Espainiako aurrekontuak. PSOE. Patxi Lopez. PSOEko diputatua

«Niri ez zait inporta norekin, baizik eta zertarako»

Gobernu koalizioak «aurrera» egingo duela uste du, eta bazkideak «soilik» direla hori ezegonkortzeko gai. «Lau urte iraungo du legegintzaldiak, eta segituko du». Ez dio muzin egiten inbestidurako blokeaz haragoko babesari.

JUANJO LOPEZ / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
PSOE barruan sona handienetakoa duten buruzagietako bat da Patxi Lopez (Portugalete, Bizkaia, 1959). EAEko lehendakari izan zen 2009tik 2012ra, PSE-EEren idazkari nagusia 2002tik 2014ra, eta azken urteotan Madrilen dabil gehiago: Espainiako Kongresuko diputatua da 2016tik, eta alderdiaren politika federaleko idazkaria, 2017tik.

Pablo Casadok astelehenean egindako adierazpenez galdetuta —«Sanchez moderaziora itzuliko balitz, berarekin itundu ahalko genuke»—, uste du «gezurra» dela, eta PPko liderraren jokabideak hala erakusten duela.

EAJren arabera, gobernuarekin adostu du Loiolako kuarteleko lurrak Donostiako Udalaren esku geratzea. Lopezek zehaztu du, ordea, Odon Elorzak aurkeztu zuela hori bideratu ahal izateko zuzenketa partziala.

Nola ari zara bizitzen EH Bilduk aurrekontuei emandako babesagatik zeure alderdian bertan sortu diren ika-mikak?

Egon daiteke jende bat ez zaiona gustatzen EH Bilduk aurrekontuak babestea. Horrek badu nolabaiteko logika. Izan ere, oraindik ibilbide etiko batek banatzen gaitu. Jende batek oso barneratuta dauka pasatu dugun sufrikarioa. Baina bat ez dago politikan, batez ere orain bizitzen ari garen bezalako une dramatiko hauetan, bere buruari gustu emateko, baizik eta obligazio duen hori egiteko. Eta une honetan beharrezkoa zen aurrekontu batzuk edukitzea. Horiek babesteko, logikoena da [Pedro Sanchezen] inbestidurarako babesa eman zizuten alderdien sostengua bilatzea, bide hori aztertzea; eta babesa zabaldu baldin badezakezu, bada, zabaltzea. Ikusi dugu, gainera, nola baztertu duen eskuinak bere burua kontsentsu eta akordio aukeretatik. Orduan, logikoa zen gobernuak EAJrekin, EH Bildurekin eta Esquerrarekin negoziatzea, ez baitzegoen beste aukerarik aurrekontuak aurrera ateratzeko. [Cristobal] Montororen aurrekontuekin segitu behar genuen [2018koekin]?

Gonzalezen, Guerraren, Rodriguez Ibarraren betiko PSOE-ak zer neurritan baldintzatzen du 2017tik Sanchez buru duen alderdiaren jokabidea?

Denok gara betiko PSOE. Beste gauza bat da badaudela ahots batzuk egungo zuzendaritza egiten ari denaren kontra daudenak. Baina zer eragin eduki dute? Ikusi duzu: batere ez. Alderdi hau ez da pentsamendu bakarrekoa, bakoitza aske da bere iritzia emateko, baina zuzendaritzak erabakitzen du. Bere obligazioa bete du: aurrekontu batzuk edukitzea, krisi sanitarioari, sozialari, ekonomikoari aurre egin ahal izateko.

PSOEk ukatu egiten du EH Bildurekin akordio bat egin duela. Nafarroan, aldiz, PSNk argitara eman du koalizio subiranistarekin lortutako ituna. Akordio hori aurrekontuetatik haratago doa?

Galdetu Mariari [Txibite]... Herrialde honetan hainbeste erotu gara, eta politika hainbeste eraman dugu muturretara, jada ez zaigu inporta zer adosten den, baizik eta norekin adosten duzun. Edozein akordio, edozein itun da legitimoa, ez itunkide direnengatik, adostu duzunagatik baizik.

Sendoa da PSOE-UPk osatutako koalizio gobernua?

Bai, konbentzituta nago; eta behin aurrekontuak onartuta, gehiago.

Eta nola interpretatu behar dira PSOEko buruzagiek UPkoei eta alderantziz jendaurrean maiz egiten dizkieten kritikak?

Euskadi alde batera utzita —uste baitut badugula koalizioen ohitura bat—, esan iezadazu uneotan liskarrik ez duen koalizio gobernu bat. Katalunian, PP eta Ciudadanos Madrilen... Noski, bi alderdi diferentek gobernatzen dutenean, badira haien arteko desadostasun txikiak, eta batzuetan gehiago edo gutxiago azaleratzen dira.

Koalizio hori ezegonkortzeko saiakerak egiten ari dira?

Bazkideak soilik izango ginen koalizio hori ezegonkortzeko gai, baina nik uste dut ezetz, aurrera egingo duela: legegintzaldiak lau urte iraungo du, eta segituko du.

UPrentzat beharrezkoak dira bi legegintzaldi, aldaketen oinarriak ezartzeko. PSOEk gauza bera pentsatzen du?

Eskuineko gobernuen austeritate politika konpultsiboak aintzat hartuta, argi dago denbora beharko dela galdutakoa berreskuratzeko.

Patxi Lopezengatik balitz, Ciudadanosen babesa ez litzateke beharrezkoa izango?

Ea, ikus dezagun... Konprometitu nahi duten beste alderdi batzuei betoa jartzen dieten horiek ez ditut ulertzen. Zergatik jolasten gara beto gurutzatuetara? Niri ez zait inporta norekin, baizik eta zertarako. Pentsa Ciudadanosek esaten duela babestu egin nahi dituela osasun publikoan, hezkuntzan inbertitzen duten aurrekontuak. Betoa jarriko genioke Ciudadanos delako? Vox izango balitz...

Baina zuen koalizioko bazkideak ez du hori nahi.

Esplikatu diezadatela zergatik. Teoriak bakarrik entzun ditut. «Bateraezina da Ciudadanos gurekin, ez dakit zer akabatu nahi duelako». Bai, baina hori ez du planteatu.

Beraz, ez dago koalizioa ezegonkortzen ahalegintzeko saiorik?

Ez dakit ezegonkortzeko den, baina iraun ez dezan, bada operazio mediatiko bat... Entzuten dituzu eskuineko hedabideak, eta beldurra ematen dute. Hori Madrilen egosten da. Handik ateratzen zarenean, sentsazioa beste bat da.

Espetxe Zuzendaritzak hurbiltzen ditu euskal presoak Euskal Herrira, baita horietako batzuk Euskal Herriratu ere. Baina, gero, estatuak Jaione Jauregi Espainiaratzeko eskatu du, duela ia 40 urteko hilketa bat egotzita.

Kasu batean zein bestean, estatuak legea betetzeko obligazioa dauka, noski. Presoak hurbiltzen dira legea oinarri hartuta, eta gauza bera estradizio eskaerarekin.

Behin-behinean kartzelatu dute Jauregi. Haren abokatuak argudiatu du delitua preskribatuta dagoela.

Delitu bat egin duen oro justiziaren aurrera eramateko obligazioa du estatuak, eta gero justiziak erabakitzen du preskribatuta dagoen, edo dena delakoa. Bestela, ez litzateke zuzenbide estaturik egongo, beste zerbait baizik.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia aldatzeko negoziatzen ari zarete. Berritu gabe dago PP gobernuan zegoenetik. Zer eragingo du hori erreformatzeak?

Aldatzeko ahaleginean ari gara, eta PPri erreformatzeko proposamen bat egin diogu, itun bat egin nahian.

EAJrekin akordio bat egin duzue, petrolioaren zerga ez handitzeko. Zuen hasierako asmoa handitzea zen. Zer gertatu da?

Negoziazio bat gertatu da. Negoziazioak horrelakoak dira; zuk ezin duzu %100 atera. Dena den, hori [zerga handitzea] ez dago baztertuta, ezta gutxiago ere. Baina krisia hain erraldoia den une batean, arrazoizkoa izan daiteke produkzio egitura bati kalte egin diezaioken ezer ez egitea. Halere, ez dut uste zerga horrek hainbesteko kaltea egingo zuenik; gainera, EBk markatutako eta hartu beharrekoa den bidea hartuko genuke. Tira, itxaron dezagun apur bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.