Noaingo gas eztandan zauritutako gehienek sendagiria jaso dute

Hiru lagun ospitalean dira oraindik: 22 urteko mutil bat zaintza intentsiboetan, 49 urteko emakume bat traumatologia unitatean eta 13 urteko neska bat. Egonkor dira hirurak.

Etxetik aterarazitako bizilagunetako bat, Noaingo gizarte etxean, larrialdietako langile batekin hizketan. IÑAKI PORTO / EFE
Etxetik aterarazitako bizilagunetako bat, Noaingo gizarte etxean, larrialdietako langile batekin hizketan. IÑAKI PORTO / EFE
Ion Orzaiz.
2025eko urtarrilaren 16a
10:30
Entzun

Noaingo (Nafarroa) gas eztandan zauritu ziren gehienak etxean dira jada, sendagiria jasota. Orotara bederatzi lagun artatu zituzten astelehenean, deflagrazioak eragindako zauriengatik, gas toxikoa arnasteagatik edo antsietate koadroengatik. Horietatik bi herriko osasun etxean artatu zituzten, eta gainerako zazpiak, berriz, Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman. Bi pertsonak biharamunean jaso zuten sendagiria, zauriak ondo sendatzen ari zitzaizkielakoan; atzo iluntzean, beste bi atera ziren erietxetik. Hortaz, hiru lagun daude oraindik orain Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan: 22 urteko gazte bat zaintza intentsiboko unitatean, 49 urteko emakume bat traumatologia unitatean eta 13 urteko neska bat. Neska gaur eraman dute ZIU pediatrikotik gela arrunt batera.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren arabera, zaintza intentsiboetan gaztea «larri» dago, baina egonkor. Arriskutik kanpo, alegia. Traumatologia unitatean ospitaleratua dagoen emakumea ere egonkor da.

Eztandaren lekuko izan ziren bizilagun askori arta psikologikoa ere eskaini zieten han bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.