Turismofobia, kanperizatu... euskarazko neologismoak dira; alegia, euskarazko hitz edo esamolde berriak. Oraindik, ordea, ez dute tokirik hiztegi klasikoetan. UZEIk erabaki du neologismo horiek bildu eta eskuragarri jartzea www.uzei.eus/neoloteka atarian. Joxean Zapirain (Oiartzun, Gipuzkoa, 1968) UZEIko kideak zehaztu du ez dutela edozein hitz jasoko, erabiltzen direnak izan behar dutela.
Neoloteka martxan jarri duzue. Zer da, zehazki?
Biltegi bat, atari bat, erakusteko guk egunez egun biltzen ditugun hitz eta esamolde berriak, euskaratik hartzen ditugunak. Behar dugu gure lanerako, besteak beste, hizkuntzaren bilakaera kontrolatu behar dugulako egiten ditugun hiztegietarako eta hiztegi lanetarako, baina baita teknologia berriekin egiten ditugun beste baliabide batzuetarako ere. Arauak aldatu egiten dira, hitz berriak sortzen dira, eta hitz berri horiek makinek ezagutu egin behar dituzte; bestela, zuzentzaileek eta egiaztatzaileek ez dute behar bezala funtzionatzen. Horregatik, joan diren urte hauetan egin dugu lan hori, baina etxe barrurako.
Orain, erabaki dugu beste urrats bat egitea eta lan hori erakusgai jartzea, gure datu basea elikatzen dugun neurrian. Azken batean, guk egiten duguna da euskarazko komunikabide nagusien hustuketa bat, egunez egun, gure lanerako behar dugun lexikoa detektatzeko. Husten ditugun forma horiekin elikatzen dugu gure datu basea. Horren lagin bat izango da Neoloteka. Oreka bilatuko dugu neologismo desberdinen artean: ez dira denak jakintza arlo batekoak izango eta ez dira denak garai berekoak izango...
Zertarako balioko du orain arte etxe barrurako egin duzuen lana herritarrentzat ikusgai jartzeak?
Ezagutza bat partekatzea da. Alde batetik, lankidetza lortzeko modu bat da. Hiztunek parte hartu ahal izango dute inprimaki bat betez, beraiek detektatu dituzten edo ikusten dituzten neologismo batzuk Neoloteka-n sartzea proposatzeko. Beste alde batetik, esate baterako, komunikabideek askotan arrapaladan lan egin behar izaten duzue, eta hiztegi arau emailera edo bestelako hiztegi orokorretara iritsi ez diren formak erabili behar dituzue. Pentsatzen dugu lagungarria izango zaizuela zuei eta beste hiztunei forma horiek dagoeneko Neoloteka-n jasota dauden ikustea; bi aukera baldin badaude, biak jaso diren edo bakarra jaso den ikustea...
[Neoloteka-k] Egiten duena da testuinguru desberdinetan egokiak izan daitezkeen formak bildu, forma horiek erabilera bat izan dutenean. Gure helburua ez da hainbeste esatea zer den erabili beharrekoa, baizik eta nola erabili izan den, errealitate berri bat izendatzerakoan nola eman den hori euskaraz.
Alegia, jada erabili diren neologismoak eta haien adierak jasoko dituzue, ezta?
Bai. Jasotzen ditugun guztiak izango dira dokumentatutakoak; alegia, nonbaiten erabili direnak, erabileraren ikuspegitik adierazgarriak direnak.
Zer iragazki pasatu beharko dituzte hitzek Neoloteka-n sartzeko?
Euskaltzaindiaren hiztegi arau emailearen papereko bigarren edizioan —azkenengoa da— dauden formak ez ditugu neologismotzat hartuko. Hori forma guztiekin gertatzen da: orain neologismo gisa Neoloteka-n sartzen den forma bat hemendik bost edo hamar urtera jendearentzat segur aski oso arrunta izango da, eta ezingo da ja neologismotzat hartu. Hortik aurrera, irizpidea egokitasuna da. Testuinguru desberdinetan forma desberdinak izan daitezke egokiak, baina gramatikaltasuna eta horrelako gutxieneko baldintza batzuk bete behar ditu edozein formak jaso ahal izateko. Eta erabilia izatea.
Jadanik euskarazko 50 hitz edo esamolde berrirekin jarri duzue martxan Neoloteka ataria. Adibidez, zein neologismo sartu dituzue?
Gaur [atzo] sartuko dugu snus. Gaurkotasunarekin lotutako neologismoa da. Atzo [herenegun] bertan Euskadi Irratian albisteen artean aipatu zuten. Hori bezala, beste hainbat forma ere bai: turismofobia, kanperizatu... Gure asmoa da etengabe elikatzen joatea. Ezinbestekoak izango zaizkigu BERRIArekin eta gainerako euskarazko prentsarekin jarraipen hori modu erosoan eta egonkorrean egiteko bideak aurkitzea. Horretarako, hitzarmenak bideratzeko lanean ari gara.
Joxean Zapirain. UZEIko kidea
«'Neoloteka' atari bat da, hitz eta esamolde berriak erakusteko»
UZEIk euskarazko neologismoak bildu eta jendaurrean jarri ditu 'Neoloteka' atarian. Herritarren laguntza eskaini ahal izango dute euskarazko hitz eta esamolde berriak identifikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu