Ales Elosegi, Joseba Elosegiren semea

«Nire aita erabat independentista zen, beste ezeren gainetik»

Joseba Elosegi militante abertzalearen seme Ales Elosegi elkarrizketatu du Irutxuloko Hitza-k. Aitaren jardun politikoa, kontu pertsonalak eta beste aletu ditu semeak, bizitzari atzera begirakoa eginez.

Joseba Elosegi bere lau seme-alabetako hirurekin, 1950eko hamarkadan, Tangerren (Maroko) bizi zirenean. Eskuineko semea, erramua daramana, Ales Elosegi da. ELOSEGI MENDIZABAL FAMILIA.
2021eko urriaren 22a
19:14
Entzun

Historiako militante eta borrokalari abertzalerik ezagunenetako bat izan zen Joseba Elosegi donostiarra (1915-1990). 36ko gerran frontean izan zen EAJko gudari gisa, eta espetxean eta erbestean eman zituen hainbat urte. Ez zion inoiz utzi Euskal Herriaren alde borrokatzeari, eta ekintza politiko entzutetsu batzuk egin zituen: 1946an, ikurrin bat zintzilikatu zuen Artzain Onaren katedralean; 1970ean, bere buruari su eman zion, eta Francoren aurrera jauzi egin zuen Atano III.a pilotalekuan; eta 1984an, EAJko senatari zenean, Madrilgo Armadaren Museoan zegoen Intxarkundia batailoiaren ikurrina berreskuratu zuen. Ezaguna da Elosegiren ibilbide politikoa, baina ez da horren ezaguna haren alderdi pertsonala. Ales Elosegi (Donostia, 1951) Joseba Elosegiren semea da, eta bere aitaren historia errepasatu du hedabide honekin, baita zenbait bitxikeria kontatu ere.

Zure aitaren ibilbide politikoa aski ezaguna da, baina ez da horren ezaguna haren alderdi pertsonala. Nolakoa zen etxean?

Aitaren jardun politikoa zela eta, oso urte mugituak izan ziren 36ko gerraren ondorengoak. Horregatik, 1952. urtean, Marokora joan ginen bizitzera. Nire haurtzaro guztia han pasatu nuen. Garai hartan, aitak ez zeukan lanik, eta lan egiten zuena gure ama zen; kimikaria zen, eta laborategi bat zuen etxean bertan. Aitak laborategiko lanetan laguntzen zion, asko egoten baitzen etxean. Gizon maitekorra zen, baina baita izaera handikoa ere. Izaera horrengatik, noizean behin liskarren bat sortzen zuen etxean, baina amak bazekien aita ondo eramaten.

Zure aita asko markatu zuen 36ko gerrak eta, bereziki, Gernikako bonbardaketak. Gaia oso presente zegoen etxean?

Presente zegoen, baina ez pentsa horri buruz asko hitz egiten genuenik ere. Amak erabat onartuta zeukan aitak gerran bizitakoa eta haren pentsatzeko modua, eta, gainera, harekin ados zegoen. Gurasoen lagunak etxera etortzen zirenean, adibidez, ez zen gaiaz hitz egiten, lagunak madrildarrak zirelako. Bestela, etxean noizean behin gerraren gaiari buruz hitz egiten zen, baina ez gehiegi. Hori bai, denok txikitatik izan dugu presente aitak gerra garaian izandako militantzia politikoaren gaia.

Zure aitaren ekintza ezagunenetako bat da 1946an Artzain Onaren katedralean ikurrina jarri zuenekoa. Zer kontatzen zuen etxean horri buruz?

Ez dakit etxean horri buruzko azalpen handirik eman zuen; nik behintzat ez dut gogoan. Azken finean, sinbologia kontu bat zen: hiriko eraikinik altuenean ikurrin bat jartzea. Horren ondoren, atxilotu egin zuten, baina ez dakit nola lortu zuen horren azkar libratzea, handik gutxira Iparraldera alde egin baitzuen.

(Jarraitu irakurtzen Irutxuloko Hitzan)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.