Osasun etxean, nortasun agiria berritzeko bulegoan, udaletxeko harreran, kirol eta aisialdi guneetan, saltokietan... Nonahi eta noiznahi gertatzen dira hizkuntza eskubideen urraketak, eta ehunka kasu bildu ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2018ko txostenean. «Euskararen lurralde osoko euskal hiztunek administrazio publikoaren eremu eta maila guztietan ikusi dute galarazita euskara askatasunean erabiltzea», ohartarazi zuen Garbiñe Petriatik, Behatokiko zuzendariak, atzo, txostena aurkeztean.
Euskararen Telefonoa zerbitzuaren eta Akuilari sakelako aplikazioaren bitartez iaz jasotako bizipenekin osatu dute bilduma, eta ondorioztatu dute eskubide urratzeek administrazioaren esparru guztiak blaitzen dituztela: «Diskriminazio kasuak jaso ditugu osasun zerbitzuetan, segurtasun arloan, justiziaren eremuan, administrazio jarduera orokorretan, hezkuntzan, aisialdian, hedabideetan, eta kontsumo harremanetan ere bai».
Txostena taxutzeko garaian, bestalde, bost administrazio hartu dituzte ardatz gisa: Frantziako eta Espainiako gobernuak, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta udalak. Frantziari dagokionez, «hezkuntza sistemari jarritako trabak» nabarmendu ditu Behatokiko zuzendariak: «Brebeta eta baxoa euskaraz egiteko oztopoak, ikastoletan lanpostuen murrizketak... Adibide ugari ditugu». Espainiaren kasuan, berriz, «gaztelania ezagutzeko derrigortasuna, konstituzioan ezarria, herritarren eskubideen gainetik» jarraitzen duela.
Nafarroari dagokionez, berriz, Behatokiko arduradunek salatu dute azken urteetan lauko gobernuak ez duela «aurrerapauso nabarmenik» eman lan deialdi publikoen auzian: «Are okerrago, sistematikoki ez da puntuatu euskara eremu ez-euskalduna deiturikoan: alemana, frantsesa eta ingelesa balioetsi dituzte, baina euskara, ez».
Petriatiren esanetan, Eusko Jaurlaritzak eta haren mende dauden erakundeek ere ez dute herritar guztien «aukera berdintasuna» bermatu: «Osasun arretan, Ertzaintzarekiko tratuan eta enplegu zerbitzuetan antzeman dituzte hutsuneak herritarrek».
Administrazio zerbitzuetatik kanpo, berriz, kezka azaldu du Behatokiko arduradunak, ingelesak eta atzerriko beste hizkuntzek «gero eta presentzia handiagoa dutelako» merkataritzan, ostalaritzan eta aisialdirako eskaintzan, eta, horren ondorioz, euskara «ikusezin» bihurtzen ari delako: «Hedatzen ari da ingelesa erabiltzeko ohitura, bai proiektu edo egitasmoei izena jartzeko orduan, bai eta turismoa erakartzeko unean ere».
Protokoloa, udaletara
Egoera onbideratze aldera, administrazio guztien inplikazioa galdegin du Petriatik, baina hizkuntza eskubideen esparruan udalek duten garrantzia nabarmenduta. «Hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko, administrazio guzti-guztiek hartu beharko dituzte neurriak, baina auziak dimentsio garrantzitsua hartzen du udalen eremuan: erakunde horiek dira herritarrek jotzen duten lehenengo atea, eta hurbilen duten erakundea».
Hain zuzen ere, tokiko administrazioetan antzemandako bazterketa kasuak konpontzeko helburuarekin, Kontseiluak neurri sorta aurkeztuko du Euskal Herriko udaletan udazkenean, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aintzat hartuta.
«Niri erdaraz egidazu»
Hizkuntza eskubideen urraketa kasu ugari jaso ditu Behatokiak 2018. urteko txostenean. Salatu du bazterketa linguistikoa «administrazio eta esparru guztietan» gertatzen dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu