«Neurri zorrotzak» eskatu dituzte klima aldaketari aurre egiteko

Fridays For Future plataformak mundu osoko greba deialdia egin du. Besteak beste, Donostian, Bilbon eta Iruñean egin dituzte mobilizazioak

Klima aldaketaren aurkako manifestazioa, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Oihane Puertas ONA
Donostia
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
«Justizia klimatiko intersekzionala» eskatu zuten atzo munduko hainbat herrialdetan, Fridays For Future plataformak antolatutako mobilizazioetan. Izan ere, Klimaren Aldeko Ekintza Globalaren Eguna izan zen, eta klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko eskatu zuten.

Donostian protesta egin zuten, 11:00etan, Fridays For Future taldeak eta Ikasle Sindikatuak deituta; arratsaldean, beste manifestazio bat egin zuten, 18:00etan, FFFk antolatuta. Bilbon ere egin zuten elkarretaratzea, 11:00etan, eta manifestazioa 18:30ean. Iruñean, berriz, elkarretaratzera deitu zuten 18:30erako.

Aldarrikapenez betetako protesta izan zen Gipuzkoako hiriburukoa, eta «planetaren alde» egitearen garrantzia nabarmendu zuten, oihuz, abestiz eta txaloz lagunduta. Izan ere, «planetarik gabe, etorkizunik ez» dagoela gogorarazi zuten, eta «iraupena bermatzeko», politikariek «neurri zorrotzak» hartu behar dituztela adierazi zuten.

Horrekin batera, klima aldaketaren aurkako plataformak Espainiako Gobernuaren «lan eskasa» salatu zuen, eta, Anne Rodriguez FFFko kideak azaldu zuenez, gobernuak hartu dituen konpromisoak «benetan betetzeko» eskatzen dute.

Sistema kapitalista «bukatzeko» ere eskatu zuten mobilizazioan. Izan ere, Aitzol Arbillaga Ikasle Sindikatuko kidearen aburuz, hori da klima aldaketari «buelta emateko» modu bakarra. Erraustegiaren aurkako mugimenduak ere bat egin zuen Donostiako mobilizazioarekin, eta adierazi zuten «garrantzitsua» dela «eguneroko gauzetan borroka egitea», eta horretarako kalera ateratzea. Kepa Olaiz mugimenduko kideak adierazi zuenez, erraustegiaren gisako proiektuek eragina dute klima aldaketan; «bizkortu» egiten dute.

Mobilizazioak munduan

Fridays For Future erakundearen arabera, «Austriatik Zambiara, munduko bazter guztietan» egin zituzten mobilizazioak atzo, eta justizia klimatikoaren aldeko aldarriak izan ziren nagusi. Gobernuei «presioa egiteko» deia egin zuen plataformak, klima aldaketaren aurkako borrokan «indarrak batu» ditzaten.

FFFk, gainera, Klimaren Aldeko Ekintza Globalaren Eguna «ahalik eta irisgarrien» izatea nahi zuen. Horregatik, Sistema erauzi izeneko «protesta digitala» antolatu zuten, mobilizazioetara joaterik ez zutenek aukera izan zezaten mugimenduarekin bat egiteko. Greba digitalerako ekintza «erraz eta laburrak» egin zituzten, eta zenbait hitzaldi ere antolatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.