Ion Orzaiz.

«Nik sinesten dizut, baina...»

2024ko maiatzaren 21a
05:00
Entzun

2016ko abendu hartan, ozen aditu zitekeen oraindik sanferminetako talde bortxaketaren aurkako manifestazioen oihartzuna. Mugimendu feministak deituta, hilabete horietan milaka eta milaka lagun atera ziren kalera, aldarrikatzeko, batetik, Iruñean gertatutakoa sexu eraso bat izan zela, ez abusua, eta bestetik, sexu indarkeriari lotutako delituak definitzean funtsezkoa zela biktimaren onespenik eza aintzat hartzea beste edozein faktoreren gainetik. Euskal Herriko erakunde publiko gehienek ere bat egin zuten mezu harekin, eta Espainian, onespenaren gaineko printzipio horiexek zedarritu zuten soilik baietz da baietz legea.

2016ko abenduaren 8an Iruñean bortxatutako bi emakumeen kasuak are ageriago utzi du paradigma aldatzeko beharra patriarkatuak eta korporatibismoak goitik behera zeharkatutako sistema judizialean. 2018ko ebazpenean, Ines Hualde epaileak onartu zuen biktimen kontakizunak «sinesgarritasun osoa» zuela eta argi zegoela egun hartan «beren borondatearen aurka» izan zituztela sexu harremanak. Bortxaketa bat izan zela, alegia. Hortaz, sinetsi bai, sinetsi zien biktimei, baina hori ez zen nahikoa izan akusatuak zigortzeko. Areago: emakumeen eta lekukoen testigantzak, akusatuen arteko whatsapp umiliagarriak eta segurtasun kameren irudiak aski ez, eta auzia artxibatu zuen, epaiketarik hasi ere egin gabe.

Ez hori bakarrik: uko egin zion frogen desagerpen eskandalagarria eta polizia batek akusatuei emaniko informazioa ikertzeari. Orain arte, inork ez du azalpenik eman horrengatik. Ez da dimisiorik edo kargugabetzerik izan. Europara iritsi behar izan du auziak, Espainiako sistema judizialak zerbait esan dezan —eta oraindik ikusteko dago zer erantzunen duen—. Estrasburgok ere sinesgarritzat jo du biktimen kontakizuna, eta Espainiari gogorarazi dio auzia ikertzeari trabak jarrita bi emakumeen defentsarako eskubidea urratu duela. Eta eskubide horiek aplikagarri direla beti. Baita ikertuen artean poliziak eta haien senideak daudenean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.