Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Afganistan iparreko hiri handi batean sortu eta hazia izan da Basir Ahmedi (Puli Khomri, Afganistan, 1997), Baghlan lurraldean. 2015eko azaroan, Frantzia iparraldeko Calais hiritik kanpo igorri zituzten etorkin multzo batekin jin zen Baigorrira (Nafarroa Beherea), Herriko Etxeak Atherbea elkartearekin hiru hilabetez antolatu harreraren karietara, VVF bakantza tokira. Lekuko jendearekin lotura azkarrak egin zituen, eta paperak erdietsiz geroztik Baigorrira jin da berriz eta bertan plantatu. Baigorri Manexeneko ostatuan lan egin ondoan, gaur egun, Garaziko Etxemendi garraio kooperatiban lan egiten du autobus gidari gisa.
Afganistanen bizia arriskuan zuelako, etxekoek erran zioten Basir Ahmediri Europarat buruz behar zuela joan bizibidea ateratzeko. 2015eko azaroan Euskal Herrira heldu aitzin bide dorpea izan du. Iragateko izugarriak izan diren lehen bi mugek markatu zuten hasieratik, Irangoak eta Turkiakoak. «Muga horiek zeharkatzean %99ko arriskua duzu hilik bukatzeko», erran du Ahmedik. Iran eta Turkia artekoan behar ez den bidetik iragaten den oro tirokatzen dutela salatu du. Mirakulu baten gisakoa zaio Baigorriraino heldu izana. 15 urteko gaztea zen etxetik partitu zelarik eta xifriturik pasatu ditu urteak. Baxenabarrera heltzearekin hasi zen atseden hartzen.
2013 hondarrean abiatu zen ihesi Ahmedi, «arazo politiko larriak» bizi zituztelako Afganistanen. Ameriketako Estatu Batuek, 2001eko irailaren 11ko atentatuei erantzuteko muntatu gerlaren ondotik eta NATOko Mendebaldeko herrialdeen armada andanaren okupazioaren ondotik, alegiazko lasaitze bat gertatu zen 2012 hondarretik harat. Laster etorri zen talibanen beste eraso bat, eta afganistandar herritarrak gertatu ziren berriz ere bi aldeen arteko pairatzaile nagusi. «Behartua nintzen joatera, bizia lanjerrean nuelako». Besterik gogoko zukeen Ahmedik. 12 urtetan hasi zen broderia ikasten, biziki gustukoa zuen, eta diploma iragan berria zuen.
«Irango eta Turkiako mugak zeharkatzean %99ko arriskua duzu hilik bukatzeko»
BASIR AHMEDIMigratzailea
Abiatu zen, beraz, «jakin gabe nora joan». Mugalari bat atzeman zuten familiarekin. «Familia, herria uztea biziki gogorra egin zitzaidan». Beldurra sabelean joan zen, baitzekien dozenaka jende hil zirela muga zeharkatzean. «Iran eta Turkia arteko muga amesgaizto bat da». Asteak eta asteak iragan zituen oinez mendietan, basamortuan; batzuetan pick-up batzuekin. «Lagunak egin nituen bide horretan, eta anitz galdu nituen bertan». Bi lagun Irango basamortuan hil ziren ezindurik eta mugalariek han berean utzirik. Turkiako mugan beste lau lagun hil zitzaizkion Ahmediri. Batzuk tiroz, besteak hotzez. Irango eta Turkiako muga postuetan «ez dute barkamenik; norbait ikusi orduko tiro egiten dute».
Zangoak galtzear
Doi-doietarik bizirik atera zen Ahmedi, eta bi zangoak galtzear zituen hotzarekin. «24 orenez egon ginen gorderik elurrean, blokeaturik. Sei ginen, eta zangoak kasik galdu nituen; hotzarekin beltzatuak nituen». Istanbulgo enpresari batek salbatu zuela kontatu du Ahmedik, ospitaleko artak ordaindu zizkiolako. Harentzat bi urtez lan eginez itzuli zion diru hori, eta Europarat buruz segitu zuen bidea. «Betiko eskertuko dut». Turkian etorkinei ez zietenez paperik eman nahi, lagun batzuekin erabaki zuten joatea, «bestela hango jendarmeek harrapatuko gintuzten, eta gure herrialderat berriz igorriko».
2015 hondarra zen. Bulgariatik, Serbiatik, Kroaziatik, Hungariatik, Austriatik pasatu zen Alemaniaraino. «Doi bat egon nintzen han, baina ez zituzten etorkin guziak onartzen. Zaila zen. Gaztea nintzen, eta ez nekien zer egin». Belgikarat joan zen hortik. Etorkinen kanpalekuak beterik aurkitu zituen, negua hurbiltzen ari zen, eta Frantziara joan zen. «Denak ikusten nituen Calaisera joaten, Ingalaterrara pasatzeko, eta denek bezala egin nuen». Behin baino gehiagotan entseatu zen kamioi edo itsasontzi batean sartzen Mantxako kanala iragateko. «Milaka etorkin ginen Calaiseko oihanean. Harrigarri zen. Gero eta dorpeago zen». Jatorri afganistandarreko taxilari batek aholkatu zion asilo eskaera egitea Frantzian egoteko. «Nahi nuen gauza bakarra zen toki bero bat aurkitzea, jateko eta beztitzeko doia». Frantziako estatuak asilo eskaera egin zutenei, Calaisetik lekutzeko, beste etorkin zentro batzuetara joatea proposatu zien. Autobus batera igan zen Ahmedi, jakin gabe Baigorrira eramango zuela.
«Ene herrialdetik atera nintzenetik iragan nituen hiru hilabete ederrenak bizi izan nituen Baigorrin»
BASIR AHMEDIMigratzailea
Bizi berri bat hasi zen orduan. «Ezin sinetsizko harrera ukan genuen. Lehen egunetik dena ukan genuen: bizitegia, jatekoa goiz, eguerdi eta arrats. Ene herrialdetik atera nintzenetik iragan nituen hiru hilabete ederrenak bizi izan nituen». Baigorriarrak ezagutu zituen, eta bereziki familia bat: petrikorenatarrak. Horien egoitzako bizitegi batean bizi da, funtsean, oraino gaur egun Ahmedi. «Nihauren familiatzat daukat». Haien laguntzari esker erdietsi zuen bizileku-baimen agiria hamar urterentzat, 2017an. Haiei esker hasi zen aprendizgoan. Gero, lanean hasi zen Bidarraiko Iparla jatetxean. Ondotik, Baigorri Manexenea ostatuan, bost urtez. Eta 2024. urte hastapenetik, Etxemendi garraio enpresak autobus gidari baimena lortzen lagundurik, gidari lanetan hasia da han bertan. «Biziki kontent naiz den-denekin».
'Gaixo etxen dena'
Turkian pausatu arte, harremanak oro moztuak izan zituen zenbait hilabetez etxekoekin. «Ez nuen telefonorik eta Internet ez nuen ezagutzen». Azkenean, harremana egin zuen. Beharrik, bazterrak larrituak baitziren etxean: «Denek uste zuten hila nintzela». Euskal Herrian plantatuz geroztik egun guziz deitzen dute elkar.
Burasoak Afganistanen bizi dira oraino, eta hamaika haurride dira Ahmediren etxean. Haren gisa, bi anaia baditu Europarat joan direnak. Bata Bretainian bizi da; bestea, talibanek 2021ean boterea berriz hartuz geroztik joan da ihesi, eta Nizan da (Okzitania). Haurra zela, ez zuten telefonorik Ahmediren etxean. Gaur egun, hilabetero laguntzen ditu eskura dituen irabaziekin.
Guziz tristea zaio, 2021etik talibanak boterera itzuli baitira Afganistanen. Dioenez, ez dira jende fidagarriak: «Jende faltsua da, arrunt. Ezin zaie fidatu. Parean gisakoarena egiten dute, baina ez dakizu gibeletik zer eginen dizuten». Ahmedik dio ez dela erlijio arazoa, baizik eta politikoa edo botere joko bat. «Ez dute bururik; hiltzea baizik». Talibanen agintea dena debeku dela esplikatu du: «Emazteei ez diete uzten eskolara joaten; 6 urtetik goiti, haurrek ez dute haizu eskolara joatea gehiago. Emazteek ez dute eskubiderik erosketa egitera joateko bakarrik, edo parkera beren haurrekin. Ez dute deusetarako eskubiderik, etxean egotea baizik». Gizonak ere barrandatuak direla erran du Ahmedik.
«Herrialde anitz etorri dira gure herrira gerrarako. Ez dira gure laguntzeko etorri, hori segur da, nahiz kontrakoa erraten duten»
BASIR AHMEDIMigratzailea
Amestuko luke familia beregana jiten ahal balitz, Baigorrira. «Biziki atxikiak gara familiari, eta gogorra da hain urrun izatea». Bereziki ama eta aita nahi lituzke jinarazi. Amak 66 urte ditu, eta osagarri arazoak baditu. Aitak 75 urte ditu. «Baina konplikatua da biziki». Duen itxaropen bakarra, egun batez frantses hiritartasuna eskuratzea da, haien ekarrarazteko baimena galdegiteko. «Ez dakit zenbat denbora beharko duen, eta ez dakit onartuko didaten». Gizarte laguntzaileen bidez egin dute galdea, eta, gutienez, hiru urte behar dira erantzun bat ukaiteko, Ahmediri erran diotenez.
Arte horretan, Said Hakim koinata jin zaio Baigorrira. Turkian luzaz egonik, azken bi urte horietan Perpinyan zen (Herrialde Katalanak), baina ez zen ongi han. Euskal Herrian nahi luke lan bat aurkitu sukaldaritzan. «Biziki sukaldari ona da». Emaztea —Ahmediren arreba— eta haurrak egun batez harengana jiteko esperantzarekin.
«Zuekin bizitzeko etorri naiz»
Ahmedik dio bere burua «berriz atzeman» duela Euskal Herrian bizibidea egituratuz geroztik, eta etorkizuna esperantzarekin ikusten du, egun. «Ez dut ene burua lanjerrean ikusten, ez eta arazorik ere. Engoitik harreman anitz egin dut hemen, herrian, eta ongi sentitzen naiz. Denek laguntzen naute».
Ongi gertatu zen Baxenabarren Ahmedi, bereziki jendeak egin zion harrera beroagatik, bai eta inguruneak sorterria oroitarazi diolako ere. «Natura biziki maite dut, gure herrialdea ere biziki menditsua da. Zinez maite dut mendia eta lasaitasunean bizitzea».
Ez du kentzen gogokoago lukeela Puli Khomrin bakean bizi balitz etxekoekin. Badaki Afganistanek nazioarteko geopolitikarentzat duen lekua izanik, gutizia anitz pizten dituela aspaldian eta gerlen kokaleku egin dutela. «Herrialde anitz etorri dira gure herrira gerrarako: errusiarrak, amerikarrak, frantsesak, alemanak. Ez dira gure laguntzeko etorri, hori segur da, nahiz kontrakoa erraten duten. Denak jin dira aberastasun parte bat hartzeko; aberastasun franko baititu gure herriak. Dena badugu, baina zoritxarrez deus ez dugu». Ahmedi ez zen hautuz partitu, beharturik baizik. «Nehork ez du herritik eta etxekoengandik bere baitarik joan nahi».
«Nehork ez du galdegiten zergatik haiek joan daitezkeen atzerrirat arazorik gabe, baina ez atzerritik etorritakoak»
BASIR AHMEDIMigratzailea
Arrazakeriarik ez du pairatu Euskal Herrian Ahmedik. Nahiz badakien badela arrotz gisa ikusi duenik. Behin, adin bateko gizon batekin bizi izandakoa kontatu du. «Ez ninduen biziki maite, eta uste zuen arabiarra nintzela —aljeriarra edo marokoarra, ez dakit—. Hemen Frantzia zela zioen». Ahmedik jakin zuen gizon horren semea Kaxmirren bizi zela. «Orduan, galdegin nion haren semea Kaxmirren atzerritarra zenetz? Baietz. Beraz, nire gisan errefuxiatu bat da?». Horretan, ulertarazi zion ez zirela egoera berak erresuma bateko edo bestekoa izanez. Batzuentzat hautuzkoa zena besteentzat bortxazkoa zela. «Nehork ez du galdegiten zergatik haiek joan daitezkeen atzerrirat arazorik gabe, baina ez atzerritik etorritakoak», trenkatu du Ahmedik. Esplikatu du, halaber, Frantziako armadak zer egin duen Afganistanen. «Badakizue Frantziako militarrek zenbat jende hil dituzten Afganistanen... milaka. Egia zein den ez badakizu, nekez har dezakezu erabaki ona». Delako adineko gizonak, hondarrean, barkamenak galdegin zizkion.
Milioika zibil hil dira Afganistanen herrialde desberdinetako armadengatik, Ahmedik argitu duenez. «Baina gu ez gara arrazistak. Gauza horiek iragan dira, baina ni hona etorri naiz bizitzeko. Zuekin bizitzeko».