Noelia Dacosta: «EHUko desgaitasun arauaren aldaketa berandu dator»

EHUk graduondokoan elbarrientzako laguntza ukatu diola salatu du Dacostak legebiltzarrean

Sonia Reviriego, Noelia Dacosta eta Karmele Antxustegi, atzo, batzordera sartu baino lehen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jone arruabarrena
2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
«Nire kasua jendaurrean salatzen ibili naizen fase hau itxi nahi dut agerraldi honekin». Hala adierazi zuen Noelia Dacostak atzo, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean: aurrerantzean, instituzioen esku utziko du egin beharreko aldaketak gauzatzea, urte luze baten ondoren. Izan ere, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen III. Inklusio Plana aldatzea eskatzen ari da, elbarriei eman beharreko zerbitzuak zehazten dituen atala, hain zuzen. 26 urte ditu Dacostak, eta garun paralisia dauka; EHUko Gasteizko campusean Gizarte Langintza ikasketak bukatuta, Gizarte Zerbitzuen Kudeaketa eta Berrikuntza graduondoari ekin zion, eta, graduan EHUk laguntzaile bat ahalbidetu zion arren, graduondoan ukatu egin dio, ikasketa horiek master ofizial bat ez direla argudiatuta. EAEko Arartekoak ere berriki aztertu du haren kasua, eta arrazoia eman dio: «Behar bereziak dituzten ikasleek diskriminaziorik gabeko eta aukera berdintasunean oinarritutako hezkuntza jasotzeko eskubidea dute».

Atzo, EAJko Gorka Alvarez batzordeburuak adierazi zuen EHU «kontziente» dela arazoaz, eta unibertsitateak jakinarazi diela «datorren ikasturtea hasterako» araudia aldatuko duela, eta graduondokoak ikasten dituzten eta desgaitasunen bat daukaten ikasleentzat ere laguntza zerbitzua ezarriko dutela. Dacostak pozik hartu zuen albistea, baina mesfidati agertu zen: «Nire begiekin ikusi arte ez dut sinetsiko».

Gaineratu zuen legedia aldatuta ere berarentzat «berandu» datorrela egokitzapena: «Pozten naiz nire atzetik datozenentzako lagungarria izango delako, baina niri jada ez zait iritsiko laguntza hori». Haren ama Sonia Reviriego ere izan zen batzordean, eta adierazi zuen elbarritasuna duten pertsonen familiak «itota» daudela: «Ez da ikusten familiek atzetik egiten dugun lana». Haren alabak laguntzailerik izan ez duenez, berak egin behar izan du lan hori ikasturte osoan zehar. «Gurpil aulki batean nago, eta txamarra kentzeko, ordenagailua mahai gainean jartzeko, liburuak ateratzeko, komunera joateko: guztietarako behar dut laguntza», azaldu zuen Dacostak BERRIAn apirilean.

«Nor arduratu behar da ama honek emakume eta pertsona gisa dituen eskubideez ere?», galdetu zuen ama-alabekin batera agerraldian parte hartu zuen Karmele Antxustegik —EAko legebiltzarkide ohia da—. Horrez gain, gehitu zuen «kezkagarria» dela unibertsitateko araudiak desgaitasunak dituzten pertsonen eskubideak «mugatzea». Hezkuntza lege berriari egin zion erreferentzia, eta bertan elbarrituen eskubideak «lehentasun bat» izateko eskatu zuen: «Eta ez sobera dagoen diruarekin ematen diren zerbitzu batzuk». Batzordea osatzen dute EAJk, PSEk, EH Bilduk eta PP-Cs taldeak, eta horietako kideak bat etorri ziren eskaerarekin, eta EHUren araudia moldatzeko eskaera babestu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.