Gaur eta bihar epaituko dute Egoitz Urrutikoetxea Parisen, 2003an eta 2005ean ETA zeneko kide izatea leporatuta. Bi prozedura ezberdin bateratu dituzte, 2003koa bata eta 2005ekoa bestea: lehena 2007an epaitu zuten, eta lau urteko kartzela zigorra eman zioten Urrutikoetxeari; bigarrena 2010ean epaitu zuten, eta hor ere beste lau urteko zigorra eman zioten. Orduan, ez zen agertu bere kontrako epaiketetara, eta atxilotua izan ondotik epaiketak berriz egiteko eskatu zuen. Prozedura akatsak zirela medio, haren kontrako auzibideak instrukziora bidaltzea erabaki zuen epaileak. Gaur eta bihar aztertuko dituzte auzitegian.
2015eko urriaren 7an atxilotu zuten Urrutikoetxea, Parisen. ETAren «aparatu politikoko arduradun garrantzitsutzat» jo zuen Espainiako Barne Ministerioak, baina, «ikerketa iturriak» aipatuta, ordurako ETArekin loturarik ez zuela erran zuen Ser irratiak. Poliziaren arabera, 2003tik zegoen ihes eginda Urrutikoetxea. Parisko Fresnes presondegian aste batzuk pasatu ondoren, azaroaren 13an utzi zuten aske, eta Euskal Herrira itzuli zen. BERRIAri orduan azaldu zion 2009tik gutxienez publikoki eta bere izen-abizenekin bizi zela. Gaur eta bihar iraganen den auzi saioan, aitzineko urteei buruzko argipenak ere emanen ditu.
Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinacce abokatuek defendatuko dute. Lekukoak ere izanen dira, hala nola Monique Elgoihen Lexantzüko (Zuberoa) auzapeza bertako hautetsi da Egoitz Urrutikoetxea, Sophie Wahnich Urrutikoetxea prestatzen ari den doktoretza tesiaren zuzendaria eta Josu Urrutikoetxea, auzipetuaren aita. Haren kontra diren «froga elementu arinak» deseraikitzeaz gain, testuinguruaz ere aritzeko asmoa dute, Egoitz Urrutikoetxeak BERRIAri azaldu dionez. Josu Urrutikoetxearen kasuan bezala, 2005eko negoziazioen harira leporatzen diote hari ere ETAko kide izatea.
Hatz markak egunkarian
2003an eta 2005ean ETAko kideen kontra izandako bi atxiloketatan oinarritzen dira bi prozedurak. Lehenengoan, Egoitz Urrutikoetxearen hatz markak aurkitu zituzten Gara egunkari batean; bigarrenean, gauza bera, Pyrenees Magazine astekari batean. Josu Urrutikoetxearen zaku bat ere aurkitu zuten bigarren operazioan; familiako argazkiak, dokumentu politikoak eta gatazkaren konponbideari lotutako dokumentuak zeuden bertan, eta, oihal batean, Urrutikoetxea aita-semeen DNA aztarnak ere bai.
Horrez gain, bere garaian Frantziako Poliziak egindako txosten bat ere sartu dute prozeduran, 2003ko udatik Egoitz Urrutikoetxea sasian zegoela zioena. Bi elementu horietan oinarritzen dira garai hartan ETAko kidea zela errateko. Alta, Koldo Gorostiaga Euskal Herritarrok-eko eurodiputatuaren idazkari gisa jardun zuen 2004ko urtearen bukaera arte, eta Herritarren Zerrenda hautagaitzaren hauteskunde kanpainako Ipar Euskal Herriko koordinatzailea izan zen, erabat jardun publikoa eginez. Txostena idatzi zuen poliziarekin konfrontazioa eskatu zuten Urrutikoetxearen abokatuek, baina instrukzio epaileak ez zuen onartu.
Elementu horietatik ateratzen duten ondorioa da 2005ean hasiko ziren Genevako (Suitza) negoziazioen prestaketan ari zirela. Josu Urrutikoetxea ere epaitu beharra dute afera beragatik, baina haren kontrako prozedura instrukzio fasera itzultzea erabaki zuen Parisko Dei Auzitegiko epaileak joan den irailaren 13an.
Sagarzazuren aurrekaria
Egoitz Urrutikoetxea ETAko kide izan zela frogatu beharko du epaiketan Terrorismoaren Aurkako Frantziako Ministerio publikoak. Garai hartan Josu Urrutikoetxearekin harremana izan zuela frogatua dago, baina horrek erakundeko kidetza frogatzen ote du? Bestalde, ETAko kideekin harremana izan zuela frogatzera iritsiko balira ere, hori ETAko kide izatea ote da?
Hain zuzen ere, Ramuntxo Sagarzazu ezker abertzaleko militantearen aurrekaria dago hor. 2015eko irailean atxilotu zuten, Baigorrin (Nafarroa Behera), Iratxe Sorzabal eta David Pla ETA zeneko kideekin batera. Baina instrukzio epaileak hura kargugabetzea erabaki zuen, erakunde armatuko kideekin konponbide prozesuaz mintzatzea delitu ez zela ebatzita. Armak zigilatzeko prozesuan ari zen garai hartan ETA erakundea. Urrutikoetxea aita-semeen kasuan galdera berdintsuari erantzun beharko dio Frantziako justiziak. Delitu ote da gatazka armatuaren bukaerara iristeko helburuarekin ETAko kideekin harremanean egotea?
Negoziazioekin lotuta epaituko dute gaur Egoitz Urrutikoetxea
2003an eta 2005ean ETAko kide izatea leporatzen diote. Zortzi urteko zigorra ezarri zioten 2007an eta 2010ean izandako auzietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu