Korrikaren hitzek badute doinua; bada hitzak kantatzerik, bai eta dantzatzerik ere. Iragarria zenez, Amurrio (Araba) eta Donostia lotuko ditu 22. Korrikak, eta atzo aurkeztu zuten Euskal Herrian barrena lasterka eginen diren kilometroak girotuko dituen HitzEkin abestia, kantuaren bideokliparekin batera. Nerea Urbizuk zuzendu du abestia, eta Sustrai Colinarenak dira hitzak. Iruñean aurkeztu zuten lana, Golem Baiona zinema aretoan.
«(E)ta berriro egin mundua zurekin, beti baitago norbait hitz egiteko prest»; hala dio abestiak, errepikan, pop doinuek lagunduta. Urbizu bera, Ane Garcia eta Anari dira abeslariak, eta, hain zuzen, kantuaren zuzendari Urbizuk nabarmendu zuen ez dela kasualitatea izan kantuaren hiru interpreteak belaunaldi desberdinetako emakumezkoak izatea. Bide hori hartu izanak badu asmo bat, haren esanetan: «Helduen eta txikien arteko katearen sostengu eta bitartekaritza irudikatzea», hain justu.
Halaber, doinuen egileak nabarmendu du «balio garrantzitsuak» bultzatzen dituela abestiak. «Ausarta izatea, ahalduntzea, oztopoen gainetik aurrera egitea edota beldurrak gainditzea», zehaztu du
Hainbat istorio, bakar batean
Abestiaren bideoklipa ere ikusgai dago. Tripulante Produce ekoiztetxeko Eymard Uberetagoenak zuzendu du bideoa. Urbizuren esanetan, «hainbat istorio biltzen dituen film laburra» da ikus-entzunezkoa.