Ngorongoroko parke naturalean izan zuten istripua Tanzanian hil diren Getxoko bi andreek

Parke naturaleko kraterrean zihoazela, zeramatzan ibilgailuak istripua izan zuen, eta horren ondorioz hil ziren emakumeak. Ama-alabak ziren.

Ngorongoroko parke naturaleko kraterra, Tanzanian. WIKIMEDIA
Ngorongoroko parke naturaleko kraterra, Tanzanian. WIKIMEDIA
arantxa iraola
2024ko abuztuaren 6a
11:00
Entzun

Zehaztapenak heltzen ari dira Tanzanian hil diren Euskal Herriko bi andreen inguruan. Igandean hil zirela jakin da, eta auto istripu bat izan zela motiboa: Ngorongoroko parke naturalean izan zen, hango kraterrean. Turista askoren erakargarri izaten da tokia, natura aldetik garrantzi handikoa delako. Hango animalia espezieak-eta ikusteko irteerak egitera joaten da jendea.

Zabaldu diren berrien arabera, hil diren bi andreak ama-alabak ziren, Getxokoak (Bizkaia). Familian joanak ziren Tanzaniara: gurasoak, seme eta alaba nerabeekin. 15 urte ditu semeak, 17 zituen alabak. Semea eta aita ere zauritu egin ziren istripuan. Familia zeraman ibilgailuak kontrola galdu zuen bihurgune batean, irauli egin zen, eta kraterrera heltzeko pistan behera joan zen. 600 metroko erorketa izan zuten.

Gizonak zangoetan zauri larriak dituela esan dute: hautsiak ditu hanketako zenbait hezur eta beso batekoak ere bai. Semeak, berriz, puskatuta ditu saihets hezur batzuk eta litekeena da birikaren bat zulatuta izatea ere. Nairobiko ospitale batera eraman dituzte biak.

Espainiako Atzerri Ministerioak adierazi du familia laguntzen ari direla: «Beharrezko kudeaketa guztiak egiten ari da biktimei laguntzeko». Eusko Jaurlaritzak elkartasuna agertu dio familiari, eta adierazi du ministerioarekin lanean ari direla, ahal duten guztia laguntzeko.

Amaia Agirre Getxoko alkateak gaur jakin du Tanzanian hildakoak eta zauritutakoak bertakoak direla. Haren esanetan, ezbeharrak «atsekabea» eragin du herrian. Familiaren intitimitatea errespetatzeko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.