Neska adingabe baten sexu erasoari emandako erantzunean «indarkeria instituzional matxista» izan dela salatu du mugimendu feministak

Gasteizko itunpeko ikastetxe batean mutil batek ikaskide bati egindako sexu erasoagatik, eskola esparruan 10 metroko urruntzea agindu du epaileak. Talde feministak erran du horrek neska «berriro biktimizatzea» esan nahi duela.

Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2024ko uztailaren 18a
15:45
Entzun

Gasteizko mugimendu feministak eta Koloretxe taldeak salatu dute Gasteizko itunpeko ikastola batean 14 urteko mutil batek 13 urteko neska bati egindako sexu erasoaren epaian «indarkeria instituzional matxista» dagoela. Epaileak 16 hilabeteko urruntze agindua ezarri dio erasotzaileari; hamar metrokoa eskola esparruan eta 200 metrokoa hortik kanpo. Talde feministaren ustez, neska «berriro biktimizatzea» esan nahi du horrek.

Taldeak komunikatu batean adierazi du erabaki judizialak urratu egiten duela biktimak duen eskubidea, aske eta seguru bizitzeko eta jasandako kaltetik berreskuratzeko. Ez dute ulertzen zer irizpide erabili dituzten neurriak erabakitzeko orduan. Batik bat eskola esparruan distantzia 10 metrorat murriztu izana gaitzetsi dute, «elkar ikusi eta espazioak partekatu behar izateko aukerak etengabeak baitira eskola esparruan».

Mutilak eskola orduetatik kanpo egin zion eraso neskari, eta hark gertatu zen unean bertan salatu zuen. Epaia duela aste batzuk ailegatu zen: mutila neska horren aurkako sexu erasoaren delituaren egiletzat hartu du epaileak.

Urtebete pasatu da sententzia atera arte, eta, bien bitartean, kautelazko neurri gisa, mutilari oraingo urruntze agindu bera ezarri zioten. Hala ere, behin baino gehiagotan hautsi du agindua. Urraketetako bat Gasteizko Udaltzaingoaren aitzinean gertatu zela kontatu du talde feministak: «Poliziak berak salatu zuen, baina Sara Mallen Basterra epaileak artxibatu egin zuen salaketa».

Biktimak laguntza psikologikoa jaso behar izan du. Neskaren osasun egoera eta eskola errendimendua «kolokan» egon direla dio talde feministak, eta neurri horiekin segitzeak «egoera larriagotu» baino ez duela eginen. Talde feministak erakunde publikoei eskatu die baliabide guztiak martxan paratu ditzatela indarkeria matxistaren biktimen erreparaziorako. «Sexu erasoa jasan duen neskaren beharrak ez dira errespetatu; babesgunea eta espazio segurua bermatzea, hain zuzen», gaineratu dute.

Familiak apelazio errekurtsoa aurkeztu du, baina azken erabakia hartzen den bitartean, «irailerako premiazko neurriak» har daitezela eskatu dute. Erasotzailea ikastetxez alda dadin nahi du mugimendu feministak: «Egoera larri horri lehenbailehen heltzeko eskatzen diegu, eta datorren ikasturtea askatasunez has dezala, erasotzailearekin elkarbizitzeak dakarren indarkeriarik gabe».

Ikastolarekin solasterat joan da taldea, baina adierazi du ikastetxeak ez duela erasotzailea eskolaz aldatzeko erabakirik hartuko, «nahiz eta hori den ohiko prozedura ezagutzen ditugun antzeko beste kasuetan».

Elkarretaratzea Santurtzin

Ertzaintzak 19 eta 21 urteko bi gizon atxilotu zituen atzo Barakaldon eta Muskizen (Bizkaia), igandean Santurtzin emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta. Santurtziko Udalak elkarretaratze bat egin du gaur, igandeko sexu erasoa gaitzesteko. «Gaitzespen maximoa eta suminik sakonena» adierazi dute. Manifestuaren bidez biktimari eta senitartekoei «babesa eta elkartasuna» helarazi diete, eta emakumeen aurkako indarkeria adierazpen oro salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.