UAGAk Solaria enpresari ohartarazi dio nekazaritza ez dagoela «salgai»

Laborariek ohartarazi dute nekazaritzaren geroa arriskuan jarriko duela lur emankorretan parke fotovoltaikoak eraikitzeak: «Nekazari izaten jarraitu nahi dugu».

SOLARIA
UAGAren protesta Solaria enpresaren egoitzaren aurrean, gaur, Miñaon. UAGA
edurne begiristain
2023ko abenduaren 14a
16:30
Entzun

UAGA Arabako Nekazari Elkarteak elkarretaratzea egin du gaur, Solaria enpresak Miñaon (Araba) duen egoitzaren aurrean, salatzeko multinazional hori Arabako nekazariei «presio» egiten ari zaiela euren lurrak saldu ditzaten eguzki panelak jartzeko. Sindikatuak enpresa fotovoltaikoei, «pantaila enpresei» eta inbertsio funtsei ohartarazi die nekazaritza sektorea ez dagoela «salgai». «Nekazaritza sektoreak espekulazioaren eta enpresa fotovoltaikoen merkataritza politika harrapariaren aurka borrokatzen jarraituko du», adierazi du sindikatuak.

Jazarpenik ez dutela onartuko adierazi dute elkarretaratzean, laborari batzuek BERRIAn salatu zutenez enpresa hori jazartzen ari baitzaie lurrak sal ditzaten. Gaurko protestan, argi utzi dute aurrerantzean ere nekazaritza izan nahi dutela ogibide: «Nekazari izaten jarraitu nahi dugu, lurra landu eta sektoreak etorkizuna izaten jarrai dezan, hurrengo belaunaldientzako lanbide duina izateko. Baina zaila jartzen ari zaizkigu».

Solaria enpresak asmoa du guztira bostehun hektarea baino gehiago hartuko dituzten bi eguzki parke eraikitzeko Araban. UAGAk gogoratu du proiektu horrez landa bestelakoak eraiki nahi dituztela lurraldean: besteak beste, Mendialdeko eta Arabako Errioxako parke eolikoen proiektuak —Azazeta, Laminoria eta Labraza— eta aztergai dauden beste hainbat parke.

Arabako nekazariek ohartarazi dute proiektu horiek guztiek nekazaritza lurrak galtzea ekarriko dutela, eta lurraren prezioak gora egin duenez sektoreari lotutako lanpostu ugari galduko direla. «Lur emankorretan parke fotovoltaikoak hedatzeak arriskuan jar lezake etorkizunean gure lurraldean elikagaiak ekoizteko gaitasuna, eta horrek eragin negatiboa izango luke gure administrazioek aldarrikatzen duten elikagaien segurtasunean».

Argi utzi dute energia berriztagarrien alde daudela, «baina ez edozein modutan»: «Ezin dugu onartu administrazioek proiektu hauei oniritzia ematea nekazaritza sektorea hondoratzen ari den bitartean». Nekazariek iritzi diote beste aukera batzuk aztertu behar direla, eta proposatu dute nekazaritza lurrak halako proiektuetarako erabili aurretik nekazaritzakoak ez diren lurretan instalatzea eguzki panelak, eraikinetako sabaietan edota industria eremuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.