Euskal Eskola Publikoaren Jaia egin dute gaur Ordizian (Gipuzkoa). Urdaneta eskolak 50 urte bete ditu aurten, eta egitarau oparoa prestatua dute han bildu direnenetzat. Jaia 11:00etan hasi da, eta, eguraldiak hasieran lagundu ez badu ere, zer egin ez da falta izan. Goierriko Hitza-k jaso duenez, antolatzaileen arabera, ia 10.000 lagun elkartu dira festan parte hartzeko, eta kalitatezko hezkuntza sistema publikoa, euskalduna eta inklusiboa aldarrikatzeko.
«Ordizia Euskal Herriko beste herri, auzo eta eskola publikoen isla da. Muturrera eramandako egoera baten isla», esan du Maria Albisu guraso elkarteko lehendakariak. Adierazi duenez, jatorriaren arabera «desorekak» daude ikastetxeen artean «egoera sozioekonomikoari dagokionez edo euskararen ezagutzan». «Gaur euskara, aniztasuna, publikotasuna aldarrikatzeko eguna da, baina begietara begira esan nahi dizuet: politika eta erabaki ausartak eskatzen dizkizuegu», adierazi dute guraso elkarteko kideek hasiera ekitaldian izan diren agintarien aurrean. Han ziren, besteak beste, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Adur Ezenarro Ordiziako alkatea.
Hainbat gune izan ditu jaiak. Hasierako ekitaldia Barrena parkean izan da. Ondoren, hainbat ekintza izan dira lau gunetan banatuta. Plaza Nagusiko gunean, magoen saioa, batukada feminista, Pirritx Porrotx eta Marimotots, puzgarriak eta perkusio tailerra izan dira. Barrena parkeko gunean, berriz, antzerkiak, eskulanak, Oihan Vega DJa eta jolasak. Pilotaleku inguruko gunean, elikadura eskola, jolasak, photocall-a eta bazkari gunea; eta Barandiaran plazan, kirolak: gimnastika erritmikoa, saskibaloia, eskubaloia, errugbia, futbola eta txirrindularitza.
Burrunbazale txaranga, Ordiziako erraldoiak eta musika eskola banda eta Ordiziako txistulariak kaleak girotzen aritu dira.