'La Negresse' izena salatu zutenei heriotza mehatxuak egin dizkiete

Oroimenak eta Partekatzeak elkarteak salaketa jarri du, ziberjazarpenagatik eta heriotza mehatxuak jasotzeagatik. Elkarteak joan den otsailean erdietsi zuen Miarritzeko Herriko Etxeak 'La Negresse' auzo izena aldatu behar izatea.

Karfa Diallo Oroimenak eta Partekatzeak elkarteko lehendakaria bere auzi egunean, Baionan, 2020an. BOB EDME
Karfa Diallo Oroimenak eta Partekatzeak elkarteko lehendakaria bere auzi egunean, Baionan, 2020an. BOB EDME
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko apirilaren 9a
16:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Oroimenak eta Partekatzeak elkarteak ziberjazarpena jasan du, eta heriotza mehatxuak egin dizkiote azken asteetan; Karfa Diallo elkartearen sortzailea ere eraso horien biktima izan da. Ezezagunen kontrako bi salaketa ezarri zituzten atzo, Bordeleko auzitegian (Okzitania), oraingoz erasotzaileak ez baitira identifikatuak izan; ehundaka mezu elektroniko eta dei anonimo errezibitu dituzte. Salaketarik bat elkarteak ezarri du, eta, bestea, Diallok berak.

Sud Ouest egunkariak agertu duenaren arabera, zera idatzi dute erasotzaileetarik batzuek, adibidez: «Edo zuen pitokeriak gelditzen dituzue, edo gauzak nik konponduko ditut. Autoko kutxan lehenik eta Aturrira gero. Odola izanen da, bizia infernu bilakaraziko dizuet. Zuen matrikulak baditut, zuen helbideak. Ez naiz segur Poliziak babestuko zaituzten».

Bordeleko Dei Auzitegiak joan den otsailean hartu zuen azkeneko erabakiarekin lotuak dira erasoak: Miarritzeko Herriko Etxeak La Negresse auzo izena aldatu beharko du. Hain zuzen ere, Oroimenak eta Partekatzeak elkarteak zuen bide judiziala abiatu, 2020an. Hatsarre-hatsarretik salatzen dute izendapena «arrazista eta sexista» dela; azkenekoz, beraz, Bordeleko Administrazio Auzitegiak ebatzi zuen baietz, «giza duintasunari» eragiten diola.

Kasik segidan Estatu Kontseilura jotzeko asmoa iragarri zuen Maider Arostegi Miarritzeko auzapez errepublikanoak, eta beste helegite bat ere jarri zuen, argudiatuz auzoari izena eman zion erabakia ez dela existitzen. Izan ere, administrazio auzitegiaren erabakiaren funtsa da bertan behera uztea 1861ean auzoari izena emateko herriko etxeak hartu zuen deliberoa. Baina herriko etxeak orain dio delibero hori ez dela inon ageri eta, beraz, ezinezkoa dela haren kontra egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.