Historia

Noaingo batailaren 500. urteurrenaren ekitaldiak atzeratu egin dituzte, Voxen esku hartzearengatik

Larunbatean zen egitekoa Nafarroako Erresumak Gaztelaren aurka borrokatu zuen azken guduaren ekitaldia. Vox alderdiak iragarri zuen ordu eta leku berean beste ekitaldi bat egingo zuela.

Noaingo guduaren monumentua, Getzen. JORAB
Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 22a
17:20
Entzun

Ekainaren 30ean 500 urte beteko dira Noaingo guduan (Nafarroa) nafarrek Gaztelaren mendeko tropei aurre egin zietela, Getzen. Nafarroako Erresuma berreskuratzeko eginiko hiru saioetatik azkena izan zen. Hori gogoratzeko, ekitaldia egin asmo zuten larunbatean, Noaingo Bataila elkarteak antolatuta, gudua gogoratzeko monumentuan. Lore eskaintza bat egin asmo zuten, eta testu bat irakurri. Badira 29 urte halako ekitaldi bat egiten dutela gudua gogoratzeko.

Baina Vox eskuin muturreko alderdiak asteburuan iragarri zuen ekitaldi bat egingo zutela egun, ordu eta leku berean. Hori ikusita, Getzeko kontzejuak atzo adierazi zuen larunbatean monumentuan sartzea debekatuko zuela, «gatazkarik ez sortzeko» eta «herritarren segurtasuna» bermatzeko.

Gaur goizean prentsaurrekoa egin du Noain 500 urte plataformak, eta, adierazi dutenez, ekitaldiak atzeratzea erabaki dute, eta dei egin dute «probokazio orotik aldentzeko». Beste egun batean egingo dituzte programaturiko ekitaldiak, beraz.

Getzeko kontzejuaren erabakiarekin harrituta agertu dira, azken hamarkadotan ez delako gatazkarik sortu ekitaldiaren inguruan. Voxen deialdia debekatzeko eskatu dute. «Bilatzen duen bakarra da urte luzez modu baketsuan jardun duen kolektibo baten adierazpen askatasuna oztopatzea». Edonola ere, adierazi dute ez dutela bigarren Noaingo batailarik nahi. «Gertatutakoak argi uzten du gure historia ezagutzearen eta errealitateari lotutako errelato bat sortzeko elkarlanaren garrantzia, 500 urteren ondoren zabalik dauden zauriak ixten joateko».

Adierazi dute ez dutela baztertzen hurrengo deialdia egiten dutenean eskuin muturra berriz zapuzten saiatzea.

Noaingo guduaren 500. urteurrena dela eta, eta datorren urtean Amaiurko gazteluko (Nafarroa) setioaren mende erdia beteko delako, Nafarroa Berriz Altxa herri ekimena aurkeztu zuten apirilean. Hainbat ekitaldi egiten ari dira Nafarroan horren harira. Maiatzaren amaieran, esaterako, ekimenarekin lankidetzan, Noaingo batailaren inguruko kantu bat estreinatu zuen Tafallako Rotten XIII taldeak.

Apirilean aurkeztu zuten Nafarroa Berriz Altxa ekinbidea, Iruñeko Ziudadelan. Leku hura aukeratu zuten, konkistatzaileek «Iruñea menderatu eta kontrolpean mantentzeko» eraiki zutelako gotorlekua. Ekainaren 19an manifestazioa egin zuten Iruñean.

«Konkistatu gintuzten arren, ez gaituzte guztiz menderatu», adierazi zuten Amagoia Susperregi eta Joseba Compains bozeramaileek, eta burujabetzaren alde mobilizatzera deitu zuten: «Ez dugu eskumenik gure arazoak hemen kudeatzeko, eta Madrilgo aginte bakarraren menpe bizi gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.