Ibon Areso. Bilboko alkatea

«Nik erakusleiho den hirian bizi nahi dut, ez hiri itsusi batean»

Argi du lehentasuna, eta ikuspegi beretik heltzen die alor guztiei: ekonomiaren ikuspegitik. Bera izan da Bilboren eraldaketa pentsatu, antolatu eta mamitu duen arkitektoa, eta, hori ere, enpleguari begira egin du.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Aspaldi ez bezala, euskalduna da Bilboko egungo alkatea, baina ez erabat. Agurra eta elkarrizketa informala euskaraz egin ditu; elkarrizketa, ordea, gazteleraz eman dio BERRIari Ibon Aresok (Bilbo, 1944). Duela hilabete hil zenean lekukoa eman zion Iñaki Azkunarekiko oso desberdina da, formetan: errespetuz entzuten du,eta modu didaktikoan erantzuten die galdera guztiei.

Egokitu da Bilboko alkate berria?

Tira, ez naiz berria honetan. Denbora asko daramat udalean, alkatearekin elkarlanean asko aritua naiz, eta gaixoaldietan alkate gisa ordezkatu behar izan dut. Egiten ari ginenarekin segitzea dagokit orain. Kalean, jendea nigana etortzen da, alkatea naizelako.

Ez da arrotza zaizun kargua...

Ez. Udalera 1991n sartu nintzen hautetsi gisa, baina udalarekiko harremana aurretikoa da. Zinegotzi izan aurretik, Bilboko Plan Orokor berria egiteko udalak sortu zuen bulegoko zuzendari izan nintzen. Arkitektoa naiz, eta Bilbo industriala Bilbo berri bihurtzeko aldaketarako plangintza egiteko kontratatu ninduten. Plangintza hori lantzen aritu nintzen, 1989tik zinegotzi hasi arte.

Hala ere, izan da alkatetza hartu duzunetik harritu zaituen zerbait?

Ez. Alkatetza hartu behar izateak harritu ninduen.

Ez zenuen espero?

Ez da sekula nire nahia izan. Iñaki hil aurretik bere larritasunari buruz hitz egin zen arren, ez nuen uste amaiera hori izango zuenik. Aurrez ere oso larri egona zen, baina buelta eman zion, eta halako beste bat zela uste nuen. Iñaki Azkunak bere agintaldia amaituko zuela uste nuen. Beraz, hori izan zen niretzat sorpresa.

Nola definituko zenuke Azkunaren etapa?

Azkuna pertsona berezia izan da, nahiko errepikaezina. Berezko politikaria zen, animalia politikoa. Horrela soilik azal daiteke Bilbo bezain hiri pluralean gehiengo osoa lortu izana. Oso maitatua zen, oso transbertsala, eta oso zabala, alkateok ez dugula gure boto-emaileen alkate soilik izan behar dioen kontzeptuari dagokionez. Gainera, oso komunikatzaile ona zen, bai hitzaldi formal garrantzitsuetan, bai herritarrekin aurrez aurre egotean.

Nola nahiko zenuke gogoratzea Aresoren agintaldia?

Soslai profesionalagoa duen pertsona izan da Areso, lanean aritu dena Bilbo eraldatzeko. Arkitekto hirigile soslaiarekin aritu naiz hasieratik, eta oso harro nago egin den prozesuarekin; ez soilik bilbotarrek bere hiri berriarekiko duten harrotasunagatik, baizik nazioartean izan duen oihartzunagatik. Bilboren prozesua ezagutzera datozen mundu osoko kontinente guztietako talde mordoa hartu ditut, eta munduko pila bat forotara gonbidatu naute, Bilboren prozesua kontatzeko. Hori izan da nire lan profesional eta politikoa. Orain, alkatetzak behartzen nau txip hori aldatzera eta kalean gehiago egotera, eta, beraz, lehenengo teknikari gisa garatu eta gero kudeatu eta ezarri nuen Bilboko plan horren garapena pixka bat baztertzera.

Bada dioenik aldaketa horren ondorioz Bilbo erakusleiho huts bat bihurtu dela.

Entzun dut kritika hori, baina ez dut ulertzen. Nik erakusleiho den hiri batean bizi nahi dut, eta ez hiri itsusi batean. Munduan atentzioa ematen duen eta eredu den hiri batean bizi nahi dut, eta bilbotar gehienak harro daude horretaz. Hiri itsusia baldin bada alternatiba, nik ez dut nahi.

Auzoak zokoratuta daudela ere aurpegiratu izan dizuete.

Argi izan behar da udal baliabide guztiak auzoetan inbertitu direla. Abandoibarra ez du udalak ordaindu, han etxebizitzak erosi dituztenek baizik. Soberako dirua ere utzi dute, gainera; diru hori Bilbo Zaharra eta antzeko inguruetara bideratu dugu. Bestalde, hiri guztiek dute topagune bat,eta, niretzat behintzat, itsasadar bazterrak dira gure elkargune nagusia. Beraz, hori hiri guztiarentzako gune gisa atontzea eta hor hainbat festa egitea, ondo dago. Hiri guztiek izan behar dute gune komun bat. Edozelan, erdiguneko zein auzoetako paperontzien, farolen, espaloien eta bestelakoen kalitatea bera da.

Alkatetzan agintaldia amaitu arte egongo zarela esana duzu. Ez duzu jarraitzeko asmorik?

Ez. Erretiroa hartu behar dut.

Eskatuko balizute ere ez zinateke geratuko?

Agintaldi honetarako erretiratuta egoteko asmoa nuen. Baina aurreko legealdiaren amaieran Azkunari esan nionean utzi egingo nuela, berak esan zidan beste agintaldi batean iraungo zuela, eta laguntzeko eskatu zidan. Horrela nahasi ninduen.

Zein erronka nagusi dituzu alkate egingo duzun denborarako?

Lehentasuna da Bilbon ditugun operazio handiak amaitzea edo martxan jartzear daudenak abiatzea. Zorrotzaurre da etorkizunerako apustu handia. Etxebizitza parke berri bat egingo dugu etxe premiari erantzuteko, bere parke eta azpiegiturak izango ditu, baita industria jarduna ere. Zamudioko teknologia parkearen unitate bat hiri barrura ekarri nahi dugu. Eta sormeneko industriak ere pabiloi batzuk izan ditzala. Horrek lanpostuak aberastasuna ekartzen dizkio hiriari. Gure helburua enplegua da betidanik, eta uste dugu Zorrotzaurrek lagunduko duela. Joan aurretik martxan jarri nahi dudan beste lana,berriz, Termibus lurperatzekoa.

Zorrotzaurreko etxebizitza horiek luxuzkoak izango dira? Luxuzko asko egin dira urte hauetan.

Denetarik egongo da: salmenta librekoak, tasatuak eta babestuak.

Ikerketa batzuek diote Bilbon 16.000 etxebizitza hutsik daudela. Etxebizitza arazoa badago, ezin da ezer egin hutsik dauden etxeekin?

Hutsik dauden hiru etxebizitza mota daude. Batzuek ez dute bizitzeko moduko baldintzarik. Beste batzuk, merkaturako koltxoi direnak, bizileku aldaketengatik daude hutsik hilabete batzuetan. Etengabe hutsik daudenekin ari da kudeaketaren bat egiten, baina instituzioek sustapen lana bakarrik egin dezakegu:etxebizitza alokatuta errentagarritasuna lor daitekeela ikusaraztea. Ezin dugu inor behartu. Ez dugu baliabide juridikorik esateko alokatu behar dela edo etxea desjabetuko dugula.

Argi duzu ez zarela hurrengo alkatetzarako aurkeztuko. Ibone Bengoetxea da zure apustua?

Hautagai asko egon daitezke. Beste gauza bat da nire laguntasunagatik zoragarria irudituko litzaidakeela Ibone izatea.

Ez zegoela prest esan zuen bere garaian.

Ni bezala, ez da Bilboko alkate izatea amesten duen pertsona bat. Bada jende bat alkate izan nahiko lukeena eta ez duena sekula lortzen. Nik badakit orain nagoen bulego honetara etorri nahi zuen jendea bazegoela; nik ez dut sekula etorri nahi izan. Ibon ere ez da horregatik borrokatuko, baina uste dut alderdiko oinarriek bera aukeratuko balukete onartuko lukeela.

Nolakoa izan behar luke datorren udalak, zure ustez?

Datorrena datorrela ere, ez dut uste oso desberdina izango denik. Zein da udal honen lehentasuna? Enplegua. Hiria jator egon dadila, zaindua, enpresa eta turista gehiago etortzeko. Turismoa kritikatzen duzue batzuetan, baina esaten ari badira hotelak itxi nahi dituztela eta hotelen atarietan langileak protestan daudela... Nik turismoa langileen ikuspegitik ikusten dut. Eta enpresa gehiago etortzeko eta gazte ekintzaileek enpresak sortzeko ere ahalegin handia egiten ari gara. Batzuetan, badirudi modu elitistan ari garela, baina beharrezkoa da norbaitek enpresak sortzea beste batzuek lana izan dezaten. Ekonomia da gure lehentasuna, eta, hori ez bada, ez dakit zein lehentasun izan dezakeen hurrengo alkateak.

Esan izan duzu Bilbok hiri atseginizateari utzi eta hiri adimendun bihurtu behar duela Bilbok. Zer esan nahi duzu?

Bilbo eraldatzeko egin nuen planean eta hori garatzean izan dudan helburua, hain zuzen, enplegua izan da. Hitzaldi askotan izaten naiz mundu osoan Bilboren eraldaketa azaltzen. Foro horietan munduko beste leku askotako ordezkariak izaten dira, eta, askotan, haien eraldaketen arrazoia ingurumena izaten da. Baina, nik, politikoki zuzena ez den zerbait azaltzen dut: 1989-1990ko urteetan gu ez gintuen arduratzen iraunkortasunak; gure lehentasuna ez zen ingurumena, enplegua baizik.

Zein zentzutan?

Ontziolak itxita, %25eko langabezia genuen, eta enplegu berriak bilatu behar genituen. Etorkizuneko industria robotizatuagoa zen, teknikoa. Horrek ondasuna sortzen du, baina lanpostu gutxiago. Hori izan zen aldaketarako muina. Galdutako lanpostuak non sortu pentsatu behar genuen. Hirugarren sektorean behar zuen: zerbitzuetan. Arazoa zen zerbitzuen sektorea ez dela ezartzen zaharkitutako guneetan, ingurumen txarra dutenetan, askoz zainduagoak daudenetan baizik.Txikituta zegoen hiri guzti hori aldatu behar izan genuen. Enplegua sortzeko egin zen hiri itsusi eta zikin hura hiri atseginago bat bihurtzeko eraldaketa.

Eta zertara dator «hiri adimendun» bihurtu behar hori?

Bigarren plan estrategikoa egin behar dugu orain: hiri atsegin izateari utzi eta hiri adimendun bihurtzeko. Helburua? Enplegua. Kualifikatuagoak eta lehiakorragoak izan behar dugu. Manufakturetan ezin gara Asiarekin lehiatu. Edo ELA eta UGT hara bidaltzen ditugu, edo ez dugu zereginik oso merke produzitzen dutelako miseriazko soldata batzuekin. Balio erantsia landu behar dugu, eta horren oinarria jakintza da. Lehen eraldaketa fisikoa, irudiarena izan zen; bigarrenak askoz sozialagoa izan behar du: hiritar adimentsu eta lehiakorren hiria lortu behar dugu.

Pentsatu duzue hurrengo udal hauteskundeetan galera handia izan dezakezuela? Azkunak sektore askotako botoak jasotzen zituen.

Gure helburua, jakina, gehiengo osoa errepikatzea da. Kudeaketa ona egin dugula eta herritarrek hori aitortzen dutela uste dugu: diru publikoa ondo kudeatu dugula frogatu dugu, ez garela jolasean ibili herritarren euroekin, ez garela tentelki zorpetu festak edo inauteriak-edo egiteko...

Inauteriak eta jaiak aipatu dituzun honetan, zer moduz daude konpartsekiko harremanak?

Normalizatzen ari dira. Konpartsek eskatutako bilera bat zain dut. Egun hauek igarotzen direnean hartuko ditut, eta ea harreman horiei heltzen diedan. Ea ondo moldatzen garen denen artean; horrek esan nahi du guztiok nahi izatea harreman on hori.

Zorrik ez sortzearen garrantziaz aritu zara. Hitz egin dezagun Bilbao Ria 2000 sozietatearen inguruan. Zein egoeran dago?

Argaltze fasean dago. Ria 2000-ren ekonomia eragilea administrazioek oparitutako lurrak izan dira; Espainiakoak, Jaurlaritzak, foru aldundiak eta udalak lurrak oparitu dituzte, eta lur horiek emandako diruarekin hainbat lan handi egin dira. Higiezinen merkatua krisian sartzean lurrak ez ziren saltzen, baina lan batzuk hasita zeuden, lur horien truke eskatutako kredituekin. Lurrak debaluatu ziren, eta horrek eragin du Ria 2000ren zorra.

Zein zor du?

Orain, txikitzen ari da, baina duela urte eta erdi 180 milioi euro inguru zuen.

Pentsa daiteke tranpa egiten ari zaretela: udalarena litzatekeen zorra Ria 2000n pilatu duzuela eta horregatik diozuela Bilboko Udalak ez duela zorrik.

Udalaren partaidetza Ria 2000n %15 da. Sozietatearen zorra 150 milioi balitz, udalak 23 milioi izango luke. Norbaitek esan dezake: 'Hori hondamena! Ria 2000k 23 milioiko zuloa sortzea besterik ez du egin!'. Ba, nik erantzungo dizut: Niri 23 milioiko zorra eragin didaten gauzek 900 milioiko balioa dute. Edozein udalek, Donostiakoak berak, nahiko luke 23 milioi ordaindu 900 milioi euroko lanengatik.

Zer gertatuko da azkenean alkateen argazkiekin? Lekualdatzeko kendu dira, baina ez frankistenak bakarrik.

Udalbatzaren akordioa beteko da. Korridoretik kendu dira errestauratzeko, eta beste gune batean jarriko dira. Beheko solairuan ari dira gunea prestatzen.

Interpretazio galeria izango dela esan duzue. Zer da hori?

Eusko Jaurlaritzaren Memoria Historikorako Legeak ezartzen duena. Pertsona bakoitzaren kokapen historikoa egingo da: alkate guztiak egongo dira, eta bakoitza nondik datorren azalduko da: diktaduratik datorren, demokratikoki hautatu zuten...

Kaleetan dauden sinbolo frankistak kentzeko ere eskatu izan dizuete.

Uste dut, printzipioz, udalarenak kenduta daudela. Badaude sinbolo batzuk, baina horiek ezin ditu udalak kendu; eraikin bakoitzaren jabeak kendu behar ditu.

Euskara plan bat adosteko asmoa azaldu duzue. Zeintzuk izango dira oinarriak, kontuan hartuta Bilbo dela euskal hiztun gehien dituen hiria baina ehunekoetan egoera kaskarra dela?

Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren bitartez, gure jendea prestatzeko euskara ikastaroak egiten ditugu. Bestalde, da euskararen munduan dauden entitate zibilak diruz laguntzen ditugu.

Udalak abala emango dio, azkenean, Bilbo Basketi?

Kirol profesionala ezin da beti egon administrazioaren pentzuan. Bere kasa funtzionatu behar du. Besterik da hori gerta dadin denboraldia amaitzen lagundu behar zaiola. Salbatzen den edo ez ikusi behar da, eta arazoa da urte amaierara iristen ez bada ez dela zereginik egongo. Beraz, unean uneko zerbait bat da urte amaierara iristen laguntzea, gero ikusteko jarraipena izan dezakeen. Litekeena da hori, baina ekimen politiko zabal batek babestu behar luke, eta gero guri eskatu. Ez da udalaren ekimena.

2020an San Mames Eurokopako egoitza izatearen aldekoa zara?

Ni aldekoa naiz. Gertaera ekonomiko garrantzitsua litzateke Bilborentzat, ona, eta ezin diogu uko egin aberastasuna eta enplegua ekartzeari. Lehentasuna ekonomia da. Jendeak dio nahiago lukeela Euskadiko selekzioak jokatuko balu. Nik ere bai, noski. Egunen batean izango dugu selekzioa, baina 2020rako ez badugu, nik ezin diet uko egin etor daitezkeen diru sarrerei. Espainiaren partidari dagokionez, joan nahi ez duenak ez dadila joan. Lehenengo jana, eta gero filosofatzea.

Azkunaren izena Bilboko elementuren bati jartzeko asmoa azaldu duzu.

Bai. Joan aurretik egingo dut proposamenen bat Iñaki Azkunaren oroigarri.

Plazaren bat edo kaleren bat?

Hiribilduko izendegiren bat, baina oraindik zehaztu gabe dago.

Proiektu berri horietakoren batean?

Sukaldean dago oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.