Arabako Foru Aldundian gertatu da Eusko Jaurlaritza osatzeko izendapenek eragindako lehen mugimendua. Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu karguaren zina eginda, Amaia Barredok Arabako Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natur Inguruneko diputatu izateari utzi zion, eta haren eginbeharrak banatuko ditu orain lurralde hartako aldundiak. Hala, Dulantziko zinegotzi Noemi Agirre izango da Nekazaritza diputatua.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ostiralean sinatuko ditu lurralde hartako gobernua eraberritzeko bi dekretuak, Barredok utzitako hutsunea betetzeko. Batetik, Nekazaritza Saila eratuko dute, eta Agirrek hartuko du horren lema; uztailaren 1ean egingo du zina. Hura Dulantziko Udaleko zinegotzia da 2019tik, eta jeltzaleen alkatetzarako hautagaia izan zen 2023ko bozetan. Ingeniari agronomoa da, eta Lursare Ekosistemas aholkularitza enpresan aritu da azken urteetan.
Bestetik, legealdi hasieratik Barredoren esku egon diren Jasangarritasun Departamentua eta Trantsizio Energetikoarena sailez aldatuko dira. Garapen Ekonomikoko eta Berrikuntzako diputatu Saray Zaratek hartuko du horien ardura. Hala, izena ere aldatuko diote sailari: Garapen Ekonomikoa eta Jasangarritasuna.
Hori ez da Eusko Jaurlaritzako sailburuen izendapenak eragingo duen aldaketa bakarra. Mikel Torres bigarren lehendakariordeak astelehenean utzi zuen Portugaleteko (Bizkaia) alkate kargua, eta Maria Jose Blanco alkateordeak hartu du haren lekua behin-behinean. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, laster erabaki beharko du ea nork ordezkatuko duen Maria Ubarretxena. Hura Bide Azpiegituren Departamentuko diputatua izan da oraintsu arte, baina atzo Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuaren kargua hartu zuen; hura izango da Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea.