Kazetaria

Nejma Brahim: «Immigrazioari ez zaio segurtasunaren ikuspegitik begiratu behar»

Frantziako Asilo eta Immigrazio Lege proiektua kezkagarritzat jo du Brahimek. Haren ustez, eskuin muturraren gorakadaren adierazle garbia da.

(ID_17018671752965) (/EZEZAGUNA) Nejma Brahim Mediaparteko kazetaria
Nejma Brahim. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko abenduaren 10a
05:00
Entzun

Kazetaria da Nejma Brahim (Paris, 1990), eta migrazioen gaia lantzen du batik bat, Mediapart hedabidean. Frantziako Gobernuak onartu nahi duen Asilo eta Immigrazio Lege proiektuaren ibilbideari erreparatu dio hastapenetik, eta bihartik aitzina Asanblea Nazionalean izanen duen ibilbide posibleez aritu da. Migrazioaren gaiari segurtasunaren ikuspegitik begiratzea deitoratu du.

Zer testuingurutan kokatzen duzu Gerald Darmaninek ondu duen lege proiekuta?

1980az geroztik, immigrazioari buruzko 29. legea da; 2022ko udan eman zuen horren berri Darmaninek. Migrazioa gai nagusi egin du, eta gehienetan segurtasunaren gaiarekin lotzen du. Hori ez da funtsgabea, bera Barne ministro den heinean: haren kargupean da Frantziako barne segurtasuna. Kargu horretan denetik, immigrazioaren eta segurtasunaren arteko lotura egiten du, eta, berrikiago, terrorismoarekin ere lotzen du immigrazioa. Lege proiektu hori Emmanuel Macronek ere baliatzen du: egin dituen telebistako hitzaldi guzietan, immigrazioaren gaia aipatu du, eta, beraz, lege proposamena ere bai gehienetan. Ohartzen gara erregularki baliatzen dutela immigrazioaren gaia Frantzian gertatzen diren izugarrikeria batzuen harira, eraso edo ekintza terroristen ondotik.

Darmaninek erran zuen zintzoekin zintzoa izan nahi zuela, eta gaiztoekin gaiztoa. Macronek egiten duen alde bateko zein besteko politikaren logika atxikitzen du horrela. Posible ikusten duzu mantendu nahi duten ustezko oreka hori?

Hasieratik, Darmaninek erran zuen testuak bi alde izanen zituela: fermutasuna eta gizatasuna. Haren hitzak dira biak. Beraz, arrunt hori da, alde bateko zein besteko politika saiakera. Alde errepresiboak helburutzat du delitugile atzerritarrak errazkiago kanporatzea —horiek ere haren hitzak dira—. Bestalde, tentsiopean diren lanbideen bidezko egonaldi baimenak ematea gizatasunezko neurri bat bezala aurkezten du. Baina jakin behar da hori jadanik egiten dela, eta baldintzak hain dira zorrotzak, non parte ttipi batek baizik ez duen lortzen egonaldi baimena. Nik uste dut halako oreka bat mantentzeak ez duela funtzionatzen, eta argiki ikusten dugu: lege proposamena gutxienez hiru aldiz atzeratu dute, gobernuak ez baitzuen gehiengorik atzematen testua bozkatzeko. Senatuan eta lege batzordeetan izan diren eztabaidek erakusten dute biziki zaila dela erdibide bat atzematea. Darmaninen helburua zen aldi berean ezkerra eta eskuina limurtzea, baina ezinezkoa da, eta porrot bat da. Asanbleako eztabaida publikoa ez da batere modu onean hasiko.

Zertan da lege proposamena?

Testuak Senatuan izan duen ibilbidea katastrofikoa izan da giza eskubideen ikuspegitik, eta horrek ondorioak utzi ditu testuaren ondorengo bertsioetan ere. Senatarien gehiengoak, eskuinak eta gehiengo presidentzialak, neurri biziki larriak bozkatu dituzte: sorlekuaren araberako herritartasun eskubidea kendu dute, familia hurbilketa desagerrarazi dute, eta medikuntzarako estatu laguntza kendu dute; zinez bortitza izan da. Beharrik, Asanbleako lege batzordeetatik pasatu da berriz, eta diputatuek pixka bat leundu dute Senatuaren bertsioa. Horrek ez du kentzen Asanblean Batasun Nazionaleko 89 diputatu badirela, eta Errepublikanoak eta Macronistak ere badirela. Ez du kentzen Senatuan izandako ibilbideak aztarnak utzi dituela, batzordeetan sorlekuaren araberako herritartasun eskubidea eta medikuntzarako estatu laguntza berriz ezarri badituzte ere.

Zeintzuk?

Erraterako, migrazio kuotei buruzko urteroko eztabaida bat izatea plantan ezartzea lortu du eskuinak. Familia hurbilketa orain baino gogorragoa izatea ere lortu dute. Horretaz oso guti hitz egiten da, baina jadanik biziki zaila da familia hurbilketa lortzea. Dramatikoa da: familia batzuk hausten ditu neurri horrek, eta, orain, okerrago izanen da. Darmaninek nahi zuen bezala, arriskutsutzat ikusiak diren pertsonen kanporatzeak erraztu dituzte. Baina arriskutsua izateak zer erran nahi du? Oso lausoa da. Ikasleentzako egonaldi baimenak eta atzerritar erientzako egonaldi baimenak ere gogortu dituzte. Hori guzia aire sartzearen teoriarekin justifikatzen dute. Makoen artean diot, guztiz faltsua den teoria bat baita, eskuin muturrak eta eskuinak hedatu dutena, eta gobernuak zilegitzat daukana. Diotena da geroz eta migratzaile gehiago etortzen direla, legeak aski zorrotzak ez direnez gero. Faltsua da, eta arrazista da, baina teoria hori bolo-bolo aipatu dute lege batzordeetan. Dena den, eztabaida publikoa egitekoa dute oraindik, eta ikusteko dago zein izanen den testuaren azken bertsioa.

Lege proiektu honek eta eztabaida publikoan duen lekuak arrazakeria areagotzen du, ezta?

Bai. Lege proiektu horren testuinguruak berekin dakar arras gaizki eztabaidatua dela. Hedabide hegemonikoetan beti segurtasunaren ikuspegitik aipatzen dute migrazioa, eta, berrikiago, terrorismoaren ikuspegitik ere bai. Immigrazioa hori balitz bezala: segurtasun eskasia eta terrorismoa. Hori biziki problematikoa da, noski, ez baita hala. Gaur egun, immigrazioa dira ikastera heldu diren migratzaileak, ekonomian parte hartzen dutenak, atzerritik datozen langileak, gerratik ihesi datozenak... Eta horiek ez dira sekula aipatzen. Migratzaileak beti deabrutuak dira, ez baitute pasaporte edo azal kolore egokia. Baina utilitarismoan sartu gabe, garrantzitsua da azpimarratzea Frantziaren ekonomiaren parte handi bat eroriko litzatekeela migratzaile guziak kanporatuz gero. Egun, ekintza terrorista bat edo eraso bat gertatzen denean, sistematikoki, hedabideen obsesioa da jakitea ea erasotzailea frantsesa den ala ez. Immigrazioari ez zaio segurtasunaren ikuspegitik begiratu behar.

Senatuaren bertsioa biziki bortitza zela erran duzu. Zer erakusten du gizarteaz?

Espero zitekeen Batasun Nazionaleko diputatuek sarraraztea neurri kezkagarrienak; afera da eskuin tradizionaleko senatariengandik eta Macronen alderdiko senatariengandik etorri direla neurri beldurgarrienak. Galdera da: nola bilakatu da posible eskuin tradizionalak eta gobernuak eskuin muturreko neurriak berenganatu izana? Lege proiektuko neurriak eskuin muturraren hauteskunde programetan dira. Egungo gizarteaz eta Frantziako paisaia politikoaz anitz erraten du horrek. Gero eta zailagoa da eskuinaren eta eskuin muturraren arteko diferentzia egitea, eta, gehiengo presidentzialak, alde bateko zein besteko politikaren izenean, joko bikoitz ilun bat plantan ezartzen du migratzaileen bizian ondorio lazgarriak eraginez. Haiek ez ditugu sekula entzuten, baina haiek etengabe entzuten dute beren kontrako gorrotozko diskurtsoa, eta beldurrez bizi dira.

Zer espero duzu Asanblea Nazionaleko eztabaida publikoaz?

Ez dut zehazki erantzuten ahal. Dakidana da konplexua izanen dela. Batetik, Batasun Nazionaleko diputatuek parte hartuko dute eztabaidan. Bestetik, eskuineko diputatuentzat hauteskundeetarako erronka bat da lege hori, eta hitzemana dute bertsio leundurik ez dutela babestuko... Konplikatua izanen da. Segur dena da eskuin muturrak ez duela babestuko. Eskuinak hitzemana du ez duela babestuko tentsiopeko lanbideen bidezko egonaldi baimenak jasotzen dituen legerik... Afera da hori dela gobernuak «gizatasunezkotzat» daukan lege bakarra, eta ezkerrak babesten duen neurri bakarra dela. Ez dut sinesten neurri hori kenduko dutenik, baina, orduan, eskuinak ez du babestuko legea. Dena den, arriskua da Frantziako Gobernuak 49.3 artikulua baliatzea legea gehiengoaren babesik gabe onartzeko. Porrota litzateke Darmaninentzat 2027rako [Frantziako] lehendakaritzarako hauteskundeei begira. Beste diputatu batzuek diote ez dutela testurik adostuko, eta Gobernuak horretan utziko duela afera, gehiengorik lortzen ez badu. Ondoko asteetan ikusiko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.