Estibaliz Linares. Gizarte langilea eta ikertzailea

«Nesken gorputzak puntuatzea normaltzat jotzen dute nerabeek»

Gazteen artean aukera berdintasunaren aldeko diskurtsoa topatu duen arren, estereotipoak oso errotuta dauzkatela ikusi du Linaresek. Dioenez, aplikazio eta sare sozialek nesken aurkako sexu jazarpena indartu dute.

MONIKAA DEL VALLLE / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Gradu amaierako eta tesi amaierako lanak neskek sufritzen duten ziberjazarpenaz egin zituen Estibaliz Linares (Barakaldo, Bizkaia, 1991) gizarte langile eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak. «Ziberjazarpen sexual eta sexista sufritu zuen neska baten kasua aztertu nuen; herria utzi, eta beste batera joan behar izan zuen». Horrek animatu zuen tesia ere gai horretaz egitera. «Horrelako egoerak zergatik sortzen diren ulertu nahi nuen: zergatik zabaltzen diren nesken argazkiak eta ez mutilenak; zergatik sare sozialetan mutilak baino ageriago dauden».

Neska gazteek aplikazioetan eta sare sozialetan sufritzen duten jazarpena aztertu duzu. Zertan da ezberdina mutilek sufritzen dutenetik?

Estatistika batzuek esaten dizute neskek eta mutilek jasaten duten ziberjazarpena bertsua dela, ez dagoela alderik. Eta beste ikerketa batzuek esaten dizute ezberdina dela. Nik ikusi dudana da nesken aurkako ziberjazarpen jakin bat dagoela. Sexuarekin lotuta dagoen guztian aparteko jazarpena sufritzen dute, neska izateagatik. Ask edo This Crush izeneko plataformak modan daude orain. Asko erabiltzen dituzte. Modu anonimoan elkar iraintzeko erabiltzen dituzte. Argazkiak baloratzen dituzte: «Zer nota ipiniko zenioke neska honi?». Datu pertsonalak ere jartzen dituzte, haien inguruko zurrumurruak zabaltzen dituzte. Espresuki nesken aurkako jazarpena da. Mutilek ere sufritzen dute jazarpena, noski, baina beste modu batekoa da. Ez dago sexualizatuta.

Hiru fasetan egin duzu ikerketa, eta nerabeekin eurekin egin duzu lan, galdetegien eta eztabaida taldeen bidez. Zer ondorio atera dituzu jasotakotik?

Lehenik eta behin, ikusi dut ez dagoela nerabe eredu bat: pertsona beste nerabe daude. Diskurtso eta identitate asko daude, oso ezberdinak. Aldaketak nabaritu ditut. Aukera berdintasunari buruz hitz egiten hasi dira, identitatea adierazteko berdintasunari buruz. Baina, hala ere, kanon batzuk errepikatu egiten dira. Nesken artean gorputzari lotutakoak dira gehien sufriarazten dietenak: zelako gorputza izan behar duten, zelan jantzi behar duten, zelan jokatu behar duten euren gorputzarekin. Arau zorrotzak dituzte, eta, horiek apurtzen badituzte, jazarpena hasten da. Zure gorputza arautik kanpo badago, automatikoki jazarri egingo dizute. Maitasun erromantikoa ere oso uztartuta daukate. Sinetsita daude bikote harremana euren zorionaren iturri dela. Neskek mendekotasun emozional itzela dute euren bikotekideekiko. Une oro sakelakoari begira daude, mutilak zer egiten duen jakiteko. Eurak baino ederragoa den neska bat aurkituko duen beldur dira. Beti gorputzari begira: ni baino ederragoa den norbait. Estereotipo horiek erabat baldintzatzen dituzte.

Jazarpena zelan egiten da?

Adibidez, youtuber neskek esaten digutenez, zuzenekoak egiten ari direnean lesbianak edo gamer direla esan badute jendaurrean, jazarpen sexuala etengabekoa da. «Erakutsidazu hau, erakutsidazu bestea». «Zuk zer egiten duzu hemen?». Neskak mutilari bere argazki bat bidaltzen dio, eta mutilak institutukoen artean zabaltzen du. Pentsatu beharrean ezin duela neskaren baimenik gabe hedatu, eta zabaltzen lagundu duten guztiak ere erantzule direla, automatikoki neska egiten dute gertatutakoaren erantzule. Ez neskek eta ez mutilek ez dute batere enpatiarik. Halakoetan, jazartzailerik handienak mutilak dira. Eta, jakin arren euren lagunetako batek gaizki jokatu duela, babestu egiten dute. Matxismo itzela dago haien artean.

Jazarpena beti egon da. Esan daiteke sare sozialek gordindu eta gogortu egin dutela?

Gustatzen zait hori esatea, gogortu egin dutela. Eta ikusgarriago ere egin dute.

Ikusgarriago bai, baina, era berean, anonimoago?

Eraso batzuk anonimoak dira, bai, baina, oro har, ez dira hain anonimoak. Badira modu anonimoan jokatzeko aukera ematen duten plataformak. Eta hori aprobetxatzen da. Niri erasotzen ari dira, eta, gainera, ez dakit nor den. Itzela da hori biktimarentzat. Autoestimuarentzat are gogorragoa da. Baina, oro har, erasoak ikusgarriago ere badira. Halako komentarioak beti egin izan dira lagun kuadrilletan. Orain, Whatsapp talde batean, ikusgarriagoa eta masiboagoa da. Honen guztiaren oinarrian betiko jazarpena dago. Bullying eta ziberbullying esaten dugu, baina erroan betiko indarkeria dago. Adibidez, lehen, mutil batekin geratu den neska bat biluzi egiten bazen, bien artean geratzen zen. Orain, haiek, institutuko denek eta herri osoak ikusten dute.

Esan duzu estereotipo asko barneratuta dauzkatela. Ohartzen dira zer gertatzen zaien?

Berdintasunari lotutako diskurtsoa badute. Adibidez, elkarrizketen erantzunak jaso nituenean, pentsatu nuen parekidetasunaren aldeko gazteria bat dugula. Baina gero, sakontzen hasterakoan, ohartzen zara ez dela horrenbesterako. Normalizatuta dago hau guztia. «Biluzik dagoen neska baten argazkiak elkarri pasatzea ez da hainbesterako», esaten dizute. Neskak eta mutilak ez gaude berdin hezita gure gorputzak biluzik erakusteko. Oro har, ezberdin hezi gaituzte. Adibidez, neska askok kontatzen ziguten mutil asko zeuden ikasgeletan segurtasun falta sentitzen zutela. Lotsa ematen zien hitz egiteak. Klase horietan dagoen zaratak ere kikiltzen zituen. Izan ere, mutilak heziago daude oihu egiteko, aktiboagoak izateko, eurek esan nahi duten hori entzunarazteko. Ostera, neskak mutilak baino gehiago diren ikasgeletan egon diren mutilek esaten ziguten eroso sentitzen zirela, baita babestuta ere.

Halako egoeretan nora jo dezakete babes bila?

Hor dago zailtasunetako bat. Hasteko, halako egoerak normalizatuta dauzkate. Iraintzea edo sare sozialetan nesken gorputza puntuatzea normaltzat jotzen dute nerabeek. Baita zurrumurruak zabaltzea ere. Beraz, lagunek ez zaituzte babestuko. Eta zure inguruko helduengana ere ez duzu joko. Horregatik esaten dute oso-oso larria den egoera batean irakasleengana joko luketela.

Zer uste dute hain larria dela?

Euren buruaz beste egiteko beharra sentitzen dutela edo horrelako zerbait. Halakoetan soilik joko lukete helduengana, eta ez beti. Distantzia itzela dago irakasleen eta ikasleen artean; batez ere institutuetan gertatzen da hori. Egia da irakasleek lan karga itzela dutela. Baina euren inguruan oso txarto pasatzen ari den jende asko dago, eta ez da ezer egiten. Familiei dagokienez, gazte bakoitzak ezberdin jokatuko du, baina egin kontu adin horretan gurasoekiko distantzia markatu nahi dutela. Beraz, haien erreferenteak lagunak dira. Horregatik uste dut horrelako gaiak eskolan landu behar direla, tutoretzetan. Irakasleak prestatu behar dira. Agian laguntzaile bat ipini beharko zaie, edo orientatzaile bereziak eskoletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.