Frantziako lehen ministro Jean Castexek iragarri du COVID-19aren izurriari aurre egiteko neurriak arinduko dituztela, eta horretarako egutegia ere aurkeztu du. Aldaketa gehienak otsailean sartuko dira indarrean.
Otsailaren 2tik goiti ez da derrigorrezkoa izanen maskara aire zabalean eramatea. Telelanaren neurria ere arinduko dute: ez da derrigorrezkoa izanen, baina bai «gomendagarria». Kultur eta kirol ekitaldietan, berriz, ez da murrizketarik izanen, ikusleak eserita egonez gero.
Halaber, otsailaren 16tik goiti, dantzalekuak berriz irekiko dituzte, eta ostatuetan zutik kontsumitu ahalko da.
Oraingoz, eskoletako protokoloari eutsiko diote, baina Castexek iragarri du otsailaren amaieran, oporretatik itzuli ondoren, protokolo hori aldatzea aztertuko dutela.
Ziurtagiria, indarrean
Castexek erran duenez, txertatze agiria astelehenean sartuko da indarrean. Edonola ere, neurri hori Frantziako Konstituzio Kontseiluak ebazten duenaren beha dago. Izan ere, Konstituzio Kontseiluak gaur ematekoa du txertatze ziurtagiriaren legeari buruzko erabakia. Frantziako Parlamentuak legea onartu zuen, baina diputatu eta senatari batzuek helegitea aurkeztu zuten.
Castexek iragarri du prest daudela txertatze ziurtagiria ezartzeari uzteko, baldin eta kutsatzeen eta ospitaleratutako erien kopuruak murrizten badira. Bestalde, 12 eta 17 urte bitartekoek astelehenetik goiti izanen dute txertoaren indartze dosia hartzeko aukera.
«Pandemiaren bilakaera itxaropentsua da», adierazi du Castexek; «halarik ere, ezin ditugu ahantzi gure osasun sisteman dauden tentsioak».
Azaldu duenez, omikron aldaeraren eragina ez da delta aldaerarena bezain larria, eta horrek eraman du Frantziako Gobernua neurriak laxatzera, baina ohartarazi du ez dela «gripe arrunta».
Koronabirusa
Neurriak arintzeko egutegia aurkeztu du Frantziako Gobernuak
Telelana arinduko dute, eta maskara ez da derrigorrezkoa izanen aire zabalean. Aldaketa gehienak otsailean sartuko dira indarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu