Osasuna

Nerabeen suizidioa prebenitzeko gida bat ondu dute

Asafesek, Aidatuk eta Vital fundazioak elkarlanean egin dute gidaliburua, ikastetxeetan erabiltzeko. Ikasleen «ongizate emozionala» sustatzeko baliabideak bildu dituzte.

Gidaren aurkezpena, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
2023ko otsailaren 16a
12:18
Entzun

OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 10 eta 19 urte bitarteko zazpi pertsonatik batek buruko nahasmendua du, eta adituek ohartarazi dute pandemiak larriagotu egin duela egoera. Errealitate horri erantzuna emate aldera, nerabeen osasun mentala eta suizidioa prebenitzeko gida bat ondu dute Asafes Buruko Gaitzak Dituztenen eta Senideen Arabako Elkarteak, Vital fundazioak eta Aidatu Euskal Suizidiologia Elkarteak. Gaur aurkeztu dute, Gasteizen.

Agerraldian azaldu dutenez, iazko ikasturteaz geroztik eta, bereziki, COVID-19aren pandemiaren eraginez, ideia suizidak adierazten dituzten ikasleak eta jokabide autolitikoak dituztenak ugaritu egin dira, eta ikastetxe askok laguntza, aholkularitza eta, batzuetan, prestakuntza eskatu dute. Ugaritu egin dira adingabeen eta gazteen «ondoez emozionalak» eta horiek kudeatzeko zailtasunak, eta pandemiak sortutako «tentsioak» «oldarkortasun» arazoak eta «autokontrolaren galera» areagotu ditu.

Vanesa Vadillo Asafes elkarteko arduradunak azaldu du gidaliburuak «suizidio ideia potentzialen hastapenetan» eragiteko helburua duela, eta modu praktikoan lantzen dituela emozioen kudeaketarekin lotutako babes faktoreak hezkuntza esparruan. «Ez da krisi egoeretan jarduteko gida bat, arrisku egoerak identifikatzen saiatzeko gidaliburu bat baizik», zehaztu du. Gida horretan, irakasleek eta hezitzaileek ikasleen «ongizate emozionala» sustatzeko baliabideak aurkituko dituzte, eta, horren arabera, dagokion protokoloa edo estrategia aktibatu beharko dute.

Ikasleen osasun mentala sustatzeko tresna sorta bat biltzen du gidak: besteak beste, argibideak ematen dituzte osasun mentalaren kontzeptuaz, gaixotasun mentalari eta suizidioari buruzko «mitoez», jokabide suizidaren arrisku faktoreez eta alerta seinaleez; larritasun eta arrisku mailak zehazten ditu, eta osasun mentala eta ongizate emozionala sustatzeko jarduerak edo laguntza baliabideak ematen dizkie irakasleei. Gida «praktikoa» eta «dinamikoa» izatea nahi dutela azaldu du Vadillok.

Ikastetxeek eskura dute jadanik: Asafes elkartearen webgunean deskargatu dezakete, edo, nahi izanez gero, elkartearen egoitzan aleak hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.