Datorren ikasturterako aurrematrikulazioa egiteko epea hilaren 20an hasiko da Nafarroan. Kanpaina jarri du martxan Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteak, eta gurasoak sare publikoko D ereduko zentroekin bat egitera deitu dituzte. «Hurbilak gara, eta konfiantza ematen dugu; D ereduko ikasleak hiru hizkuntzatan aritzeko gai dira; eta murgiltze prozesuan beste edozein ereduk baino esperientzia gehiago dugu», nabarmendu zuen atzo, Patxi Larrainzar ikastetxeko zuzendari Beatriz Casanovak. NIZEn 59 zentrok egiten dute bat: 1.128 irakaslek eta 11.400 ikaslek baino gehiagok.
Casanovarekin batera, D ereduko bertze hainbat ikastetxetako zuzendari agertu zen atzo jendaurrean. Azken hilabeteotako D ereduaren aurkako kanpaina bazter utzi nahi izan zuten, eta haien lana «kalitatezko hezkuntza» eskaintzea dela nabarmendu zuten. «30 urte baino gehiagoz aritu gara lan horretan», erantsi zuen Hegoalde ikastetxeko zuzendari Aitor Etxartek.
Seme-alabak D ereduko ikastetxe publikoetara eramatera deitu zituzten Nafarroako gurasoak, eta bereziki helarazi nahi izan zieten haien mezua kanpotik etorri diren familiei. «Animatu nahi ditugu haien seme-alabak aniztasuna errespetatzen duen eredu batera eramatera», erran zuen Casanovak. «Euskara euskal kulturaren oinarrizko ikur izanik, beste kulturak ere errespetatu eta barneratzen ditugu», erantsi zuen.
D ereduak elebitasuna bermatu, eta elebitasunetik eleaniztasunaren alde egiten duela nabarmendu zuen, halaber, Patxi Larrainzar ikastetxeko zuzendariak. «Gurea da Nafarroako bi hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntza modu egoki eta integratuan ikastea bermatzen duen bakarra».
Hilaren 26a bitartean
Hilaren 20an hasi, eta hilaren 26an amaituko da datorren ikasturterako aurrematrikulazioa egiteko epea. Bere kanpaina laguntzeko, D ereduari buruzko bere bideoaren bigarren zatia aurkeztu du NIZEk. Hainbat pertsonaren testigantzak jaso ditu .
Aitor Etxartek argi du, hala ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola D ereduaren alde egitea. «Lehen egiten zituzten kanpainak», gogoratu zuen Hegoalde ikastetxeko zuzendariak. Hezkuntza Departamentuko kontseilari Jose Iribasek gurasoak D ereduarekin bat egitera deitu beharko lituzkeela nabarmendu zuen atzo.
NIZEk elkarteko ikastetxeen kalitatea nabarmendu du
Sare publikoko D ereduko zentroek osatzen dute taldea, eta gurasoak haiekin bat egitera deitu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu