Hasi dira bueltatzen. Noaingo Zabalegiko Kontzejua kaleko bizilagunak hasiak dira etxera itzultzen, bi egun hoteletan edo senide eta lagunen etxeetan aterpetuta eman ostean. Astelehenean ebakuatu zituzten, kale horretan gertatutako gas eztanda dela eta, eta gaur arratsaldean eman diete itzultzeko baimena 80 bat etxetako bizilagunei. Hain zuzen, gas isuria gertatu zen tokitik urrunen dauden etxeetako bizilagunak dira etxera bueltatzen hasi direnak, teknikariek kale osoko hoditeria ikertu eta akatsik edo anomaliarik ez dagoela frogatu ostean. «Lasaitasuna» helarazi nahi izan du gaur Nafarroako Gobernuko Barne, Funtzio Publiko eta Justizia kontseilari Amparo Lopezek: «Etxeetara bueltatzea segurua da».
Zabalegiko Kontzejua kaleko 20. eta 30. zenbakien arteko etxebizitzetako bizilagunek, berriz, egonean egon beharko dute datozen egunetan ere. Kalteak larriagoak dira etxe horietan, eta oraingoz, behintzat, han bizi direnak arropa jasotzeko soilik itzuli ahalko dira. Lopezek gaur adierazi duenez, 40 etxe horietako zortzik —eztandatik gertuen zeudenek— «kalte larriak» jasan dituzte, eta ez dakite noiz ahalko diren bizilagunak itzuli. Beste 32 etxeetako bizilagunak kalteak konpontzean bueltatu ahalko dira, nahiz eta Lopezek ez duen data zehatzik eman.
Eztanda eta gas isuria zergatik gertatu ziren argitzea, horra Foruzaingoak eta Guardia Zibilak elkarlanean abiatu duten ikerketaren helburu nagusia. Hala ere, badago beste galdegai bat: nork eman zien bizilagunei etxera itzultzeko baimena astelehenean bertan, bigarren eztandaren aurretik eta artean gas isuria konpondu gabe zegoenean? Horri buruz galdetu diote gaur Lopezi, baina ez du azalpenik eman. Auzi hori polizia ikerketak argituko duela adierazi du Lopezek, baina aurreratu du «luze» joko duela.
Kontseilariak azaldu duenez, gas horniduraz arduratzen den enpresak esan zien larrialdi zerbitzuei ordurako ez zegoela arriskurik. Hala ere, uste du «prozesu osoa aztertu eta gertatutakoa egiaztatu» beharko dela urratsez urrats: «Informazio guztia bildu, gertatutako guztia ulertzeko». Zuhurtziaz jokatzeko galdea egin du Lopezek, eta, datozen egunetako bide orriari dagokionez, esan du bizilagunak etxera itzultzeko prozedura osoa Noaingo Udalaren, Udaltzaingoaren, Guardia Zibilaren eta Foruzaingoaren artean adosten ari direla, «gas enpresak emaniko informazioan oinarrituta eta suhiltzaileen laguntzarekin». Kontseilariaren esanetan, eragile guztien helburua da «ahal bezain laster bermatu ahal izatea familiak segurtasun osoz itzultzen ahal direla etxera».
Lopezek gaineratu du teknikariak lanean ari direla oraindik ere, «probak egiten, gas isuririk ez dagoela egiaztatzeko». Areago, esan du Nafarroako Gobernua «zenbait planotan» ari dela lanean, bizilagunen itzulera segurua bermatzeko: «Lehenik eta behin, Osasun Departamentuaren lehentasuna da zaurituek sendagiria jaso dezatela ahal bezain laster. Bestalde, gure asmoa da etxetik ateratako familia guztiek aukera izan dezatela beren egunerokora itzultzeko. Eta hirugarrenik, Poliziaren ikerketa lerroa dugu: Foruzaingoa eta Guardia Zibila informazioa eta datuak biltzen ari dira orain, txostena ontzeko».
Planetarioa «birpentsatzen»
Iruñeko planetarioko suteari dagokionez ere, Poliziaren ikerketaren zain dago Nafarroako Gobernua. Kultura, Kirol eta Turismo kontseilari Rebeca Esnaolaren esanetan, kalte materialen ebaluazioa egin beharko da, eraikinaren etorkizunari buruzko erabakiak hartu aurretik. Hala ere, adierazi du arduradunen asmoa dela planetarioko kupula birgaitzea: «Beste kontu bat da espazio hori nola dagoen eta zenbat denbora kostako den [hura konpontzea]. Kronograma edo egutegi bat zehaztu beharko dugu». Gaiaz informatzeko tenorean ere, «seriotasuna eta zuhurtzia» eskatu ditu, «konfirmatu ezin litezkeen hipotesiak botatzen hasi aurretik».
Nafarroako Suhiltzaileak eta Foruzaingoa gaur sartu dira eraikinera lehen aldiz, suaren jatorria ikertzeko eta kalteak ebaluatzen hasteko. Esnaolaren esanetan, asteartean ziren horretan hastekoak, baina ezinezkoa izan zen planetariora sartzea, «eraikinaren tenperaturarengatik eta airearen toxikotasunagatik». Hala ere, kontseilariak azaldu du asteartean jada «monitorizatu» egin zutela suteak detektatzeko sistema, eta ondorioztatu zuten «sistema guztiek behar bezala funtzionatu zutela». Hortaz, suhiltzaileen ikerketak argitu beharko du zerk piztu zuen sua eta nola hedatu zen. Kontseilariak gaineratu du planetarioak «eguneratua» zuela asegurua, «Nafarroako Gobernuaren espazio publiko orok bezala».
Planetarioko egitarauari dagokionez, Esnaolak adierazi du jarduera guztiak «birpentsatuko» dituztela: «Kupulan egiten ziren proiekzioak, jakina, bertan behera utzi beharko ditugu, eta denbora beharko da horiek berreskuratzeko, baina bestelako jarduerei eutsi nahi diegu, beste esparru batzuetara egokituta».