Gregorio Orobengoak bere izena ikusi zuen Arrasateko elizaren kanpoaldean Espainiarengatik eta Jaikoarengatik hildakoen artean. Nola zitekeen? Amari galdetu zion, eta honek zeharka erantzun zion: osabagatik zela, eta berak ere Gregorio izena duela haren omenez, baina xehetasun gehiagorik gabe. «Gure etxean ez dute horri buruz ezer kontatu. Min handia ematen du», esan du. Gerora ezagutu zuen osabaren historia, Intxorta 1937 memoria taldeak egindako ikerketa lanari esker.
Amaiur batailoiko gudaria izan zen Gregorio Orobengoa Zeziaga 1936ko azarotik 1937 abuztura arte, 69.017 zenbakiarekin. Preso hartu zuten, erreketeen uniformea eman, eta euren alde borroka egitera behartu zuten, hil zen arte.
Ondoren, 1939. urtean, haren izena eta beste hainbatena zuen plaka bat jarri zuten elizako arkupeetan herriko agintari berriek. «Ondo zekiten ez zirela faxistak eta behartuta eraman zituztela, baina beste behin iraindu nahi zituzten», esan du Juan Ramon Garai Intxorta 1937ko kideak. Orobengoarekin batera, beste zazpi pertsona ere identifikatu dituzte zerrenda horren parte izan behar ez zuketenak: Juan Arrese, Angel Etxebarria, Carmelo Balantzategi, Esteban Elortza, Francisco Gastañares, Sabino Ortiz de Guzman eta Ramon Ugalde.

955 arrasatear borrokatu ziren bi fronteen lehen lerroan, gaur Intxorta 1937k eman dituen datuen arabera. 552, kolpe militarraren kontrako erresistenteekin batera, eta 403, matxinatuekin. Azken horien artean daude soldaduska egiten ari zirela gerrak harrapatu zituen 250 gazte. «Zenbat kasu izango dira beste herrietan? Ehunka egongo dira», azpimarratu Garaik.
Esteban Elortza Olalde izan zen gerrak soldaduskan harrapatu zuen gazteetako bat. Bizente eta Anton lobek kontatu dute haren historia. «Oso gutxi dakigu. Beldurragatik, ez ziguten ia ezer kontatu, eta gogorik ere ez zuten», nabarmendu dute hasi aurretik. Badakite abertzalea zela, baina Teruelera (Espainia) joan zen soldaduska egitera, eta errepublikaren aurka borroka egitera behartu zuten.
Elortza-Olaldetarren etxean, gainera, samina bikoitza da. Estebanen beste anaia bat, Bizente eta Antonen beste osaba bat, eraman egin zuten. «Gure aitaren bila joan ziren, baina ordurako joana zen. Baten bat eraman behar zutela eta, Felix hartu zuten», kontatu du Bizentek. Oiartzunen fusilatu zuten, eta oraindik ez dituzte haren gorpuzkiak berreskuratu.
Anabel Ugaldek kontatu du bere osaba Ramoni ere dei egin ziotela soldaduskara joateko, baina uko egin ziola. «Ezkutatu egin zen, batek daki non eta zein egoeratan». Hilabete eutsi zion, eta etxera itzuli zen gero. Harrapatu zuten, eta behartuta eraman zuten frontera. Hilabete gutxira hil zen. «Txikia nintzen, baina ondo gogoan dut plaka apurtu zuten egunean aita —Ramonen anaia— poztu egin zela. Min ematen zion. Batek esan zion anaiaren izena ere hor zegoela, eta, bere onetik aterata, erantzun zion bere anaiak ez zuela hor egon behar».
Zuzenketa
Arrasateko plaka bi bider suntsitu zuten, baina eragina nabaria da oraindik. Herri gehienetan jarri zituzten gerran hildako batzuen izenak leku publikoetan, eta zerrenda horietan jasotako deiturekin osatu zuen XX. mendearen bukaeran Fundacion Popular elkarteak bere datu basea. Alderdi Popularrari lotutako taldea da, «eta denok dakigu nondik datorren Alderdi Popularra», esan du Garaik. Bada, «matxinoen ondorengoek» idatzitako izenetatik tiraka osatu du bere zerrenda Gogora institutuak, eta hortik datoz akatsak. «Errekete edo boluntario gisa sartu dituzte pertsona batzuk, eta benetan ez ziren hori izan. Inoiz ez ziren izan. Haietako batzuek aurre egin zioten kolpe militarrari, eta preso hartu zituzten. Gero, behartu egin zituzten euren alde borrokatzera».
Senitartekoek Gogora-ri eskatu diote informazioa zuzentzeko. Ez dute matxinatuen artean agertu nahi. Are, errepublikaren aurka egin zutenen izenak ezabatu nahi dituzte. «Badut esperantza», esan du Orobengoak. «Ikusiko dugu», erantzun dio Elortzak. «Intxorta 1937koak lan handia eta ona egiten ari dira, baina asko dago egiteko. Begira zenbat fusilatu dauden desagertuta».
Intxorta 1937ko kideak prest agertu dira Gogora-rekin kolaboratzeko. Azaldu dute ez direla eurekin harremanetan jarri, baina badakitela egindako ikerketak aprobetxatu dituztela hainbat datu lortzeko.