Nekane Balluerka psikologoari eman diote 2021eko Euskadi ikerkuntza saria. Balluerka EHUko errektorea izan zen 2017tik 2020ra, eta Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Saileko katedraduna da gaur egun.
Balluerkaren lan zientifikoaz gain, epaimahaiak haren ikerketa karrera azpimarratu du, baita «lidergo zientifikorako duen gaitasuna» eta «jokabide-zientzien metodologiari buruz egindako ikerketak Euskadin izan duen eragin handia» ere. Hezkuntza Sailak urtero antolatzen du Euskadi ikerkuntza saria. Urte bakoitietan –hau da 2021eko deialdiaren kasua- Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloko profesionalen lana aitortzen du sariak; urte bikoitietan, berriz, Zientzia eta Teknologia modalitatean egiten da deialdia.