«81 urte eta erdi» dauzka Julen Madariagak, hark zehazten duenez, eta «hil baino lehen» liburu autobiografikoa argitaratu nahi izan du. «Ekin-ETAren historiaren lekuko» izan dela dio, eta, «erakundearen barruan hutsak, makurrak eta alukeriak ere izan arren», ikusitakoa, bizitakoa «idatzi beharrean» zegoen. Azpimarratu duenez, haren bizia, Euskal Herri independentea xede izanik, «etengabeko borroka» izan da. «Nik ez dut ikusiko independentzia, baina usaindu dut».
ETA eta biok zen liburuari izenburua jartzeko aukera bat, haren arabera. Xan Aire laguntzaileak proposatu zion Egiari zor jartzeko. Horrekinxe atera du, Erein- ek argitaratuta; atzo aurkeztu zuen, Donostian. Eta, egia esanda, Madariagaren biziak bi etapa nagusi ditu: batetik, ETAren sorrera garaikoa, hura izan baitzen sortzaileetako bat; bestetik, erakundearen gaineko kritikak plazaratu eta ondorengo urteetakoa, «bakarrik» sentitu izan zelako.
«Zerbait egin beharra» zegoelako erabaki zuten ETA sortzea, Madariagaren esanetan (1932, Bilbo). «1950 eta ondoko urteetan, euskal gizartean hondamendi osoa bertzerik ez genuen ikusten: 1936-1937ko gerra erabat galdua, euskara hilzorian eta abar eta abar. Bagenekien hondamendi hura konpondu egin behar zela, baina ez genekien nondik hasi. Zinez etsigarria zen». Ekin-ETA eratu zuten, eta, ondoren, borroka armatuari ekin zioten. «Lehenik, geure burua —Euskal Herriarena— defendatzeko etsaiaren erasoaren aurka. Beste arrazoi bat ere bazen: herriaren duintasuna lortzea, hain eskas zuen adorea emateko hari».
Urte haiek gogorrak izan zirela dio. 60ko hamarkada hasieran, kasurako, Hego eta Ipar Euskal Herrian «izugarrizko kolpeak» jaso zituzten, ETA ia ezer gabegeratzeraino, eta hura bidalizuten Iparraldetik Hegoaldera gauzak antolatzera, «erakundeak botere osoa emanda».
80ko hamarkadan hasi zen Madariagaren bigarren aroa, ETAren bukaeraren alde egiten hasi zenean —«errazagoa izaten da prozesu bat hastea, hari amaiera ematea baino»—. Pentsatzen zuen «ETAren armek Euskal Herriaren askapenari on baino kalte handiagoa» egiten ziotela. «Hori azaltzea eta aldarrikatzea zaila izan zait. Bakar-bakarrik nengoen. ETAk ez zidan ulertu; gure alderdi politikoak ere ez. Benetako haustura izan zen gure artean».
Bilerak Txomin Iturberekin
1986ko egun batean Txomin Iturbek deitu zion. «Esan zidan gauza batzuetan arrazoi nuela eta besteetan ez, eta etxe seguru bat topatzeko, han bilduko ginela. Topatu nuen etxe seguru bat, Arrangoitzen, eta ETAko zuzendaritzatik Txomin bera, Juanjo Aranburu eta Josu Urrutikoetxea etorri ziren. Laurok bildu ginen, goizeko zortzietatik arratsaldeko zazpiak aldera arte. Nire kezkak ETAri ofizialki plazaratzeko aukera izan nuen; azkenean ez nintzen ari erakundearen aurka, baizik eta haren norabideaz eta estrategiaz». Madariagak idatzi duenez, ohartarazten zien ETA «euskal gizartetik urruntzen» ari zela eta ez zegoela ondo antolatua. Geroztik, beste bilera bat egin zuen Iturberekin eta beste bat Urrutikoetxearekin. «Baina ez ginen elkarrekin konpontzeko gai», adierazi du Egiari zor liburuaren egileak, eta gogorarazi du ETAk ondoko dozena bat urteetan Maria Dolores Gonzalez Katarain Yoyes (1986), Hipercor (1987), Gregorio Ordoñez (1995) eta Miguel Angel Blancoren (1997) atentatuak egin zituela, «hagitz molde tristean».
Estrategia hura kritikatu izana «garesti ordaindu» zuela aitortu du Donostiako aurkezpenean. «Etsaiaren erasoak aguantatu izan ditut; etxe barrukoak gogorragoak izan dira niretzat». Orain «lasai» geratu da liburua idatzita. Gainera, azaldu du bere ideiak «ezkerreko euskal munduan helduta» ikusten dituela «Arnaldo Otegik-eta bereganatzean».
Etorkizunerako printzak da 328 orrialdeko liburuko azken atala. Hiru ideia atera daitezke handik: 1. «ETAren historiako erabakirik onena» 2011ko urrian jarduera armatua utzi zuela iragarri zuenekoa izan dela idatzi du. 2. ETA armak euskal instituzio bati uztearen alde agertu da Madariaga.3. Euskal abertzaleen batasuna aldarrikatzen du, independentziaren bideari eusteko.
«ETArik gabeko etakidea»
Aurkezpenean, Koldo Izagirre idazlea eta Inazio Mujika Iraola editorea izan dira haren ondoan. Mujika Iraolak eskerrak eman dizkio Madariagari, «esan beharra sentitu» duelako. Hura Euskal Herriko «historia hurbilaren protagonistetako bat» dela iruditzen zaio. «Protagonista asko joan dira bizitakoa kontatu gabe».
Izagirreren arabera, «interpretazio ideologiko bat» eginda, «bere errealitatearen zati bat eta bere egiaren osoa» eskaini du egileak «kontakizun berezi» horretan. «Abertzaletasuna du kohesio, eta, zehazkiago, ETA». Idazleak dio horrelako liburuak «hagitz samurrak» direla irakurtzeko baina «arrunt zailak» idazteko, Madariagaren ibilbidea «konplexua» baita, ETAren sortzaileetako bat izan zenez eta askotariko egoerak egokitu zaizkionez. «Erronka handia da hark egin duena».
Izagirrek uste du Madariaga gazte zenetik saiatu zela «bizitzeko zeukan aukera hura zeozer mamitzen, zeozertan mamitzen», eta «balioa» ematen dio saio horri. Baina, halaber, idazleak esan du «ideal galdu baten historia» dela haren autobiografia. «Berak sorturiko ETA kartsu eta gardena, galeran ere garaile zen erakunde hura endekatu izana deitoratzen du liburuko ia pasarte guztietan, zuzenean edo zeharka, Madariagak. Azken finean, ETArik gabeko etakide baten ekintza dugu liburu hau, hiztegia eta epika berreskuratzeko ahalegina».
«Nik ez dut independentzia ikusiko, baina usaindu dut»
ETAren sortzaileetako Julen Madariagak 'Egiari zor' liburu autobiografikoa argitaratu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu