Joseba Erremundegi. Departamenduko kontseilaria

«Nihauren burua ez dut ezker-eskuin ardatzean kokatzen»

Bere burua «etiketarik gabeko» politikaritzat dauka Erremundegik. Departamenduko kontseilari izanen da sei urtez: bere ibilbide politikoa azaldu du, eta betetzen dituen karguen osagarritasuna azpimarratu du.

GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun

Baiona-2ko kantonamenduan gailendu zen Joseba Erremundegi (Ainhoa, Lapurdi, 1988) Monia Evene-Mateorekin batera, departamenduko bozetako bigarren itzulian. Ibilbide politikoa Baionako Herriko Etxean hasi zuen, eta elkargoan ere hautetsi da. Orain, departamenduko kontseilari izanen da sei urtez.

 

Nola aurkeztuko zenuke zuhauren burua?

Galdera zaila da hori! Joseba Erremundegi naiz, Ainhoan sortua, eta badira hamar urte Baionan bizi naizela, Bilbon egonaldi bat egin ondotik. Badu urte bat hautetsi naizela Baionan Jean Rene Etxegarai auzapezaren taldean. Eta Euskal Hirigune Elkargoan mugaz gaindiko harremanen arduraduna naiz.

Nola egin zenuen politikara sartzeko hautua?

Etxegaraik proposatu zidan bere zerrendan sartzea 2019. urteko urrian. Gauza publikoen inguruan interes handia neukan aspalditik, baina ez nuen sekula zehazki pentsatu engaiatzea. Engaiatua nintzen elkarte munduan, Baionako beste toki batzuetan. Etxegaraik galdetu zidalarik, ongi pentsatu eta gero, onartu nuen, aukera baitzen etiketarik gabe hautetsi izateko haren gehiengoan.

Nola egin zenuen ezagutza Etxegarairekin?

Bilkuretan ezagutu nuen, elkarteen bidez, eta pentsatzen dut jendeak ere aipatu ziola. Bazuen gogoa gazteak sarrarazteko bere taldean; zerrendaren erdia berritua zuen, bereziki gazteekin. Beraz, pentsatzen dut gazteak xerkatzen zituela, bere inguruan ere galdetuz. Nik ez nuen ezagutzen pertsonalki, baina lehen aldian ikusi nuelarik ohartu nintzen berak bazituela informazio batzuk eta aski argi ikusten zuela zertan aritzen ahal nintzen elkargoan eta herriko etxean.

Batzuek diote EAJk bitartekaritza lana egin zuela bata besteari aurkezteko. Egia ote da?

Bi gauza badira: Biltxoko elkartea bazen, eta Etxegarai ikusi nuen bilkura batzuetan, bulegoan bainintzen. Euskara batzordean ere parte hartzen nuen, eta, horren bidez, elkarrekin lanean aritu ginen, nahiz eta ez pertsonalki ezagutu. Gero, denbora berean, egia da trukaketak ukan nituela Pako Arizmendirekin: proposatu zidan EAJren izenean sartzea gehiengoan, baina nik nahiago izan nuen etiketarik ez hartzea. Sophie Laplace da EAJren ordezkaria gure gehiengoan.

Nola kokatzen duzu zuhauren burua politikoki ezker-eskuin ardatzean?

Egia erran, ez dut kokatzen nihauren burua ardatz horretan. Kokatzekotan, nahiz eta ez dudan maite hori erratea, erran nezake zentro-ezkerrean kokatzen dudala nire burua. Egun, bada gogo bat ez gehiago etiketa baten azpian edo alderdikerian kokatzeko. Ni abertzale sentitzen naiz, eta atxikia natzaie lurraldetasunari, nortasunaren babesteari, hizkuntzaren salbatzeari. Baditut balore humanista batzuk ere: justizia sozialean sinesten dut. Baina ez dut hetsi nahi etiketa batean zerratuz. Beraz, eroso naiz Jean Rene Etxegarairen gehiengoan, baionarrak biltzen baititu: ezkerrekoak, eskuinekoak, zentrokoak baita etiketarik gabekoak ere, herriarentzat lan egin nahi dutenak, trantsizio ekologikoarentzat, hizkuntza politikarentzat...

Halere, departamendu bozetarako Forces 64 koalizioaren sostengua bazenuten.

Jean Jacques Lasserreren sostengua ukan dugu, baina Hendaian aurkeztu diren Mikel Berra eta Sylvie Estonba bezala, ez gara etiketa batekin aurkeztu, udal gehiengo gisa baizik. Horren ondorioz, Lasserreren sostengua izan dugu. Gure laukotean, ordea, ez zuen inork alderdi politikorik, eta bakoitzaren baldintza zen alderdi politikorik ez zutenekin aurkeztea.

Herriko etxean hautetsi zara, herri elkargoan ere ardurak dituzu; orain, departamendu kontseiluan. Karguak pilatzen dituzu...

Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan gauzak antolatuak diren gisan, kargu horiek osagarriak dira. Elkargoarena eta herriko etxearena lotuak dira. Departamenduari begira, departamenduen eta herrien arteko osagarritasunean oinarritu dugu gure proiektua. Arlo sozialean, adibidez, beste gisa batera eginen genuke herriko terrenoko esperientziatik. Frantziako antolakuntzan uste dut badela eskala bat gehiegi: izan daiteke eskualdea edo departamendua. Baina gaur egun horrela da, eta den bezala hartu behar dugu gauzak aitzinarazteko.

Eskala bat gehiegi badela diozu. Aterabide bat litzateke lurralde kolektibitatea?

Ni lurralde kolektibitatearen alde naiz, Ipar Euskal Herri azkar baten alde. Hori da bizi eremua, alde batetik, eta bada koherentzia geografiko, linguistiko eta kultural bat. Nik horren alde lan eginen dut hautetsi eta hiritar gisa, uste baitut hori dela eskala pertinentea.

Oro har, zein dira zure lehentasunak departamendu kontseiluan eragiteko?

Gazteriaren aldeko plan handi bat sustatzeko asmoa dugu, 18 eta 25 urte arteko gazteak laguntzeko: gidabaimena finantzatuz; etxebizitzaren arloan ere lagunduz, departamenduko etxebizitza funtsen bidez, adibidez. Laguntza bat sustatuz lan bila ari direnentzat ere. Bestalde, hauteskundeek erakutsi dute badela lan bat egiteko demokrazia parte hartzailearen bidez eta komunikazioaren bidez, jendea eta bereziki gazteak interesatzeko gauza publikoari eta bozka bulegoetara mugiarazteko, eta bizitza publikoan parte hartzeko. Parte hartzea oso apala izan da denetan, umilki hartu behar dira emaitza horiek. Uste dut hori lantzea erronka bat dela hautetsi gazteentzat, eta terrenoan presente izatea. Permanentziak antolatzea hautatu dugu; oraindik zehazteke dago non, noiz eta zein maiztasunekin. Behar da asmatu lengoaia berri bat politika publikoak azaltzeko eta jendea lotzeko politikari.

Mugaz gaindiko harremanez arduratzen zara elkargoan. Departamenduan ere badira mugaz gaindiko proiektu batzuk.

Biak osagarri dira, eta askotan badira gaizki ulertzeak erakundeen artean, bereziki mugaz gaindiko gaietan. Ez dakit horretaz arduratuko naizen, nik sinesten dut mugaz gaindiko eskala lantzeko eremu pertinentea dela elkargoa. Hautetsi izanez bietan gauza batzuk argitzen ahalko direla pentsatzen dut, gaizki ulertze batzuk leuntzeko. Gobernantza kontu bat da, lidergo kontu bat. Historikoki bakoitzak bere harremanak baditu, legitimoak direnak oro; batzuetan, proiektuak biderkatzen dira, eta, gobernantzan, egia da Ipar Euskal Herrian hostopil politikoa badela. Uste dut gauza horiek erraztu behar direla, ulergaitzak dira askotan Hegoaldearentzat, bakoitzak bere instituzioekin segitzen baitu. Gauzak argitu behar dira hor, ikusiz zer den beharrezkoa eta zer ez.

Bihar [gaur] Lasserreren alde bozkatuko duzu presidentetzarako?

Hizketan ari gara, ikusteko egin ditugun proposamenetan nola aurreikusten den mandatua eta zer egiten ahalko den gure programa gauzatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.