Estreinakoz grabitate uhinak atzeman zirela jakitea izan zen iaz, dudarik gabe, urteko zientzia albiste esanguratsuenetariko bat, eta atzo jakin zen aurkikuntza horretan giltzarri izan ziren hiru zientzialarik jasoko dutela aurten Fisikako Nobel saria: Rainer Weissek, Barry C. Barishek eta Kip. S Thornek, hain zuzen ere. Hamarraldi ugari zeramatzatenikertzaileek uhin horien existentzia egiaztatzeko ahaleginetan, eta, horregatik, iazko otsailean LIGO behatokiko arduradunek uhinak atzeman ahal zituztela esan zutenean, oihartzun handia izan zuen albisteak; azaldu zutenez, 2015eko irailean izan zen aurkikuntza, baina hilabeteak behar izan zituzten egiaztatzeko.
Grabitate uhinak espazioko uhinak dira, espazioan eta denboran gertatutako desitxuratzeak; Albert Einstein ikertzaileak erlatibitatearen teoria taxutu zuenean eman zuen horien berri,XX. mende hasieran, eta ordutik ugariak izan dira horiek atzemateko ahaleginak. Batez ere, gizaldi hartako 50. hamarralditik aurrera, izan ere, orduan hainbat kalkuluk frogatu zuten energia garraiatzen zutela uhin horiek, eta, beraz, atzeman zitezkeela. Ate berri bat ireki zen orduan, espero ez zena. Einsteinek berak esana utzi zuen seguruenera inoiz ezingo zirela neurtu:uste zuen ilusio matematiko batean besterik ezingo zirela erakutsi. Behin lanean hasita, nahi eta ezinaren erakusgarri izan ziren saio asko; orain saritu dituzten hiru ikertzaileek LIGO behatokiaren oinarriak jarri ahala, ordea, horretarako gero eta saio doiagoak egin ziren. Zientzialariek lortu zuten, gainera, ikertzaile sare zabal bat jartzea elkarrekin egitasmoaren inguruan lanean; mila aditutik gora aritu ziren, mundu zabalean. Eta, hala ere, hamarraldiak behar izan zituzten aurkikuntza egin ahal izateko. Hortik albisteak izan zuen oihartzuna; zientzialariek adierazi zuten kosmosa ikertzeko beste modu bat ekarriko zuela.
Ideia hori berretsi zuten atzo Suediako Zientziaren Errege Akademiako arduradunek sariaren berri ematean: «Espazioko jazoerarik bortxazkoenak ikusteko era guztiz berri bat dakarte uhin klase horiek, eta gure jakintzaren mugak proban jarriko ditu».
Nobel saria ekarri dute grabitazio uhinek
Rainer Weiss, Barry C. Barish eta Kip S. Thorne ikertzaileek jasoko dute Fisikako Nobel saria. Otsailean jakin zen lortu zutela grabitate uhinak atzematea; hamarraldiak zeramatzan zientziak ahaleginean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu