ZirHika taldeko kideak

Uxoa Elustondo Arzallus eta Idoia Etxeberria Elorza: «Noka ez dago inon osasuntsu; ia-ia azken arnasetan dago»

Hika ikastaroak, hikalaguna... Euskal Herriaren luze-zabalean bada mugimendua hitanoa biziberritzeko; horretan ari direnek ZirHika sortu dute.

MAIALEN ANDRES / FOKU
MAIALEN ANDRES / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2025eko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zenbait eragileren artean kezka bat piztua da aspalditxoan: hitanoa —noka gehienbat— ez ote dagoen galbidean. Horri erantzun nahian, ZirHika taldea sortu dute, euskaldunak zirikatzeko, hitanora erakartzeko. Erne berri den taldeko kideak dira Uxoa Elustondo Arzallus (Amasa-Villabona, Gipuzkoa, 1986) eta Idoia Etxeberria Elorza (Oñati, Gipuzkoa, 1977).

Zer da ZirHika?

UXOA ELUSTONDO: Hitanoa —bereziki noka, neskei egiten zaien hika— biziberritzeko sortu den taldea da; Euskal Herri osoko hainbat hika eragilek parte hartzen dugu. Ikusten dugu hitanoa tresna paregabea dela kalean eta lagunartean erabiltzeko, hizkuntzari freskotasuna eta adierazkortasuna ematen diolako; gaur egun, gazte gehienek ikastetxeetan euskaraz ikasten duten arren, kalean erdarara jotzen dute, adierazkortasun, bat-batekotasun, informaltasun baten bila. Eta euskarak ere badu berez gazteen hizkera informala: hitanoa. Gure asmoa da euskaldunen artean —bereziki gazteen artean— hitanoa areagotzea eta sendotzea, hizkuntza ohiturak aldatzeko, hiztunak aktibatzeko eta, azkenean, euskararen erabilera indartzeko. Erreminta honek, agian, euskararen erabileran eragin positiboa izan dezake.

Zenbait herritan badago mugimendua hitanoa suspertze aldera. Horietan du ernamuina ZirHikak, ezta?

IDOIA ETXEBERRIA: 2023an egon zen Euskal Herriko I. Hika Topaketa, eta hor elkartu ginen herrietan hika bultzatzen ari garen 80 hika eragile, eta hortik sortu zen elkarlanean Euskal Herrian hitanoa bultzatzeko asmo eta mugimendu hori.

Datu batzuk ere eman dituzue. Horien argitan, zein da hitanoaren egoera Euskal Herrian?

ETXEBERRIA: Ezin da esan egoera ona denik. Badihardugu euskara elkarteak inkesta bat egin genuen, eta 4.200 erantzun baino gehiago jaso genituen 287 herritatik; %11k bakarrik esaten zuten egoera ona dela; eskasa edo oso txarra zela, berriz, %55ek. Desberdintasun handiak daude herri batetik bestera: ondoen herri euskaldunetan mantendu da, herri txikietan, baina denetan dago zeregina orokorrean hitanoa eta bereziki noka bultzatzeko.

Beraz, hitanoa hauspotu beharra ikusten duzue, noka bereziki.

ETXEBERRIA: Nokaren egoera da okerrena. Toka toki batzuetan oraindik erabiltzen da: adibidez, Oñatin, Azkoitian, Azpeitian... eta herri txiki askotan. Baina nokaren inguruan egon da uste bat esaten zuena emakumeak fina izan behar zuela, hika hitz egitea ez zela emakumeentzat... Hor egon dira hitanoaren inguruko aurreiritzi batzuk ez dutenak batere lagundu; pena da, zeren garai batean neska-mutil denek egiten zuten hika, normal, eta nahi genuke hori berreskuratzea, ez izatea mutilen kontua bakarrik.

ELUSTONDO: Noka ez dugu inon ikusten osasuntsu; ia-ia azken arnasetan dago. Batez ere, nokaren galerak ekarri du mugimendu bat.

ETXEBERRIA: Feminismoan badago noka bultzatzeko mugimendu bat, ahalduntzeko tresna moduan ikusten baita; azkenean, genero arrazoiengatik joan da galduz.

Zer egin daiteke beren-beregi noka bultzatzeko?

ETXEBERRIA: Ezinbestekoa da tokian tokiko aditz formak jasotzea, tokakoak eta nokakoak, erakutsi eta erabili ahal izateko. Hori da lehenengo pausoa. Gero, hikalaguna dago, hika ikastaroak... Toki batzuetan, ikastetxeetan ere ari dira gaztetxoekin, aditz formak-eta eskura jarri eta ikastetxean praktikatzeko aukera ematen; uste dut garrantzitsua dela. Hau arnasa luzeko ariketa bat da.

Zirhikak 2025erako egitasmoak ere zehaztu ditu. Zeintzuk izango dira nagusiak?

ETXEBERRIA: Euskaraldia Hika daukagu esku artean, Euskaraldiaren barruan hitanoa txertatzeko ariketa. 83 herrik eman dute izena. Oso datu polita da; badirudi badagoela hitanoaren aldeko olatu moduko bat.

ELUSTONDO: Azkenean, txapan H bat jartzea da; horrekin zera adierazten da: «Nahi baduzu, nirekin hika hitz egin dezakezu». Bakoitzak erabakiko du ahobizi edo belarriprest izan. Horrela, hiztunak aktibatuko dira, baita hika plazaratu ere. Gainera, ez dago hitanoa jakin beharrik H hori ipintzeko; aski da entzun nahi izatea, solaskideari hika egiteko aukera ematea.

ETXEBERRIA: 2025eko beste egitasmo inportante bat II. Hika Topaketa antolatzea izango da; Markina-Xemeinen izango da, azaroan, eta jada hasi gara prestaketa lanekin. Bigarren hikadromoa ere egingo dugu, berriz ere Durangoko Azokan. Gero, plan estrategiko bat egiteko asmoa daukagu, baita praktika onen dekalogo bat ere, hika bultzatu nahi dutenek jakin dezaten zer pauso eman eta beste toki batzuetan zer egin den. Eta saiatuko gara aztertzen nola txerta daitekeen hitanoa Bertsozale Elkartearen Bertso Udalekuetan eta UEMAren Salto udalekuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.