Neutroiak, dezeleratzeko arriskuan

Zirt edo zart egiteko garaia du Teknologia Neutronikoen Zentroak. Finantzaketa publikorik jasotzen ez badu, ezingo ditu bete Europako proiektuarekin hartutako konpromisoak. Suediako Espalazio Bidezko Neutroi Iturrirako osagaiak eraikitzen ari da. Gasteizko eta Madrilgo gobernuen esku dago finantzaketaren gaia.

Bilboko ESS eraikitzen ari den osagaietako batzuk, Zamudioko pabiloian. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Zamudio
2017ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Ordainketa egutegia finkatzea eta hitzarmenak sinatzea. Horren beharra dauka Europako neutroi iturriaren euskal adarrak, Teknologia Neutronikoen Zentroak. Bilboko ESS partzuergoak kudeatzen du; Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak erdi bana osatzen dute partzuergoa. Proiektuak ez du eskuratu finantzaketa publikorik 2012tik, eta denbora amaitzen ari da: administrazioek finantzaketa egutegia adostu behar dute uda baino lehen, Europako proiektuan atzerapenik eragin nahi ez badute behintzat. Partzuergoak aurtengo gastuetarako dirua bakarrik dauka.

Europako Espalazio Bidezko Neutroi Iturria eraikitzen ari dira Suediako Lund hirian. Neutroiei buruzko ikerketarako mugarri izango da egitasmoa. Hain justu, horren zati batzuk egiten ari da Bilboko ESS, Zamudioko Teknologia Parkean. Hain zuzen, Suediako proiektuaren %5i dagozkio osagai eta sistema horiek.

Zeresan handia eman du hasieratik espalazio iturriaren gaiak. Izan ere, Bilbo ere hautagai izan zen azeleragailua ezartzeko, baina 2009an Lund aukeratu zuten. Orduan adostu zuten Bilbokoa izatea Europako bigarren egoitza, eta 180 milioi euroko aurrekontua ezarri zioten. Bi urte geroago, ordea, egitasmoa berriro aztertu, eta erabaki zuten Suediako neutroi iturria hornituko duen duen ikerketa zentroa izatea. Aurrekontua erdira jaitsi zuten, eta, kopuru horrekin, adostu zuten ESSn %5eko partaidetza izatea. Egitasmo osoak 1.183 milioi euroko balioa dauka, eta Bilboko ESSk 93 milioiko ekarpena egin behar dio, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak erdi bana eman beharrekoa. Kopuru horren %80 tresnerian eman behar zaio Suediari, eta gainerakoa, dirutan.

Egoera larria da. Hala azaldu du Bilboko ESSko zuzendari exekutiboak, Jose Luis Martinez Peñak: «Dirurik gabe ezin dugu adjudikaziorik egin, eta proiektu orokorra atzeratzea eragingo genuke. Atzeratzen den urte bakoitzeko 70 milioi euroko kostua izango litzateke». Suediako egitasmoko arduradunak «oso urduri» daude, eta bilera eskatu dute Bilboko ESSko errektore kontseiluarekin.

Bi izenpetze

Martinezek espero du bi administrazioak ados jarriko direla. Bi arrazoi ikusten ditu. Batetik, Espainiako aurrekontuan hemezortzi milioi euroko zorpetzea aurreikusi dutelako proiekturako. Zuzendariak azaldu duenez, Ogasun Ministerioak kreditua ahalbidetuko luke, baina Bilboko ESSko errektore kontseiluak eskaria egin behar du.«Horrek modua emango liguke konpromisoak hartzeko». Dirurik gabe ezin baitituzte sistemak hornitu. «Ezin dugu diru hori konprometitu, ezingo genukeelako ordaindu». Bestetik, Gasteizko legebiltzarrak bi administrazioei apirilean eskatu zien finantzaketa egutegi bat hitzartzeko. Gainera, aho batez egin zuten eskaria: bi gobernuak kudeatzen dituzten alderdien babesarekin ere bai, hortaz.

Presa du gaiak, Martinezen esanetan. «Premiazkoa da akordioa ahalik eta arinena egitea, ez bakarrik 2017ari dagokionez, baizik eta 2025era arte». Orduan amaituko dituzte esku artean dituzten Suediarako lan sortak. Bi administrazioek, ordea, ez dute jakinarazi zer egiteko asmoa daukaten, BERRIAk galdera egin dien arren.

Baina, finantzaketa lortzearen gaiarekin batera, badago beste auzi bat ere: Europako egitasmoaren parte izateko, ERIC partzuergoko kide izan behar du Bilboko ESSk. Hau da: azpiegituraren ehuneko jakin baten jabe dela sinatu behar du; kasu honetan, %5.

ERIC sinatzeak konpromiso finkoa hartzea dakar: esan nahi du enpresak aurrekontuetan gordeta daukala kopuru hori ordaintzeko dirua; kasu honetan, 2017an hasi eta 2025era arte. Europako Batasuneko herrialdeak soilik izan daitezke ERICen bazkide, eta, beraz, Espainiak sinatu behar du kontratua. Jadanik hamazazpi herrialde daude ERICen.

Eta, Martinezen arabera, hor daude trabatuta. «Alde batek dio aurrena ERIC sinatu behar dela, eta beste aldeak dio aurrekoak %50 jarri arte berak ere ez duela jarriko. Baina jar liteke klausularen bat, konponbideak badaude, edo batera sina daitezke. Borondate politikoko arazoa da».

Langileek eman zuten zentroaren egoeraren berri martxoan. Aitor Zugazaga langileen batzordeko kideak jakinarazi duenez, Gasteizko legebiltzarreko alderdi guztiekin hitz egin zuten. «Esan ziguten prest daudela proiektuari bultzada emateko, baina finantzaketa egutegia zehaztu behar da».

Zugazagak uste du akordioren bat lortuko dutela, legebiltzarrak aho batez onartu baitu proposamena. «PP alde badago, pentsatzekoa da Espainiako Gobernua ere alde egongo dela. Bilera egitea eta sinatzea falta da». Uste du uda baino lehen bilduko direla.

Zugazagak azaldu du Suediarako zer osagai eraikitzen ari diren Zamudion. Hiru dira: MEBT delakoa —ioi iturria—, irrati-maiztasun sistema —protoiak azeleratzen diren gailua—, eta target delakoa —bertan talka egingo dute protoiek, eta hortik norabide guztietan aterako dira neutroiak—. Target-a wolframezko 7.000 adreiluz osatuko da —Elhuyar anaiek lortu zuten wolframa isolatzea, Bergaran—. Neutroiak sortzen dituen makina da Suediako azeleragailuaren azken zatia.

Bertan sortutako ezagutza

Baina Suediako proiektuak 40 urte iraungo du, eta eraberritzeak zein piezak ere egingo ditu Bilboko ESSk. 2025ean, neutroi iturria martxan hastean, ordezko piezak beharko dira. Beraz, target-aren beste ale bat ere eraiki beharko dute ordurako, aparteko aurrekontu batekin. Horrek esan nahi du gerora ere lana emango duela Lundeko azpiegiturak. Gainera, Zamudioko zentroak bestelako proiektuak ere egin ditzake; horixe da hasierako beste helburu bat. Adibidez, neutroi iturri txiki bat egiteko aukera zeukaten, baina, oraingoz, egitasmoa geldi daukate. Martinezek jakinarazi du Alemaniako eta Frantziako enpresa batzuek interesa daukatela halako proiektu bat bideratzeko.

Baina zer balio dauka proiektu horrek Euskal Herriarentzat? Bilboko ESSko zuzendariaren iritziz, batez ere ezagutza. «ESS da Europan gauzatzen ari den zientzia egitasmorik handiena. Lanpostuak sortuko ditu, baina ezagutza da garrantzitsuena. Bestelako proiektuetarako erabil ahalko den ezagutza; bertako zientzialarien ezagutza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.