoa, zioen proposamenak. Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera bat beharrezkoa da, baina epe motzera bakarrik balio du; ez ditu babesten pertsonak merkatutik eta hark sortuko dituen edo sortuko ez dituen laneratze aukeretatik.
Egiazki, pesimista naiz. Kapitalak ez du inoiz galtzen, eta uste dut krisi honek desberdintasun gehiago eta autoritarismo gehiago ekarriko duela. Larrialdietan, giza eskubideak beti arriskuan daude; jakin nahiko nuke zenbat laneko eskubide ari diren urratzen gaur, aberria salbatzeagatik. Adibide bat besterik ez da. «Mundu zaharra hiltzen da, eta berriari kostatzen zaio jaiotzea, eta argi-ilun horietan jaiotzen dira munstro guztiak», esaten zuen Antonio Gramscik.
Arroila
JENOFA BERHOKOIRIGOIN HIRIGARAI (Gamarte, Nafarroa Beherea, 1985) Ekonomia Sozial eta Solidarioan masterduna eta Ikasketa Feministetan diplomaduna da. Kazetaria da, 'Argia'-n, eta BERRIAn aritu zen lehen. Euskaraldiaren dinamizatzen aritu da.
Mundua aldatuko da, baina ez onera. %1aren eta %99aren arteko arroila sendotu besterik ez da eginen, amesturiko kontrol sozialaren laguntzaz. Krak egitekotan da sistema. Denok dakigu; %1en meneko diren agintariek sustut. Merkatu kapitalistaren krisia saihetsezina bada, 30 urtez kontrolik gabe puzturiko finantza merkatuak ez du krak egin behar. Aitzina doa piloturik gabeko hegazkina, eta Estatuek 2008an doi-doi salbatu bazuten ere, hor ezingo dute. Larriena, iduriz ez dutela piloturik izendatuko. Finantzen osasunari so dira; zerbitzu publikoa desegiteko prest denak ez du herritarrenaz axola. Froga, ospitaleak gainezka, lantegiak irekita atxikitzea. Biharrari, hots, geroari so garenak %99etan gara, baina arroila handiegia da; ideiak ez dira %1ekoen luxuzko konfinamendura heltzen. Hauek orainari so dira, koma artifizialean jarritako sistemari, jukutrietan, bihar esnatu eta berdin-berdin segitu ahal izateko. Kosta ahala kosta, artifizialki bada ere, bizirik atxiki nahian. Okerrena, birus are bortitzagoak jinen direla: sanitarioak, sozialak, ekonomikoak, ekologikoak. Biharamun solidario baten aukera %99en aldean da, baina tamalez, arroila handiegia da.
Planetaren etorkizuna gure esku
LOREA FLORES COMPAINS (Iruñea, 1985) Greenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzailea da, eta Biologiako lizentziaduna.
COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, baliteke modu zuzenean munduan aldaketarik ez izatea ikuspuntu ekologikotik ari garenean. Berotegi efektuko gasen isurketa tasen edo kutsaduraren murrizketen edo kaleak hartu dituzten animalien inguruko albisteak ugariak badira ere, konfinamenduak sortutako aldaketa puntualak baino ez dira. Atmosferako CO2 kontzentrazioa ez da nabarmenki aldatu, eta, beraz, klima aldaketaren mehatxuak hor jarraitzen du. Gainera, litekeena da, alarma igaro ondoren sistema berrabiarazten dugunean, errebote-efektua egotea emisio horietan, eta urte hasieran baino maila handiagoetara igotzea. Hala ere, egia da krisi honek gure bizimoduetan eragin sakona izan duela, eta lehen hutsalak iruditzen zitzaizkigun ekintzen garrantzia erakutsi digula, hala nola pertsonen eta komunitateen zaintza, hurbileko elikagaien kontsumoa, eta abar. Hortaz, berriro mundura ateratzen garenean, gure eguneroko ekintzek duten eraginaren jabe, itxaropena egon daiteke gauzak beste era batera egiteko, bizitza eta planeta erdigunean kokatuta.
Aldatuko dugu, ala aldatuko digute: etorkizunaren gakoa
AINHOA ETXAIDE AMORRORTU (Hondarribia, Gipuzkoa, 1972) Zuzenbideko lizentziaduna eta sindikalista da. LABeko idazkari nagusia izan zen 2008 eta 2017 artean.
Helduak bakartuak, ez dezaten gaixotasuna hartu. Haurrak etxean gordeak, ez dezaten zabaldu. Tartean, asko eta asko osasuna lehenetsi ezinik, soldata galtzearen beldur. 2008an eskubide laboral eta sozialak sakrifikatu behar genituela esan ziguten. Oraingoan, osasuna. Trukean, sistemak aurrera egingo du. Eta guk ere bai. Nor eta zenbat gara gu? Zer arraio da aurrera egitea?
Zaldibarrekoak erakutsi du zabor gehiegi sortzen dugula. Ez da kudeaketa kontua. Gutxiago produzitu eta kontsumitu behar da. Koronabirusak erakutsi digu zer den funtsezkoa bizitzeko eta zer den merkatua. Baina zeinen zaila den gidoi hegemonikoa aldatzea!
Zaintza lanen auziari zentralitatea ematea lortu genuen orain hiru aste. Bi eguneko kontua. Produkzioa etetearen edo ez etetearen borrokak berriro jarri du zentroan merkatua, merkatuaren premiak, enpleguan izango dituen ondorioak... Bigarren mailan, zaintzak eta gure bizitzak. Bazterrean, zaintza lanetan jo eta su dabiltzan langileak, emakumeak.
«Soilik herriak babesten du herria». Baina Herriak tresna politiko, ekonomiko eta sozialak behar ditu bere burua babesteko, bizitzak merkatuaren gainetik jartzeko, gure interesak kapitalaren interesei gailentzeko.
Botere kontua. Beraiek dute, guk eskuratu egin behar dugu. Bide hori egiteko aukeratxoa galtzen dugu sistema nola aldatuko dugun galdetu ordez, honek guztiak gure bizitzak nola aldatuko dituen galdetzen dugun/diegun bakoitzean.
Biharamuna
RICARDO FELIU MARTINEZ (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1972) Soziologiako doktorea da, eta NUPen eta Gasteizko UNEDen irakasle aritzen da.
Etorkizuna ez dago idatzita. Krisi honen (zeinak izaera exogenoa baitu) berritasun handiena haren neurri globala da, eta agerian jarri ditu gizartearen hauskortasunak eta arrakalak. Epe motzean, aurretik existitzen ziren prozesu sozial, ekonomiko eta politiko batzuk azeleratu egingo dira. Gerta litezke aldaketa batzuk, baina ez dira erradikalak izango (krisi ekonomiko eta politikoaren testuinguruaren erdian). Adibidez, herrialde batzuetan sortzen ari den joera autoritarioa (Hungariaren kasua etsenplu argi bat da) ez da krisi honen ondorioa, aurrez bazen fenomeno bat baizik. Horregatik, ez da batere harrigarria suertatzen gobernu ultrakontserbadore batzuek egoera hau baliatzea legeak ad libitum egiteko, giza eskubideen edo adierazpen askatasunaren kontra, de facto instituzio publikoak ahulduz. Aztoragarria da tentazio autoritario hori beste gizarte batzuetara ere zabaltzea, olio orban bat bezala.
Krisi honen balizko ondorioetako bat izan liteke Estatu-nazioaren indartzea, globalizazio asimetriko baten markoaren barruan, zeinaren oinarri neoliberalak ukituta dauden, gainera. Eta hor indartu egingo da Estatuaren paperari buruzko eztabaida, zeinaren azpian egongo baita krisi honen kudeaketa ereduei buruzko eztabaida: eredu txinatarra (eredu autoritario klasiko batean oinarritua), edo Hego Korearen eredua (eredu demokratiko, garden eta berritzailea). Europako Batasuna ez da hautsiko, jarraituko du makaltzen, arrisku globalei (klima aldaketa) erantzunak emateko ezgai, Txinak, aldiz, munduko hegemonia nagusietako baten gisa bere papera berretsiko duen bitartean.
Etorkizunerako hobeto prestatuta egongo gara
SONIA GAZTANBIDE SAENZ (Bilbo, 1953), Medikuntza eta Kirurgia doktorea da, irakaslea EHUn, eta Gurutzetako ospitaleko Endokrinologia eta Nutrizio zerbitzuko burua. EAEko Entsegu Klinikoen Batzorde Etikoko eta Jakiundeko kidea, eta Espainiako Diabetesaren Elkarteko Fundazioko presidentea ere bada.
Aldatuko ditugu gure pentsamendua eta jokabidea, baina aldaketa horrek denboran irautea zalantzazkoa da, ez garelako saiatuak. Orain, koronabirusak kutsatzeko beldurra daukagu, kasu egiten diegu jarraibideei, entretenimendu birtualerako sistemekin edo balkoira 20:00etan ateraz moldatzen gara. Baina, nire kalterako, ez naiz fio konstantziaz eta «askatasunaren», edo «nahi dudana egitearen», gaineko erantzukizun iraunkorraz.
Herrialde bakar bat ere ez dago hau bezalako katastrofe baterako prestatua. Erraza da gobernuak kritikatzea haien aurreikuspen faltagatik, baina egoera hau guztiz berria da. Osasun publikoaren sisteman, hala ere, eta lehen momentuko sustoa gaindituta, ikusi dut kudeatzaileek antolatzeko eta koordinatzeko ahalmena izan dutela, eta osasuneko profesionalek era progresiboan parte hartzeko borondatea izan dutela, sorturiko beharrei erantzuteko. Noski, argi dago ez dela behar bezainbeste material egon guztion segurtasuna bermatzeko, baina bilatu dira alternatibak.
Pandemia artatzeko lehen lerroan ez gauden profesionalok gure kontsultak telefoniko bihurtu ditugu, bai baitaude beste gaixo batzuk ere, kutsatu gabeak, gure arreta eskatzen ari direnak.
Konfinamendua ari da emaitzak ekartzen, badago ohe aski, eta nolabaiteko kontrol sentipen batekin bizi dugu egoera.
Osasun Publikoak, bere zentzu zabalenean, erantzun egin du, eta bere errentagarritasuna demostratu du. Arlo praktikoari begiratuz, aurrera begira, kontsultak hobeto kudeatuko ditugu, eta etorkizunerako hobeto prestatuta egongo gara.
EIDER EIBAR
Irteerak izan ditzan irizpide jasangarri eta solidarioak
MARIA JOSE SANZ (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1963) Biologiako doktorea da, eta BC3 Basque Centre for Climate Change-ko zuzendaria 2016tik.
Garapenaren eta ongizatearen izenean egindako giza jarduerak eraman gaitu planetaren gutxienez lau muga gainditzera: klima aldaketa, bioaniztasunaren galera, eta nitrogeno eta fosforo zamak. Defizit sozial hau eta gehiegikeria ekologiko hau aldi berean ezabatzearen menpe dago mende honetan humanitatearen ongizatea hobetzea. Eta, hala ere, milioika pertsona bizi dira, gaur egun, nazioartean adostutako gutxieneko estandarren oso azpitik, eta horietan daude nutrizioa, arreta medikoa, etxebizitza, diru sarrerak eta energia.
Gure garapen ereduaren bideragarritasunari buruz eta globalizazioaren gehiegikeriei buruz klabe positiboan hausnartzeak izugarrizko presa du. Beharrezkoa da COVID-19aren krisiaren ondoren berreraikuntzarako eta suspertze ekonomiko eta sozialerako planak martxan jartzea, presazkoenak diren beharrak arintzeko, baina, aldi berean, inoiz baino beharrezkoagoa da trantsizio energetikorako, klima krisia bideratzeko eta desberdintasunak gutxitzea ere. Datozen hilabeteek aukera handi bat eskainiko digute konponbide transbertsalak eta integratzaileak ezartzeko, zeintzuek aldi berean erantzun ahal izango dieten krisi sanitarioari, ekonomikoari eta klimatikoari, horiek guztiak ingurumen, ekonomia eta gizarte sistemen elkarrekiko dependentziaren agerpen globalak baitira.
Kulturgileak hegian
HAIZEA BARCENILLA GARCIA (Lezo, Gipuzkoa, 1981) Artearen Historiako irakaslea da EHUn. Arte kritikari aritzen da BERRIA egunkarian, eta komisariotza lanak ere egin ditu.
Kulturaren esparruak krisi latza espero du COVID-19aren osteko garaian. Hala ere, salbuespen egoera hau eragile da, baina ez krisiaren erantzule: prekaritateak aspaldi zituen kulturgileak hegian, eta birusak azken bultzada besterik ez die eman. Epe luzera salbatzeko, unean uneko diru laguntzak baino gehiago, kultur sistemaren berrikusketa osoa egin beharko litzateke; hori ez da gertatuko, ordea. Itxialdian, sortzaileei euren lanak aurkezteko eskatu zaie; kulturak dituen berezko ezaugarriak aintzat hartu direla irudi lezake, baina etxetik aterako garenean erabat aldatuko da egoera. Azken urteotako logikari jarraituz, kultura beste arloen hauspo ekonomiko gisara ulertuko da soilik, eta onura monetarioa lehenetsiko da. Turismoa berpiztera bideratutako egitasmoek jasoko dituzte laguntza nagusiak, eta horiek jarraituko dute kultur-sistemaren botere gunea osatzen. Hori aurreikusita, sortzaile anitz antolatzen hasiak dira, eta haiei emango zaien herri-bermean dago sistema eraldatzeko aukera bakarra.
Mundu globalizatua gobernatzeko erronka
ION ERREA LOPE (Donostia, 1984) Materiaren Fisikako doktorea da, irakaslea EHUn, eta Materialen Fisikako Zentroan ikertzailea. DIPC Donostia International Physics Centerren ikertzaile, eta Jakiundeko kide ere bada.
Bigarren Mundu Gerraren amaierak Nazio Batuen Erakundearen sorrera bultzatu zuen 1945ean bertan. Hiru urte geroago, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala. Gerraren hondamendia bizitako belaunaldiak beste sarraski bat ekiditeko baliabideak behar zirela ulertu zuen, gaur, oraindik, erreferente zaizkigunak.
Koronabirusaren krisiak azaleratu du gaur egungo mundu globalizatu honi eta honek dakartzan arazoei aurre egiteko premiazkoak direla kooperazio internazionala eta zerbitzu publikoen indartzea. Alde batetik, baliabideak egokiro produzitu eta banatzeko beharra baitugu. Eta, bestetik, diru publikoz sustengatzen ditugun zientzia zein osasun- eta gizarte-zerbitzuak ezinbestekoak zaizkigulako.
Mundua aldatuko da, bai. Orain arte eroso bizi izan den eta, hein batean, inertziaz gobernatu duen belaunaldi hau, askok gristzat jo izan dutena, antolatuko da gaurko mundu globalizatu hau gobernatzeko. Orain ezarriko diren oinarriek mende honen patua definituko dute.
Pandemia: norbera aldatzeko aukera
NEKANE BALLUERKA LASA (Ordizia, Gipuzkoa, 1966) Psikologiako doktorea eta katedraduna da, eta EHUko errektorea 2017tik. UEUko eta Jakiundeko kidea ere bada.
Egun pairatzen ari garen pandemiak mundua nola aldatuko duen planteatzea egiazko erronka bat da. Aldaketa sakonak izango dira ezbairik gabe, baina horietako asko aurreikusezinak dira. Horrek ziurgabetasuna gehitzen dio egoerari, eta gizarteentzat ez dago ziurgabetasuna baino ezer okerragorik, ziurtasunik ezak beldurra eragiten duelako beti, eta beldurra etorkizuna diseinatzeko lagunik okerrena da.
Baina baikorrak izan behar dugu: arlo akademikoari arreta jarriz, azken egun hauetan Euskal Herriko Unibertsitateak ahalegin handia egin behar izan du irakaskuntza urruneko eta online modalitateen bidezko jarduerara egokitzeko. Hau guztia bukatzen denean, aurrez aurreko irakaskuntzak gure irakaskuntza ereduaren ardatz nagusia izaten jarraituko du (balio hezigarri nabaria du, baita pertsonala ere). Baina, dudarik gabe, beste irakaskuntza eredu batzuk ere sustatuko dira, aurretiaz ere erabiltzen genituenak, baina azken asteotan irakaskuntzaren bizkarrezur bihurtu direnak. Irakaskuntza baliabideen dibertsifikazio hori etorkizunean erruz indartuko diren joeretako bat da.
Hitz beste eginez, maila pertsonalean hausnarketa bat egin nahiko nuke. Aldaketei buruz ari garenean, jarrera pasibo batetik ari garela dirudi: jasango ditugun aldaketez ari garelako, gure esku-hartzerik izango ez dutenez. Aitzitik, konfinamendua ongi baliatu behar dugu, eta pertsona eta gizarte gisa berrasmatu behar gara: sasoi hau baliagarri izan dakiguke gehien maite ditugunekin dugun harremanari ñabardura berriak bilatzeko, azkenaldian urrun gelditu zaizkigun lagun horiei deitu edo idazteko, osasuna edo hezkuntza bezalako zerbitzu publikoak aintzat hartzeko. Finean, pertsona hobeak izaten ere saia gaitezke.
Bai, gauza asko aldatuko dira, baina ez legoke gaizki aldaketa multzo hori gu geu aldatzetik hasiko balitz eta eraldaketa horrek, bestalde, gizarte konprometituago eta solidarioago bat eratzera eramango bagintu.
Globalizazioa, zaintzak eta Estatuaren papera
JOSEBA ZALAKAIN (Donostia, 1968) Gizarte eta Informazio Zientzietan lizentziatua da, eta SIIS Dokumentazio eta Ikerketa zentroaren zuzendaria da 2007tik. Pobreziari, bazterketari, mendekotasunari eta beste arlo ugariri buruzko ikerketak egin ditu.
Pentsa daiteke, epe motzean behintzat, koronabirusak globalizazioa eten egingo duela eta herrialdeen arteko harremanak oztopatu. Horrek, zalantzarik gabe, turismoan eta merkataritzan eragingo du, baina, baita ere, nazioarteko migrazioetan. Seguruenik, herrialde aberatsek kanpo migrazioak lehen baino gehiago oztopatuko dituzte, batez ere izurrite hau ez bada guztiz geldiarazten edo antzeko izurrite berrien beldurra hedatzen bada. Eta horrek ekonomian, demografian eta Ongizate Estatuaren antolaketan eragin nabaria izango du.
Bigarrenik, koronabirusak aspalditik pairatzen dugun zaintzen krisia areagotuko du eta gaur eguneko zaintza eredua eraldatzera behartuko gaitu. Eraldaketa horren norabidea ez dago argi, ordea: posible da zaintzei behar bezalako balioa ematea, baliabide gehiago bideratzea eta zaintza behar dutenei, nahiz euren zaintzaileei, laguntza sendoagoak ematea. Hala ere, zaintza horiek antolatzeko orduan osasuna eta segurtasuna lehenestea posible da ere, beste helburu batzuen kalterako —bizitza kalitatea, lotura komunitarioak, harreman pertsonalak...—.
Hirugarrenik, litekeena da erantzun eta esku hartze publikoek onarpen sendoagoa edukitzea hiritarren aldetik. Askorentzat, krisi honek agerian jarri du beharrezkoa dela, hainbat arriskuren aurrean, Estatu indartsu bat. Aldaketa honek hainbat bide har ditzake ere: alde batetik, zerbitzu, laguntza eta baliabide publikoen indartzea, XXI. mendean bideragarri izan daiteken Ongizate Estatuari atea irekiz. Posible da ere, ordea, erantzun publiko indartsu horrek beste aurpegi bat edukitzea eta —teknologien laguntzarekin eta segurtasunaren izenean— hiritarren kontrola izatea helburu nagusia.
Norabidea modu erradikalean aldatzeko momentua
AMAIA PEREZ OROZCO (Burgos, Espainia, 1977) Ekonomia doktorea da, eta Colectiva XXK kooperatiban lan egiten du. Euskal Herriko Koordinadora Feministako kidea eta ekintzaile feminista da.
Aurretik bazen bizitzaren krisia, eta orain larritu egin da. Sistema biozida, injustu eta hauskor hau indartuko duen shockaren doktrina bat saihestea erabakigarria izango da. «Bizitza erdian jartzeko» momentua da, ez eslogan huts baten gisa, baizik eta norabidea modu erradikalean aldatzeko, edukiekin: 1) «bizitzea mereziko duen bizitza bat» lortzeko sozialki beharrezkoak diren lanak zeintzuk diren zehaztu, berrantolatu eta balio handiagoa eman; 2) beharren asetzea kolektibizatu eta desmerkantilizatzea, bizitzari eusteko egitura kolektiboak eraikiz, elkarren zaintzaren logikatik; 3) baliabideak, lanak eta denborak birbanatzea: gizonetatik emakumeetara*, kapitaletik langile klasera, jende txuritik jende arrazializatu edota migratura, planetako metaketa eremuetatik harrapaketa eremuetara; eta 4) ekonomia (eta bizitza!) lurraldeetan sustraitzea, berriro bertakotuz, sinplifikatuz eta zirkuitu ekonomikoak laburtuz eta subiranotasun eremuetan aurrera eginez.
ZALDI EROA
Zer gertatuko den, ez: zer egin, hori da galdera
EDU APODAKA OSTAIKOETXEA (Bilbo, 1965) Filosofiako lizentziaduna eta Soziologiako doktorea da. Irakasle da EHUn, eta UEUko kide ere bada. Hainbat liburu eta artikuluren egilea da, eta BERRIAn kolaboratzen du iritzigile gisa.
Garai apokaliptikoetan bizi omen gara. Apokalipsi hitzak bi adiera zituen antzina: egiaren agerpena eta estalperik gabe, arrisku ororen mende, geratzea. Askoren ustez, tupustean agertu zaigu egia, agerian omen dira kapitalismoaren edo desarrollismoaren gezur ideologikoak, eta aldi berean asko dira babesgabe daudenak, are gehiago babes eta immunitate barik izatearen beldur direnak. Bi adiera horien aurka biziko gara, ideologia eta babesguneak berregiten, berrasmatzen. Hartan bi joera aurkari ari dira bizkortzen. Batetik, aterpe pribatuen alde joko dute eta ideologia landuko dute, sinets dezagun geurezkoak direla besteek merezi ez dituzten babesak eta immunitateak; estatu-nazionalismo autoritarioa eta kapitalismoaren norgehiagoka indartuko dira handik. Bestetik, tokiko erresilientzia komunitarioa eta publikotasun komun, irekia eta globala lantzera joko da. Nahastuko dira joerok, adibidez estatu harmonia homogeneoaren aldeko hautuetan edo teknokapitalismo baten itxaropenean. Baina, finean, bi baino ez dira apustuak: masa beldurti eta ahulak elite boteretsu ondo immunizatuen mende versus duintasuna eta babes material eta psikosoziala bermatuko dituzten herri erakunde eta sareak. Abian daude indar sozial eraldatzaileak, nagusitu ezean garai latzak bizi beharko ditugu.
2020ko espiritua
MAGDALENA BOBOWIK (Bialystok, Polonia, 1981) eta MIGUEL AGUILERA (Las Palmas Kanaria Handikoa, Espainia, 1987). Bobowik Psikologian doktorea eta Pompeu Fabra Unibertsitateko ikertzailea da; EHUn psikologia sozialeko ikerketa taldean parte hartzen du. Aguilera Zientzia Konputazionaletan doktorea da, eta EHUn IAS-Research Center for Life, Mind and Society ikerketa zentroko ikertzailea da.
Koronabirusaren itzala eta haren albo-kaleak (autoritarismoa, bakartzea, prekaritatea) milioika bizitzaren gainean hedatzen doazen bezala, besteak babesteko betekizun etikoa bihurtu da gai garrantzitsuenetako bat gehiengo sozialarentzat. Mundua gelditu egin da gaitzaren hedatzea eragozteko, baina aldentze fisikoak (ez hainbeste sozialak) ekarri du gerturatze sozial bat ere (nahiz eta ez fisikoa). Paradoxa zoragarri bat da: ni naiz erantzulea, baina edozein ekintza ezgauza da gu bat gabe. Ekintza kolektiboa funtsezkoa da, bai «kurba apaltzeko», bai bizitzei eusteko beharrezkoak izango diren egiturazko neurriak eta babes soziala eskatzeko. Lehiaren, espekulazioaren eta «zein bere kasa» gisakoen alde interdependentzia honetaz ahazten diren diskurtsoen aurrean, eraikitzen ari da zentzu komun kolektibo bat, oinarritzen dena elkarren zaintzan, ebidentzia zientifikoan eta guztiontzako eta guztion arteko elkartasunean. Nola erabili hau etorkizun hobeago bat eraikitzeko? Beharbada, sozialki antolatzeko modu berriak saiatu ditzakegu, eta krisi hau gainditzetik sortuko den ahalduntzeak aukera emango digu hemendik eta orainetik harago doazen mehatxuei aurre egiteko: pobrezia, desberdintasunak, arrazakeria eta klima aldaketa. Ken Loachek, The Spirit of 45-en, kontatzen du nola faxismoa kolektiboki garaitzeak bultzada eman zion eta nola inspiratu egin zuen gizarte britainiarra, bere historiako aurrerapen sozial garrantzitsuenetako batzuk lortzeko, adibidez, osasun sistema unibertsala. Gauza bera egiteko gai izango ote gara?
Eta gero zer?
BIXENTE ATXA (Oñati, Gipuzkoa, 1965) Elektronika eta Komunikazio doktorea da, eta Mondragon Unibertsitateko errektorea, 2015az geroztik; baita Jakiundeko kidea ere.
SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiaren ondoren mundua imajinatzea eta 1.000 karaktere baino gutxiagotan balio duen ekarpenik egitea ez da lan erraza. Beraz, epe ertainean gure bizitzak markatuko dituzten sei titularretara mugatuko naiz: 1) krisi ekonomikoa izango dugu, baina, beti bezala, pasatuko da eta ahaztu egingo zaigu; ez dakit zenbat iraungo duen, baina, beti bezala, orbain batzuk utziko ditu kolektibo eta herrialde batzuen artean; 2) asiarragoak izango gara osasunean, eta gaixotasun jakin batzuetatik gehiago babestuko gara; 3) eskandinaviarragoak izango gara gure etxearekiko maitasunean, baita gure gizarte-harremanak mugatzeko orduan ere; 4) denok izango gara digitalagoak eta harreman birtuala gure bizitza presentzialaren parte bihurtuko da; 5) tokiko ezagutza eta talentua aldarrikatuko ditugu, azkar aldatzen den mundu honetan lehiakorrak izateko; 6) aspalditik egungoa bezalako erronkarik ezagutu ez duen gazteria bat izango dugu, eta ziur nago gai izango direla zaharren beharrei hobeto erantzungo dien mundu bat eraikitzeko, krisi honen paganoak izaten ari baitira, horietako asko beren gertukoen giza beroa sentitu ezinik joan direnak.
Eskala zabalagoetan pentsatu behar
NICOLAS GOÑI (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1980). Trantsizio ekologikoaren erronka anizkoitzetan interesaturik, Bizi mugimenduko kide da 2012tik, eta horren barruan, Euskal Herria Burujabe lantaldeko kide 2018tik.
Ulertuko ote dugu zer erran nahi duen interdependentzian egotea, hori da birus honen ondorioz datorkigun galdera nagusia. Maila handiko lehen erabakiak hartu ondotik, segituan beldurrak eta berekoikeriak bultzaturiko joerak ageri: nor gehiagoka erosketak egiten, etxean pastak, irina, edota komuneko papera metatzeko asmoz; nor zaluago autobideetan edo trenez hiri handietatik ihes egiten. Eta, horren ondorioz, supermerkatuetan gabeziak. Eta baliabide gutiagoko landa eremuetan, adineko pertsonak hiltzeko arrisku handiagoan. Metatuz eta ihes eginez beren burua babesten dutelakoan, ondokoaren segurtasuna hauskortzen, gizartean ezinegona zabaltzen dute.
Etikaren ikuspegitik traketsa (eufemismoa da) izateaz gain, oso gaizki kalkulatua da ere: ez gara bakoitza burbuila hermetiko batean bizi. Nire ondokoa ni bizi naizen mundu berean bizi da. Nire osasunari kaltetzen ahal dion birus bera harrapatu eta zabaldu dezake. Nire ondokoa egoera larrian uzten badut, horren ondorioak nik ere zuzen pairatu ditzaket. Eskala ttikian errazagoa da ulertzea: nire familia, lagunak, auzolaneko kideak... Pentsatu beharrik gabe axola zait horiek denak ondo egotea. Zirkulu zabalagoetan begirada hori izanen ote dugun, planeta mailara iritsi arte, horren arabera, pandemiak mundua aldatuko du, edo ez.
Ongi etorri nekropolitikaren arora
JULE GOIKOETXEA MENTXAKA (Donostia, 1981) Filosofian doktorea da, eta EHUn irakasle. Ekintzaile feminista, idazlea eta BERRIAko kolaboratzailea ere bada, besteak beste. 'Demokraziaren pribatizazioa' du orain arteko azkeneko liburua.
Biopolitikaren kontrakoa da nekropolitika. Lehena bizitzaren gobernua da. Bigarrena, heriotzaren gobernua. Gizateria jakin baten ezaugarria da norbera zeharkatzen ez duten egoerekiko indiferentzia. COVID-19ak horixe azaleratu du: gizabanako europarraren kontzientzia politiko-kolektibo eskasa. Pandemia gurera ailegatu baino lehen, oso gutxik sentitzen zuten orain zabaldu den amorrua edo mundua aldatzeko premia, eta, hala ere, gaurko mundua orain dela hamar hilabete genuen mundu bera da, nekropolitika neoliberalak sortutako mundua. Gure etxeetan sartu da heriotzaren gobernua, bihotzak eta gorputzak kolpatu ditu eta begirada zarratatu: oraingoan gu gara gaixotzen eta hiltzen utziko dituztenak, eta, tanatopolitika hau masiboa denez, arrastorik utzi gabe, memoriarik gabe desagertuko gara, egunero munduan milioika gizaki hiltzen diren bezalaxe. Subjektu izatetik objektu izatera pasatu gara; ez da mundua aldatu dena, ezpada guk munduan genuen posizioa. Gainontzekoentzat mundu bera dira gaurkoa eta atzokoa. Eta mundu bera izango da biharkoa. Atera dezagun burua magalpetik eta has gaitezen beste etika-politiko bat gorpuzten. Honaino ekarri gaituen etika-politikoak heriotza eta indiferentzia ditu lehengai; miopia, zoru eta zutabe.
Ospitaleak gailenduta, lehen arreta minduta
AMAIA BACIGALUPE DE LA HERA (Portugalete, Bizkaia, 1980) Soziologian lizentziaduna eta Osasun Publikoan doktorea da, eta EHUko irakasle. Osasun publikoaren eta gizarte desberdintasunen arteko eraginak aztertzen ditu, OPIK Osasunaren Gizarte Determinatzaileei eta Aldaketa Demografikoari buruzko Ikerketa Taldearen barruan.
Konfinamendu egun hauetan, ahots batzuk beste batzuen gainetik altxatu dira, diskurtso dominatzailearen kontalari gisa, eta, beraz, gertatzen ari zaigunaren kontakizuna idazteko aukera asko izango dituzte. Osasunaren alorrean, krisi honen ezaugarriak eta haren kudeaketa aztertzeko begirada ospitalezentrikoegiak eragina izango du, zalantzarik gabe, krisia bukatu ondoren. Eta horrela, klase politikoak, hedabideek eta sare sozialek krisi honetako protagonistei buruz darabiltzaten diskurtsoen errepresentazio sozialean ezer aldatzen ez bada, Lehen Arretak sentitu egingo ditu jasandako kolpeak eta orain arte eduki dituen zaintza eskasak, behin berriro. Birusari lehendabizi aurre egin zioten profesionalak, kutsatu diren edo sintomak dituzten milaka pertsona artatzeko osasun zentroak egokitzen aritu direnak, ospitaleetan bukatu behar ez izateko gure etxeetan zaintzen aritu zaizkigunak, berriro, bigarren mailako aktore bihur daitezke postkrisiaren pelikulan. Ziurrenik, biharamunean Lehen Arreta ahulduago bat izango duen osasun sistema bat edukiko dugu, berriro ere bere burua berreraiki beharko duena, instituzioen konpromiso urriarekin.
TXAKUR GORRIA
2008
ANJEL LERTXUNDI ESNAL (Orio, Gipuzkoa, 1948) Irakasletza eta Filosofia eta Letretan lizentziaduna da, eta idazle oparoa. Hainbat hedabideren kolaboratzaile izan da, eta BERRIAn ari da sorreratik. EIEren sortzaileetako bat da, eta euskaltzain urgazlea ere bai.
Iragana eta oraina dira errealitatearen egoitzak. Etorkizunak zer ekarriko digun, ez dakigu. Jakitez, ez dakigu non bizi den ere. Etorkizuna, galdera-ikur bat da. Txerri-gantxoa, ikastolan esaten genuen bezala: bakoitzak iruditzen zaiona zintzilika dezake bertatik. Oraingoan pandemia batek jarri gaitu etorkizuna imajinatzen. Ez da egia ez dugula halakorik ezagutu: historian, zientzian, literaturan dauzkagu ebidentziak. Medikuntza, epidemiak, gizakiaren alde onenak eta kriminalenak, izuaren ibilerak, heriotzaren karkara hotza... Etorkizunak espekulatzeko balio digu; orainaren eta iraganaren ispiluak, ordea, bertan begiratzeko. Ikasteko.
Optimistatzat naukate hurbilekoek; pandemiak, ordea, pesimista egin nau. Hobeto esateko, 2008ak egin nau pesimista, ezagutu dugun azken krisi handiak. Gure azken esperientzia traumatiko kolektiboak. Memorian daukagu, oso berri. Ekonomikoa zen krisia, baina hark ere hildako asko ekarri zuen ahaztu bazaigu ere; eta bide bazterrean abandonatutako biktima konta ezinak; eta ordutik pobreziaz gaixo bizi direnak, nik ahal dakit zenbat. Asko ikasiko omen genuen krisi hartatik. Gizakiok gure alde ona erakutsiko omen genuen. Ordutik aurrera -agoak izango omen ginen —solidarioagoak, austeroagoak, ekologistagoak—, gizartea ez omen zen jada krisiaren aurreko gizartea. Egia. Susto Handia indarra galtzen hasi zen puntutik beretik indarra galtzen hasi ziren gure asmo onak ere, eta, betiko martxara itzulirik, insolidarioagoak, kontsumistagoak, hondatzaileagoak izaten segitu genuen berriro, eta Susto Handiak bide bazterrean utzitako jendearekin ahaztu ginen. Krisi hark erantzuleak zituen. Humanoak. Libre segitzen dute. Agintzen.
Pandemia ez da humanoa, baina jatorriak eta gure zabalkundeak, eta Hirugarren Munduko gaitzen ikerketa zientifikoen minimoaren nanoak asko du humanotik. Gaurko pobrezia tasak ere —jada txikituko ez omen direnak adituek pandemia etorri aurretik esaten zutenez— humanoek sortutako krisi hartatik datoz; gu, ordea, ematen dugu ezetz. Krisi hark mundua aldatuko omen zuen. Ez genuen esaten mundua guk aldatuko genuenik.
Etorkizuna orain da.
Krisiaren eraginak
XABIER BARANDIARAN IRASTORZA (Ataun, Gipuzkoa, 1969) Zientzia Politikoetan lizentziaduna eta Soziologiako doktorea da. Irakasle aritzen da Deustuko Unibertsitatean, eta Gipuzkoako ahaldun nagusiaren aholkularia ere bada.
COVID-19ak sortutako krisiak globalizazio eredu honen orain arteko ekonomiako, gizarteko eta politikako joera nagusiak areagotuko ditu: gizarte desberdintasunak nabarmenagoak izango dira, demokrazia liberalaren krisia ageriagoan jarriko da eta etorkizunari aurre egiteko agenda politiko berri bat kudeatzen hastea inoiz baino ezinbestekoagoa izango da.
Lehenik, krisi ekonomiko larri baten aurrean gaude, eta ahulenak gogor kolpatu ditzake. Baliabideak dituztenek eta ondo prestatuta dauden enpresa lehiakorrek egoera honi aurre egingo diote. Ziurrenik, egoera honek herrialde aberatsen eta pobreen arteko diferentzia handituko du, eta baita herri bereko aberats eta pobreenen arteko distantzia ere. Erakunde publikoek ez ezik, herritarrok ere ahalegin berezi bat egin beharko dugu baliabide publikoetan lehentasunak ondo finkatzeko (behar gehien duena babestuz) eta herri elkartasuna aktibatuz izaera askotako ekimenen bitartez.
Bigarrenik, demokrazia liberalaren krisia areagotu egingo du. Gizarte aurreratuetako demokrazietan ematen ari den desafekzio prozesua indartu egingo da eta herritarren haserreaz baliatuz ikuspegi demokratikotik urruntzen diren proiektu politikoen garapena areagotuko da.
Hirugarrenik, inoiz baino premiaz- koagoa izango da etorkizuna ondo prestatzea: transizio energetikoaren bitartez klima aldaketari aurre egitea, digitalizazioan oinarrituriko aldaketa teknologikoan erabat murgiltzea, gizarte kapitalaz baliatuz elkartasun sistemak indartzea, eta sistema demokratikoaren birgaitzeko prozesu sakon bat garatzea lankidetzazko gobernantzan oinarriturik.
Oreka eta askatasuna
GARAZI GOIA IMAZ (Segura, Gipuzkoa, 1978) ikus-entzunekoetan aditua eta idazlea da. Hamar bat urtez BBCn lanean aritu ondoren, orain Sky etxean Estrategia zuzendaria da. Londresen bizi da.
Telelanak batzuei iradokitzen zien zalantzen inguruko mito guztiak lurpean utzi ditu koronabirusak. Etxetik edo edonondik lan egitea berdin dela eta askotan produktibitatea igotzen dela ebidentzia badugu orain. Presentismoari leial ziren erretorika arkaiko guztiei irakatsi ederra eman die, eta bulegoetako 9-5 ordutegiaren amaiera markatuko duen ibilbidea hasi dugu. Nire lantokian hasi gara dagoeneko etorkizuneko lantaldearen ezaugarriak definitzen. Konfinamenduaren garaian izan ditugun interakzio profesional berriekin jarraituko dugu, beraz, bulegoaren eta telelanaren arteko beste oreka berri batekin.
Orekaren testuinguruan, familia eta lanaren arteko mugan dantza mota ezberdinak daudela eta marra ez dela hain zurruna erakutsi digu. Interpretazio pertsonaletarako lekua dagoela alegia, nire ordutegia eta zurea ez direla zertan berdinak izan behar. Aurretik gauza asko esanda eta eginda genituen, baina orain legitimatu egin du.
Baina ni askatasunaren balioarekin eta lau paretetatik at norbere espazioa izateko derrigortasunarekin gelditzen naiz. Norbera den hori izateko, nahi duen lekura joateko, ezer ez egiteko, pentsatzeko. Hemendik aurrera askatasun hori gehiago estimatuko dugula iruditzen zait.
Zisneak, narrastiak eta mamiferoak
IGOR AHEDO GURRUTXAGA (Bilbo, 1973) Soziologia Politikoan lizentziaduna eta Zientzia Politikoetan doktorea da. Irakasle aritzen da EHUn, eta dozenaka artikulu eta ikerketa argitaratu ditu.
Carl Sagan jenioak duela urteak iradoki zuen dinosauroak ziren odol hotzeko narrasti indibidual eta asozialen bukaera, agian, gertatu zela, milaka eta milaka odol beroko mamifero sozial, enpatiko, antolatu eta narrastiak zaintzeko gai ez ziren kumeez elikatzeko behar bezain inteligenteak zirenen kontra lehiatzeko ez zirelako gai izan, nahiz eta ankerragoak, jatunagoak eta bolumen handiagokoak izan. Big bang-a, hortaz, boteretsu batzuen egokitzeko ezintasunetik etorriko litzateke, animalien erreinuan inorez batzuk ziren horiek bizirauteko efikazagoak agertu baitziren, haien sozializatzeko ahalagatik, jakin-minagatik eta elkar laguntzeko joerarengatik.
Ez dakigu nolakoa izango den mundua krisi honen ondoren. Baina historiaren norabidea alda dezakeen zisne beltz honek zerbait erakutsi du: neoliberalen narrasti logika ez da adaptatiboa, eta hondamendira garamatza, espeziea eta planeta. Paraleloan, garen bezala erakutsi gaitu: mamifero batzuk esnatu direnak indibidualtasun neoliberalaren narrasti ametsetik, eta deskubritu dutenak enpatia, zaintza eta hor kanpoan dagoenarekiko jakin-mina direla humano egiten gaituztenak. Eta kanpora aterako garenean, bizkorrak baldin bagara, suge neoliberalen arrautzak berriro ez eklosionatzeko aukera izango dugu.
34 zenbakia
ENEKO AXPE (Barakaldo, Bizkaia, 1986) Fisikan doktorea da, eta Marie Curie Postdoctoral Fellow gisa ari da Stanford Unibertsitatean eta NASAn, 2018tik.
Kalifornian nago, San Frantziskoko estudio txiki batean konfinatuta, garagardo bat edaten. Alexandre Dumas-en El Conde de Montecristo liburua irakurtzen ari naiz. A ze istorio harrigarria: protagonista ni bezala dago konfinatuta, gauzatu ez zuen krimen batengatik. Dantès kartzelan dagoenean, bere izena galtzen du, eta «34 zenbakia» deitzen diote. Bat-batean, nire mugikorrean dei bat jaso dut. Zenbakia +34 batekin hasten da. 10.000 km-tik, BERRIAko kazetari batek deitu nau telefonoz:
«Gustatuko litzaizuke artikulu bat idaztea? Nola aldatuko du koronabirusak mundua?, hori da gaia. Argi utzi nahi dizugu ez garela galdetzen ari Nola aldatu beharko luke munduak?, ezta Nola nahiko nuke nik mundua aldatzea? ere. Ariketa analitiko bat eskatu nahi dizugu».
Baietz esan diot deitu didan morroi jatorrari. «Zelako marroia», pentsatzen dut segituan. Baina beno, Dantès ni baino jodituago dago momentu honetan. Liburua itxi, eta koronabirusak mundua zelan utziko duen analizatzea erabaki dut... 34 puntutan. Taula batean laburbildu ditut, ez irakurleari lana errazteko, baizik eta ahalik eta lasterren irakurtzeko Dantès-en konfinamendua noiz eta nola bukatuko den. Eta nire garagardoa edateko, baita ere.