'Neoloteka' ataria abian jarri du UZEIk, euskarazko hitz berriak biltzeko

arantxa iraola
2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
UZEI terminologia eta lexikografia zentroak jakinarazi du, ohar baten bidez, Neoloteka deituriko ataria jarri duela sarean martxan, «errealitate berriak» izendatzeko euskaraz erabiltzen diren hitz eta esamolde berriak jasotzeko. «Bizirik dagoen edozein hizkuntzatan etengabe ateratzen dira hitz berriak», nabarmendu dute oharrean. «Lexikoaren bilakaera errealari jarraipena egitea behar-beharrezkoa da edozein hizkuntzarentzat, eta, are gehiago, euskara bezala normalizatze bidean dagoen hizkuntza batentzat». Etengabe osatuko dute ataria, eta hiztunek ere sarrerak proposatu ahal izango dituzte.

Atarian, euskarak beste hizkuntzetatik mailegatzen dituen hitzak jasotzen dira, eta euskaratik bertatik hiztunek sortutako hitz eta esamolde berriak. Hona hemen zenbait adibide: A letrako lehen bi neologismoak, arrazializatu eta arzalpen; B letrakoak, beheraldi demografiko eta biopic; D letrakoak: dark kitchen eta demisexual. Atari bizia izango da, eta hilero hogei sarrera inguru gehituko direla aurreikusi dute. Hitz eta esamoldeak proposatu nahi dituzten hiztunek inprimaki bat bete beharko dute, eta aztertuko da egokiak diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.