Inoiz baino ilunago dago espalazio zentroaren etorkizuna. Egitasmoak urteak daramatza kolokan, ia finantzaketarik gabe, baina heneregunetik gidaritza ere galdu du: Joan Bordas zuzendari exekutiboa eta Javier Bermejo zuzendari zientifikoa kaleratu egin ditu ESS-Bilbao partzuergoak —Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen dute—. Proiektua «berriz aztertu eta beste bultzada bat» emateaz mintzatu zen atzo partzuergoa langileei bidalitako ohar batean, baina azalpenek ez zituzten uxatu zalantzak .
Egitasmoa «oso egoera nahasian» geratu dela aitortu du Bermejok, postua utzi eta ordu batzuetara. Batetik, eguneroko lanaren kudeaketan arazoak izango dituztelako: «Politikariz osatutako batzorde baten esku geratuko da lantaldea. Nork baimenduko ditu erosketak?». Bestetik, espalazio bidezko neutroi iturriaren bigarren egoitzaren eraikuntza auzitan dagoelako, inoiz baino gehiago: «Orain arte egindakoa alferrik galtzea zentzugabea litzateke».
Izan ere, espalazio zentroari lotutako ikerketa proiektuak zazpi urte daramatza martxan, Bermejoren ardurapean. 55 pertsona aritu dira lanean Zamudioko Parke Teknologikoan (Bizkaia), behin betiko egoitza eraiki bitartean. Hogei milioi euro inguruko aurrekontua izan dute; azeleragailua, esaterako, ia eraikita dagoela azaldu du zuzendari ohiak: «Hutsetik hasi ginen, eta lanbidea ikasi dugu. Enpresa garrantzitsuen sostengua lortu dugu, eta leku onean gaude».
Hala, egitasmoa «bideragarria eta beharrezkoa» dela nabarmendu du. «Hori aspalditik berretsita dago. Irrigarria da Txinan hiru unibertsitate aritzea horrelako instalazio bat eraikitzen, eta gu horrela ibiltzea». Esparru zientifikoan ez du zalantzarik; politikoan, ordea, bestelakoa da abagunea: «Madrilek Bilbon ez du azpiegiturarik garatu nahi. Eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera ez dakit zein den. Ez da erraza izango bi administrazioen jarrera berriro bideratzea».
2009tik, abiatu ezinik
Europako egitasmo zientifiko garrantzitsuenetako bat da espalazio bidezko neutroi iturria. 2009an, Europako Batasuneko Ikerketa ministroek zentroa Suediako Lund hirian eraikitzea erabaki zuten, eta Bilboko hautagaitzak kontsolamendu saria eraman zuen: bigarren egoitza izango zuen EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Parkean (Leioako campusa, Bizkaia). Urte haren amaieran jarri zuten eraikinaren lehen harria, baina, ia lau urteren ondoren, ez dute besterik ipintzerik lortu.
Krisiak proiektua galarazi du. Lundeko iturriak ere finantzaketa arazo larriak ditu: 2.000 milioi euroko aurrekontua du, baina Europako gobernuak orain ez daude halakorik ordaintzeko prest; adibidez, bultzatzaile nagusia Alemania izan da, eta 180-200 milioi euro baino ez ditu jarri nahi. «Baliteke aurrera ateratzea, politikoki onartezina litzatekeelako bertan behera uztea. Baina berandu egingo dute, eta murriztuta», esan du Bermejok.
Suediako zalantzen oihartzuna Bilbora iritsi zen, baina: bigarren egoitza eraikitzeko, 180 milioi euroko inbertsioa hitzartu zuten Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, erdi bana pagatzeko. Mariano Rajoyren exekutiboak, ordea, ez zuen dirurik eman 2012an, eta 2013 eta 2014rako ere ez du diru sailik aurreikusi.
Arazo ekonomikoei egitasmoaren inguruko desadostasunak gehitu zitzaizkien: iazko udan, Leioako proiektu zientifikoari buruz adituen batzorde batek egindako txostena atzera bota zuen Ikerketa eta Garapenerako Estatu idazkariak (Ekonomia Ministerioa). Bermejoren taldearen proposamena babestu zuen dokumentu hark: Leioako zentroa Lundeko iturriarekiko autonomoa izatea. «Suediako zein beste lekuetako instalazioekin elkarlanean jarduteak funtzionatuko luke, orain arte egin den bezala», esan du zuzendari zientifikoa izandakoak. Baina Madril ez dago ados, eta ordutik blokeatuta dago espalazio zentroaren eraikuntza.
Hortaz, zer gertatuko da Leioako azpiegitura eraikitzen ez badute? «Ikerketa lanak aurrera dezake, baina ez dakigu nola zehazki». Dena den, itxaropen gutxirekin mintzatu da politikarien ikuspegiaz: «Ez dute ulertzen honek guztiak duen garrantzia. Ez dute benetako apusturik egin nahi».
Jaurlaritzari azalpen eske
Ez zen bat etorri horrekin Iñigo Urkullu lehendakaria atzo. Jaurlaritzak proiektuan «apustu serioa» egina duela adierazi zuen, eta kaleratzeak partzuergoaren barruko egoera «erregularizatu» beharrarengatik izan direla. Joan Bordas erretiroa hartzear zegoen eta Javier Bermejok «ez zuen kontraturik», Urkulluren hitzetan. Lundeko zentroak eta Espainiako Gobernuak Leioako proiektuarekin duten «konpromisoa argitzen» saiatuko da lehendakaria.
Orain arte egindakoa «aztertu beharra» dagoela esan du Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako Sailak. Hain justu, Eusko Legebiltzarrean azalpenak ematekoak ziren Bordas eta Bermejo, PSE-EEk eskatuta; kaleratzeok argitzea galdegin diote sozialistek Arantza Tapia sailburuari.
Neutroi iturria: ez diru, ez buru
Espalazio zentroaren aldeko «benetako apusturik» ez dagoela salatu du kaleratu berri duten zuzendariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu