EH Bilduk jakinarazi du Maddalen Iriartek eta Iker Casanovak legebiltzarkide karguari uko egin diotela ofizialki, maiatzeko hauteskundeetan batzarkide atera ostean, Iriarte Gipuzkoan eta Casanova Bizkaian. Talde parlamentarioan Diana Urrea Herrerak (Armenia, Kolonbia, 1987) eta Roke Akizu Aizpirik (Soraluze, Gipuzkoa, 1966) ordezkatuko dituzte.
Diana Urreak hirugarren aldia izango du Eusko Legebiltzarrean, legebiltzarkide izan baitzen aurreko bi legealditan, 2012tik 2016ra eta 2019tik 2020ra. Diplomaduna da Turismo ikasketetan, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko masterra egina du.
Roke Akizu mendiko ingeniaria da, ingurumenean espezializatua; zinegotzia izan da Soraluzen, eta Mendi eta Habitat Naturaleko zuzendaria ere izan zen Gipuzkoako Aldundian.
Barne aldaketa horiekin batera, taldeko bozeramailetza ere aldatu da: Nerea Kortajarena da orain EH Bilduko bozeramailea Gasteizko ganberan.