Itxaso Mugarra. Ikaslea. Osasun arloko ekonomista

«Nire iritziz, medikuntza integratzailea da medikuntzaren etorkizuna»

arantxa iraola
2016ko azaroaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Asteburuetan izango UNEDen abaroan antolatu duten ikastaroa, eta lehen saioa egin dute jada. Giro aski emankorrean aritu zirela azaldu du ikasleetako batek, Itxaso Mugarrak. Osasun arloko ekonomista da, eta Nafarroako Osasun Departamentuan ari da, osasun plangintzako teknikari.

Zergatik hautatu duzu medikuntza integratzailean trebatzea?

Pertsonen ikuspegi osoagoa ematen duelako, eta, ondorioz, baita pazienteena ere. Gainera, ukitzen ditu osasunaren sustapenarekin lotutako gaiak: erakusten du garrantzitsua dela pertsona bakoitzak bere osasunaren autogestioa egitea, eta osasuneko profesionalek laguntzaile izan behar dutela horretan. Medikuntza integratzailearen onena zera da uztartzen dituela medikuntzaren bi adarrak: konbentzionala eta holistiko deitua. Bakoitzaren onena hartzen du, eraginkortasuna eta segurtasuna bermatuta.

Ikuspegi hori osasun sistemetan tokia hartuz joango da?

Dagoeneko osasun sistemetan badaude gaixo kronikoentzako estrategia zehatzak. Nafarroan, adibidez, alde horretatik urteotan lan garrantzitsua egin dela iruditzen zait. Eta, dudarik gabe, aurrezte bat dakar horrek sistemarentzat; tira, aurreztea beharrean, dauden baliabideak hobeto erabiltzea dakar.

Horretan sakontzea nahi duzu...

Gaixo onkologikoekin sarri gertatzen da, adibidez, zera: askok,medikuntza konbentzionalean kimioa-eta hartzeaz gain, beren kabuz medikuntza ez hain oldarkorrera ere jotzen dute. Eta dualtasun antzeko bat sortzen da hor; izan ere, pertsona asko ez dira ausartzen beste tratamendu hori ere jasotzen ari direla esatera osasun sistema publikoan; ondorioz, ez da historia klinikoan ageri, etazailagoa da pazientean tratamenduak izango duen eragina ebaluatzea. Horregatik, garrantzitsua litzateke benetan eraginkorrak eta seguruak diren bestelako tratamendu motak ere sistemaren barruan integratuz joatea. Izan ere, medikuntza integratzaileak baditu, adibidez, tratamendu egokiak kimioaren nahi gabeko ondorioak apaltzeko. Mesedegarriak izan daitezke. Nire iritziz, medikuntza integratzailea da medikuntzaren etorkizuna.

Baina jarrera aski uzkurrak badaude terapia horien inguruan...

Askotan ezjakintasuna dago horren atzean: osasunaren arloko profesionalek ez dute ezagutzen medikuntza integratzailea. Gainera, asti gutxi dute pazienteekin egoteko. Industria farmazeutikoaren interesak ere hor atzean daude. Baina badira bestelako esperientziak: Londresen, adibidez, Europan medikuntza integratzailean diharduen erietxe publiko handiena dago: Royal London Hospital for Integrated Medicine. Alemanian, Suitzan eta AEBetan ere urteak daramatzate lanean alor horretan, eta emaitzak lortzen dituzte. Gero eta ikerketa gehiago egiten dira baliabideak modu eraginkorrean erabiliz osasunean eta bizi kalitatean gero eta emaitza hobeak lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.