Asteazkenean hogei urte beteko dira Miguel Angel Rubio poliziak eta haren semeak Angel Berrueta erail zutela, eta Angel Berruetaren alaba Aitziber Berruetak (Iruñea, 1975) aitaren memoria aldarrikatu du, egun haiek gogoratzea oso gogorra bazaio ere. «Honek ondorioak ditu niretzat, baina uste dut esaten ez dena ahaztu egiten dela. Jende askok badaki zer jazo zen M-11n, baina ez Iruñerrian. Gazte askok ez dute ezagutzen».
20 urte bete dira. Zer datorkizu burura?
Aita beti oroitzen dut. Egunak dituen 24 orduetan, uneren batean beti datorkit gogora. Urtean zehar, oroitzapen onak izan ohi dira, baina data hau etortzen denean gertatutako dena oroitzen dut. Sekuentziak datozkit. Data hau gogorragoa da.
Ezagutzen ez zutenentzat biktima bat da, baina nor zen Angel Berrueta?
Auzoan erabat integratutako pertsona zen aita. Dendan aritzeaz gain, banatzailea zen; oso ezaguna zen. Nabarreria kalean jaioa, dantzaria, oso jatorra, eta aita moduan… zer esango dizut nik, bada! Mundu guztiarentzat zuen zerbait ona, dendan sartzen ziren haurrentzat…
Hilketa egoera oso berezi batean gertatu zen, M-11ko atentatuaren ondotik PPren gobernuak erabilitako estrategiaren barruan. Zer erantzukizun izan zuen?
Erantzukizunik handiena haiena da. Nire aitaren hiltzaileak bi izan ziren, aita eta semea; baina erantzukizuna Espainiako Gobernuarena izan zen. Gertaerak gehiago ikertu izan balira, ez balute esan lehen unetik ETA izan zela, ez zen hainbeste berotuko giroa. Komunikabide askok ere beren erantzukizuna izan zuten ez zutelako zabaldutakoa egiaztatu. [Jose Maria Aznar] presidenteak esandako lehen gauza errepikatu zuten.
Nola gogoratzen dituzu egun haiek?
Atentatua gertatu zenean ezin nuen sinetsi hainbeste hildako egotea. Iruñera nentorrela, komunikabideek etengabe zioten ETA izan zela. Nola liteke? 192 pertsona. ETAk pertsonak hil zituen, baina ez zitzaizun buruan sartzen halakorik, baina informazioa hain zen irmoa… Etxera iritsi eta aitak zein amak esan zuten ezetz. Hiltzeko modu hori, sarraski hori, ez zen ETArena… Martxoaren 11 amaitu, eta 12an aitak okindegia itxi zuen, biktimekiko elkartasunez.
«Gertaerak gehiago ikertu izan balira, ez balute esan lehen unetik ETA izan zela, giroa ez zen hainbeste berotuko»
Martxoaren 13a larunbata zen. Zer gertatu zen zehazki?
Maria Pilar Rubio dendara jaitsi zen, ETA ez zioen kartel batekin. Aitak erantzun zion hura bere denda zela, eta ez zuela ezer jarriko. Haserretu, etxera igo eta senarrari zein semeari burua berotu zien. Ziurrenik aurretik ere berotuta egongo ziren. Haiek pentsatzen zuten martxoaren 11ko atentatua ETAk egin zuela. Dendan sartu eta hitz erdirik esan gabe hil egin zuten.
Une gogor hura bizi behar izan zenuen. Nola jakin zenuen zer gertatu zen?
Okindegi ondoko lurrin dendako bizilagunak deitu zidan, eta esan zidan aitari tiro egin ziotela. Buruzagiak eraman ninduen Baiona etorbidera. Ordurako poliziek hesitua zuten ingurua. Ez zidaten dendan sartzen utzi. Alboko lurrin dendan zeuden anaiak eta ama, eta han egon ginen. Oso gaizki geunden. Ez ziguten ezer esaten, ez genekien hilik edo bizirik zegoen. Gurutze Gorriko mutil bat zegoen gurekin, baina zeharo galduta zegoen. Gaizki. Haiek estalita atera zituzten. Gure aita atera zuten, eta ospitalera joan ginen esan zigutelako aita bizirik zela. Zalantzak ditut.
Zergatik?
Nola liteke aita bizirik izatea lau tiro eta hiru labankada jaso ostean? Baina gorpua han utziz gero, auzitegiko medikua etorri beharko zuen, eta denbora askoz gehiago egon. Bitartean, gero eta jende gehiago bilduko zen inguruan. Ospitalera joan ginen, eta han ongi artatu gintuzten. Han esan ziguten aita hil zela.
Aita hilik eta ondorengo orduak ere oso gogorrak izan ziren.
Aita hiltzen dizute, eta ez dizute beilatokian lasai egoten uzten. Auzoko jende asko zegoen, gu babesten egon nahi zuten. Polizia etorri izan ez balitz, ez zatekeen ezer gertatuko. Han egongo ziren lasai. Baina hiltzailearen adiskide diren poliziak etorri ziren bortizki. Oldartu egin zitzaien kanpoan zirenei, gomazko pilotak jaurti zituzten, jendea jo zuten… Eta gu han geunden, barruan, aitarekin; eta, aldi berean kanpoan gertatzen ari zenarekin kezkaturik; egoera hain txarrean, eta ezin ginen lasai egon ere. Ez da normala. Inork ez zuen hura geratu.
Bizitako guztiaren ostean, urteetan deiak eta mehatxuak jaso zenituzten. Zenbat iraun zuen horrek? Zer gertatu zen salaketa haiekin?
Mehatxaturik sei-zortzi urte egon ginen. Aita lurperatu zuten egunean izan zen lehendabizikoa. Etxera deitu zuten, eta amari esan zioten bera eta bere lau seme-alabak hilko zituztela. Amak nor zen galdetu zion, eta hark erantzun zion Espainiako polizia bat zela. Jarraitu zuten pintaketak egiten, dendako kristalak hausten, autoko gurpilak zulatzen, atean hilkutxa baten pintaketak egiten, egun jakin batean hilko gintuztela mehatxatuz, gaueko ordu txikietan deiak eginez, iraintzen… Guztietan jarri genuen salaketa.
Zer gertatu zen salaketekin?
Bat bera ere ez zen ikertu, eta artxibatu egin ziren guztiak. Egun batez Iruñeko Udaltzaingora deitu nuen, eta esan zidan Nafarroako Gobernuaren egoitza ondoko kabina batetik deitu nindutela. Kamera bat zegoen bertan. Eta ez da ezer gertatzen. Horretan, guztiz ahantziak izan gara, mespretxatuak.
«Aita lurperatu zuten egunean deitu zuten, eta amari esan zioten bera eta bere lau seme-alabak hilko zituztela»
Zuen kasuan epaiketa egin zen, baina justizia «erdizka» egin zela salatu zenuten. Zergatik?
Aitak epaiketa izan zuen, baina justiziarik ez. Hilketa hura bultzatu, xaxatu zuen emakumea ez zen kartzelara joan. Haiek jasotako zigorrak ez dira beste hiltzaile batzuk jasotzen dituzten berak. Kondena jaso zuten, eta kalera atera izan direnetan ez digute ezer esan.
Urte luzez erakundeek bizkarra eman zizueten. Zer izan da hori sendiarentzat?
Ez zen babesik izan. Instituzioen aldetik ez dugu izan inongo babesik. Udal aldaketa egon zenean [2015ean] lortu zen babes hori, baina plaka bat jarri eta segituan kendu egiten zuten. Hiru aldiz jarri, eta hiruretan kendu. Jokabidea bestelakoa da, baina aitak aitortua izan gabe jarraitzen du. Gaur-gaurkoz hala jarraitzen du. Lege berriarekin aitortzarako eskaera egin dugu.
Iaz egin zenuten biktima gisa aitortzeko eskaera. Nolako prozesua izan da?
Gogorra izan da. Guk familian ez dugu horretaz hitz egiten. Une hartan bostok elkartu ginen ezagutzen ez dugun jendearekin aitari buruz hitz egiteko. Psikologoak ikusi zuen guk hala egitea erabaki genuela, jarrera hori errespetatu zuen, eta banaka joateko eskatu zigun. Prozesu hori pasatu behar al da? Ez dakit. Ni bulego horretan makina bat aldiz izan naiz, elkarrizketa ugari egin dizkidate, aitak motibazio politikoko epaiketa bat du. Berriro ere prozesu beretik pasatu ostean, etxera zoaz lur jota. Nik hitz egiteko ahalmen handiagoa dut, baina nire anaiek ez dute horri buruz hitz egiten.