Ohartarazi dute neonazi talde bat Baionara iritsi dela

Ostalariek eta peñetako kideek mezu bat jaso dute abisua emateko, eta adi egoteko eskatu diete.

(ID_14062222) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2024-07-10, Baiona.  Baionako bestak
Baiona Ttipiko giroa, gaur. Patxi Beltzaiz
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko uztailaren 10a
12:18
Entzun

Baionako ostalariek eta peñetako ordezkariek abisu bat jaso zuten atzo bestetako segurtasun zentral nagusiarekin zuzenki koordinatzeko sortu duten komunikazio sarean: «Motozale neonazien talde bat iritsi zen atzo gauean Baionara. [Frantziako] Informazio zerbitzuek baieztatu dute. Argiki identifikatuak dira, eta zerbitzuek ezagutzen dituzte». Adi egoteko eskatu diete, pertsona horiek Baionan ote diren begiztatzeko. Gaurtik igandera izanen dira Baionako bestak.

Ordurako, Baionako sare militantean mezua zabaltzen hasia zen. Astelehen arratsean dozena bat gizoneko talde bat ikusi zuten Baiona Txikiko karriketan, «putiko» talde bat. Mezu faxistak zabaltzen aritu zirela erran zuten lekukoek. Argazki batzuk ere banatu zituzten. Zurrumurru bat izan zitekeela kontziente, zuhurtziaz hedatu zen mezua. Arriskua egon badagoela baieztatu du ostalariek eta peñek jasotako jakinarazpenak.

Pirinio Atlantikoetako prefeturak ez du zuzenean erantzun neonazi taldearen presentziaz galdetuta. Komunikazio zerbitzutik adierazi dute «ultra-eskuineko eta ultra-ezkerreko taldeak bereziki zaintzen [dituztela] informazio zerbitzuek», eta pertsonen segurtasunerako mehatxurik detektatuz gero Frantziako Poliziari dei egin behar zaiola. Baionako bestetarako 900 segurtasun agente daudela adierazi du prefeturak, horien artean 400 polizia.

Defentsa kolektiboa

Europako Parlamenturako eta Frantziako Asanblearako hauteskundeetan eskuin muturrak lortu dituen emaitzen ondotik, diskurtso xenofobo eta arrazistak are gehiago askatu dira azken asteetan, eta hainbat eraso faxista izan dira Frantziako Estatuan. Baionako bestetan ere gisa horretako erasoak gertatzeko kezka bada hainbat eremutan. 

Alarmismoan erori gabe, sare militantean mezua zabaltzen ari da elkar zaintzeko, eta defentsa kolektiboa antolatzeko urratsak egin dituzte. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.