Laborarien protestak auto ilara erraldoiak eragin ditu Gipuzkoan

Nekazarien protestak bukatutakoan sortu dira auto ilarak, eta errepide asko kolapsatu dituzte goizetik. Biriatun hasi eta 34 kilometrokoak ere izan dira. Nafarroan ere nabaritu da, eta N-121A errepidean autoak.

Biriatuko ordainlekuko auto ilara, 17:30ean. EUSKO JAURLARITZA
Biriatuko ordainlekuko auto-ilara, 17:30ean. JAURLARITZA
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko ekainaren 4a
15:00
Entzun

Gipuzkoako eta Nafarroako iparraldeko errepide sareek aspaldiko egunik zail eta korapilatsuena izan dute gaur. Laborariek herenegun goizean hasi eta Biriatuko mugan eginiko 24 orduko protestaldiak eragin nabarmena izan dute trafikoan. Eguerdian 34 kilometroko auto ilarak sortu dira, Irunen hasi eta Andoainera artekoak (Gipuzkoa), eta iluntzera arte ez da arindu trafikoa. Nafarroan ere arrastoa utzi dute, N-121 errepidean bereziki. 16:00etan hemezortzi kilometroko kamioi ilara zegoen bide horretan, Lesakara artekoa.

Autoa hartu eta korapiloa ikusi bezain laster etxera itzultzeko eguna izan da gipuzkoar eta nafar askorentzat. Izan ere, errepideetako kolapsoa goizetik hasi da. Laborarien protesta 10:00etan amaitu da, baina, Hegoaldetik joaniko traktoreen jabeek salatu dutenez, ez diete utzi Biriatun aurrera egiten. Horrek atzeraka irtetera eta maniobra asko egitera behartu ditu, eta hura izan da buxaduraren hazia.

Auto ilarak Andoainen
Auto ilarak Andoainen, eguerdian. AIURRI.

Hortik aurrerakoak kaosa izan da Biriatura iristeko errepide guztietan. Bezperan muga kamioientzako itxita egongo zela jakinda, Espainiako eta Portugalgo garraiolariek gaur egin dute normalean astelehenez egin ohi duten bidea. Horiei, inguruko atsedenlekuetan bezperatik zain zeuden kamioiak eta eguneroko trafikoa gehitu zaizkie, eta horrela sortu da asfaltozko ekaitz perfektua. Era berean, deigarria da beste norabidean, Lapurditik Gipuzkoaranzkoan, ez dela arazorik egon.

Ordurik korapilatsuenak eguerdi ingurukoak izan dira. 15:00etan, esaterako, AP-8ko ilara Donostian hasten zen, 20. kilometroan (hogei kilometroko ilara); A-15ekoa, Andoainen, 159. kilometroan (34 kilometroko ilara); GI-20koa, Donostian, hirugarren kilometroan; eta N-121ekoa, Endarlatsan, 69. kilometroan (11 kilometroko ilara). Inguruko errepide txikiagoetan ere nabaritu da ilaretatik ihesean ibili den autoen joan-etorria.

Errenteria
Eguerdiko auto ilarak, Errenterian. J. H. / EFE

Arratsaldeak aurrera egin ahala ilarak murriztuz joan dira, baina oso motel. Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako trafiko zuzendariak 17:00 aldera ohartarazi du «orduak» beharko zirela ilarak arintzeko, eta iragarpenarekin asmatu du. 21:00ean bost kilometrokoak ziren ilarak Gipuzkoako AP-8 errepidean eta bostekoak N-121ean. Tarte horretan Biriatuko ordainlekuko kabina guztiak martxan egon dira.

55 euro orduko

Ilarek errepide bidezko garraio publikoari kalte egin diote, eta Gipuzkoa ekialdeko zerbitzuek atzerapen handia pilatu dute. Garraiolari pribatuei dagokienez, Guitrans sektoreko Gipuzkoako patronalak salatu du laborarien protestak «kalte handia» eragin diela, eta neurriak eskatu ditu atzokoa errepikatu ez dadin. Ohar bidez plazaratu dute beren haserrea, eta zehaztu dute ilara batean geldirik egiten duten ordu bakoitzak «55 euroko kaltea» eragiten diela garraiolariei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.