'La Negresse' auzo izenaren geroa administrazio auzitegiko epaileen esku gelditu da

Izen arrazista ez da giza duintasunaren aurkakoa, Paueko Administrazio Auzitegiko txostengilearen hitzetan. Memoires et Partages elkarteak izen hori kentzeko eskaera egina du.

Miarritzeko aireportuko biribilguneko bide seinalea, 'La Negresse' izenarekin. IñAKI ETXELEKU
Miarritzeko hainbat bide seinaletan erabilia da La Negresse izena. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki - Iñaki Etxeleku
2023ko abenduaren 7a
17:50
Entzun

Paueko Administrazio Auzitegiko epaileen esku gelditu da erabakia: Miarritzeko (Lapurdi) La Negresse auzo izena ez da «giza duintasunaren kontrakoa», auzitegiko txostengile publikoaren hitzetan. Herriko etxearen iritziarekin bat egin du Pauen (Okzitania) iragan den auzian, gaur. XIX. mendean Napoleonen soldaduek auzo horretako ostatu batean ari zen emazte beltz bati jarri izenari dagokio izendapen hori. Azken urteetan, polemika iturri bilakatu da.

«Izena 1861ean hautatu zen, esklabotza abolitzen ari zirenean; bertako oroimen borondate bati erantzuten zion, ez du arrazakeriarik», azaldu du Virginie Dumez-Fauchille txostengileak, Sud Ouest egunkariaren arabera. «Terminoa gutxiesgarria da, eta herriko etxea bultza dezake bere kabuz aldatzera, baina hura atxikitze hutsa ezin da giza duintasunaren aurkako erasotzat hartu», ebatzi du. Epaileek izanen dute azken hitza. 

Orain dela hiru urte jarri zuen helegitea Memoires et Partages (Oroimenak eta Partekatzeak) elkarteak. «Herriko etxearekin bitartekaritzan aritzeko eta elkarrizketa demokratikoa abiatzeko egin ditugun saiakera guziak hutsalak izan dira: horregatik egin dugu», esplikatu du Karfa Sira Diallo elkarteko buruak Frantziako Sud Radio irratian egin dituen adierazpenetan. «Zailtasunak dituzte ulertzeko pertsonen duintasuna errespetatzea dela jokoan». Nabarmendu du inork ez lukeela onartuko beste komunitate edo herri batzuetzat iraingarria litzatekeen esamolde bat auzo izen bilakatzea. William Bourdon abokatuaren hitzetan, litekeena da afera Frantziako Estatu Kontseiluak ebatzi behar izatea ororen buru.

Memoires et Partages herri heziketako elkartea da, eta beltzen trafikoaz eta esklabotzaz oroitzeko lana darama Bordelen, Arroxelan eta Naoneden. Badu zenbait urte Miarritzeko La Negresse auzo izenaren berri baduela, eta hura salatzeko protesta egin zuten G7ko goi bileraren harira, 2019an. Frantziako Polizia bortizki oldartu zitzaien, eta Karfa Sira Diallo, elkartearen sortzailea, bortizki arrastatu zuten. Epaiketa egin, eta errugabetzat jo zuten 2021eko urtarrilean. 

Euskaraz, Harausta

Epaitu zutenean,La Negresse eta gisako izenek gordetzen duten zapalkuntza azpimarratu zuen Diallok, Ipar Euskal Herriko Hitza-n egindako adierazpenetan. «Jende anitzentzat zaila da onartzea auzo izen hori ezin onetsia, ahalkegarria dela; historia kriminala erakusten duela. Baina gure helburua ez da miarriztarrei leporatzea beren gain hartzerik ez duten iraganeko ardura bat».

Haren hitzetan, hobena ez dute miarriztarrek, herriko etxeak baizik. «Larria da herriko etxeak erabaki izana 1986an Harausta euskal izenaren kentzea, La Negresse izena atxikitzeko. Zuzengabea da euskal kultura eta hizkuntzaren aldera —hizkuntza krimen bat da kasik, mendeetako euskal izena kendu baitzaio hola—, eta hautatu dute beste izen bat, alimale edo basa mailara azpiratu nahi den komunitate baten izendatzeko erabiltzen zutena. Parekatu daitezke bi zuzengabekeriak».

Arras berriki arte oraino, euskal toponimoz izendatzen zen auzoa. Hector Iglesias ikerlariak, 2000. urtean aurkeztu zuen tesi lanean, xehe-xehe ikertu zituen Baiona, Angelu eta Miarritzeko leku izenak. Argiki erakutsi zuen nola Miarritzeko geltokiaren inguruko auzo hori HaraustaHarraustaHeustarre edo Eguastarre deitzen zuten euskaldunek, baita dokumentuetan ere. Arbonako, Bidarteko eta inguruko beste euskaldunek Heustarre izena komunzki baliatzen zuten oraino XX. mendearen hondarrean. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.