Nikolas Segurola (Matxibenta auzoa, Azpeitia, Gipuzkoa, 1939) fraidea, artzaina eta bertsolaria hil da, 84 urterekin. Segurola 1951n joan zen Arantzazuko santutegira bizitzera, 12 urterekin, eta 70 urte baino gehiago igaro ditu bertan. Besteak beste, bertako Gomiztegi artzain eskolaren sortzaileetako bat izan da.
BERRIAn egindako elkarrizketa batean azaldu zuenez, haurra zela joan zen lehenengoz Arantzazura, eta «erabat liluratuta» geratu zen. Irten orduko esan omen zien gurasoei hara itzuliko zela. Esan eta egin. 12 urte zituela joan zen, eta, gaixotasun batengatik etxera itzuli behar izan bazuen ere, behin betiko hara itzuli zen 19 urte zituenean. Arantzazu inguruko Gomiztegi baserriko abereak zaintzea izan zuen lan. Baina, fraideak gutxitu ahala, erabaki zuten han zituzten 1.200 txerriak, 6.000 oiloak eta 30 behiak kendu eta ardiak jartzea. Hortik sortu zen Arantzazuko Gomiztegi artzain eskola. 2020an, ENBA sindikatuak Baserritarron Laguna saria eman zion.
Fraidea eta artzaina ez ezik, bertsolaria ere izan da Segurola. Mila bertsotik gora ditu eginak, eta Arantzazuko liburutegian daude gordeta. 1986ko Bertsolari Txapelketa Nagusian epaile ere izan zen.