Neurri zehatzen falta egotzi diote Emakunderen planari

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak ebaluatu du Berdintasun Plana. Emakunderen arabera, egitasmoak «ildo nagusiak finkatu» behar ditu

KESek hezkuntzan jarri du arreta. Irudian, erakusketa bat eskolan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Rejado.
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana gehiago zehazteko eskatu dio KES EAEko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak Eusko Jaurlaritzari. 2018tik aurrerako planaren behin betiko testua prestatzen ari da Emakunde; prozesuaren barruan, KESek txostena aztertu du. Agirian xehatutako asmoekin bat datozen «neurrien eta baliabideen gabezia» antzeman du, ordea. Areago, horrek planari «sinesgarritasuna» ken diezaiokeela uste du.

KESen iritziz, «ahultasun puntu bat» da neurri eta baliabide«gabezia». Ohar baten bitartez azaldu du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. planaren zirriborroan esku hartzeko ildo orokorrak deskribatzen direla, baina helburuen garapena Eusko Jaurlaritzaren sailen eta bestelako erakundeen esku uzten duela. «Planean neurri zehatzik ez ezartzea gabezia orokor bat da; txostenean agertzen diren neurriak ez dira jarduerak, helburuak baizik».

Emakundek gogorarazi duberdintasun politiken «gidari» izatea delaplanaren helburua. «Planak zehaztu behar ditu esku hartzeko ildo nagusiak, eta botere publikoek horiei jarraitu behar diete». Gaineratu du «lehentasunak» finkatu dituztela zirriboroan, hurrengo urteetarako politika publikoak bideratzeko. Halaber, aitortu du bertan ez dagoela ekintza zehatzik. «Pentsatzen dugu egokia dela instituzio bakoitzak erabaki dezala lan egiteko modua».

Emakundek gaineratu du irizpide horrek «autonomia eta malgutasun» handiagoa ematen diela administrazio publikoei berdintasun politikak garatzeko. Ordea, lan horiek guztiak «norabide berean» izango direla gaineratu du: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planak zehaztutakoan.

Sektorekako planak

Euskadiko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak nabarmendu du VII. planaren zirriborroa aurrekoaren ildo beretik doala: «antzekoa» dela. Programak eta helburuak «errepikatzen» direla iruditu zaio, eta, hori saihesteko, sektorekako planak abiaraztea iradoki du. «Plan horiek mugatuagoak direnez, hobeto gauza daitezke». Hezkuntzan jarri du arreta: «Esku hartzeko ardatz gisa» erabili nahi du hura, «entitate propioarekin, planean ematen zaion ikuspuntutik haratago». Ildo hauetan sakontzeko eskatu du, besteak beste: irakasleen prestakuntzan, proiektu zehatzen ezarpenean, curriculumaren berrikuspenean, materialen eta baliabide didaktikoen prestaketan...

KESek planaren memoria ekonomikoa faltan duela gaineratu du. Hots, planaren garapenerako erabiliko den diru saila. Emakundek argitu du ezin duela hori zehaztu; ekintzen garapena beste erakunde batzuen esku dago, baita horren finantzaketa ere. Ordea, azaldu du, azken datuen arabera, berdintasunaren aldeko inbertsio publikoa 30,8 milioi eurokoa dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik 23,3 milioi Jaurlaritzari dagozkio.

Azkenik, KESek salatu du VII. planaren barruan ez dagoela aurrekoaren ebaluazioa. «Ulertzen zaila den omisio bat» dela uste du. Emakundek erantzun dio aurreko planaren ebaluazioa, txostenean ez badago ere, Emakunderen webgunean ikus daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.